GARA > Idatzia > Kultura

Lantz folk musika taldeak bere lehenengo lan diskografikoa, «Igaran gaiak», kaleratu berri du

Eskarmentu handiko zortzi kantarik eta musikarik osatzen dute taldea. Lan berriak elementu akustiko eta elektronikoak nahasten ditu, eta aldi berean garaikidea eta tradizionala izaterik badagoela erakusten du.

GARA | DONOSTIA

Garbiñe Insausti, Olatz Prat eta Oihana Lekuonaren ahotsak Mikel Errazkin (teklatuak, samplerrak eta programazioak), Xabi Lopez (gitarra akustikoa), Alaitz Telletxea (trikitia), Josean Martin Zarko (bouzouki, gitarra akustikoa eta mandolina) eta Juan Ezeiza (bibolina, txirula, alboka) musikarien doinuekin uztartzen dira Lantz folk musika taldean. Zortziek eskarmentu handia dute musikan, eta hainbat taldetan parte hartu edota hartzen dute egun ere: hala nola, Sorotan Bele, Alboka, Ganbara, Alaitz eta Maider, Garbiñe, Xarnege, Beti Mugan, Karelean, mikelerrazkin & HF...

Nolanahi ere, folka eta bestelako musikak nahastuz gero, besterik sor daitekeenaren adibide ere bada Lantz. Eta, hain zuzen ere, atzo Donostian aurkeztu zuten lan berri honen bitartez elementu akustikoak eta elektronikoak nahasturik aldi berean garaikidea eta tradizionala izaterik badagoela adierazi nahi izan dute musikariek.

Ezinezko amodioetaz mintzo diren erromantze eta zorigaiztoko istorio ilunek «Alostorrea» edo «Agur nere arreba» (Urtsuko kantak) bezalako kantu eta doinu zaharretan dute bere isla. Amodiozko abesti «arraroak» edo bitxiak ere aurki daitezke, gainera, «Maitia Bilhoa Holli» edo «Basoilarrak» kantuetan.

Beren aburuz, horiek guztiak «apartekoak eta originalak diren moldaketa polifoniko eta instrumentalen bidez, entzulearen buruan eta zentzuetan barneratzen dira». Alegia, akustikoak eta elektronikoak topo egiten du, beraz, egun musika folk garaikidea deritzon horretan.

Phamie Gow-ren parte hartzea

Lantzen lan diskografiko berria, «Igaran gaiak» izenburukoa, Mikel Errazkinek berak ekoitzi du.

Atzoko aurkezpenean nabarmendu zutenez, bestalde, beste zenbaiten artean nazioartean aski ezaguna eta ospetsua den Phamie Gow artista eskoziarraren parte hartzearekin ere kontatu dute lan honetan -konpositorea, arpa-jolea, piano-jolea zein soinu-jolea ere bada Gow-.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo