Lanpostuan hildakoen segida amaigabea
Lanpostuan hildako lagunen segida ikaragarria da, eta are ikaragarriagoa haren amaierarik ez sumatzea. Lazgarria da, halaber, Noreddine Gherib, atzo Gasteizen hila, estatistiken arabera arrisku talde batean zegoela egiaztatzea: eraikuntzako langile aljertarra, 27 urtekoa, azpikontratatua eta aldi bateko lana zuena. Bosgarren solairutik erori zen garbiketa lanak egiten ziharduenean. Egun seinalatuetan adierazpen ugari izaten dira lan istripuen inguruan, baina premiazkoa da benetako hausnarketa, enpresaburuek eta administrazio publikoek behar bezala eutsi ez dieten kausen inguruan. Lehenen- goek, prekarietateak bere horretan dirauen artean, nekez eutsiko zaiolako arazo mingarri horri. Guztiz onartezina da langileen indarra ez ezik, bizia ere kostu ekonomikoen barneko galeratzat jotzea. Instituzioek ere hausnartu behar dute benetan lan ezbehar-kopuruaren gainean, ez baita nahikoa lege bat egitea baldin ondoren ez ikusi egiten badute. Lan Arriskuak Prebenitzeko Legeak ez luke edergarri hutsa izan behar, arriskuen kausei aurre egiteko tresna baizik. Eta hausnarketa horrek ondorio argi batera eraman behar ditu: langileen bizia ezin da inondik inora irizpide ekonomikoen mende egon, eta hura babesteko neurriak betetzeak, -eta dagokionak betearazteak- beharrizan saihestezina behar luke.