GARA > Idatzia > Ekonomia

Axeriborda etxaldearen salmentak landalurren espekulazioa agerian utzi du

Landalurraren prezio igoera irudikatzen duen adibidea izan da Axeriborda etxaldearen salmenta. Familien arazoak tarteko, enkantean bukatu du 22 hektarea dituen baserriak. Lehen enkantean finkatutako salneurriak protesta ugari eragin bazituen, bigarren honek, zer esanik ez. Izan ere, azken eskaintza 432.000 euroan geratu da; hasierako prezioaren hirukoitza. Gainera, ez da segurua azken eskaintza izango denik.

Maria AIZPURUA | BAIONA

Bithiriña herrian Axeriborda izeneko etxaldea saldu da. Eraberritu beharrean dagoen etxeak, zenbait eraikin zaharkituk eta 22 hektareako landalurrek osatzen dute Nafarroa Behereko Amikuze eskualdeko etxaldea. Honaino, berri berezirik ez. Alta, nekazal lurrak izateko erosleak ordaindu duen prezioa ez da nolanahikoa izan: 432.000 euro!

Salmenta gorabeheratsua izan da, saltzeko modutik hasita, oinordekoen arteko liskarrak medio, Axeriborda Baionako Epaitegian egindako enkantearen bidez saldu baita. Ez zen, gainera, lehen aldia. Joan den otsailaren 19an lehen enkantea egin zen eta orduan, adituen balorazioak finkatutako 122.000 euroan hasi ziren eskaintzak, 300.000 euroan amaitzeko. Operazioa ez zen, ordea, horretan geratu, egun batzuk geroago eta legeak ahalbidetutako epeetan, 30.000 euro gehiago eskaini zuen erosle berria agertu baitzen.

Araudiak finkatu moduan, bigarren enkantea egin beharra zegoen. Horrela, joan den astelehenean, Baionako epaitegiko aretoan, berriro ere, mukia hiru bider piztu zen. Aspaldiko protokoloa jarraiki, eskaintzak sua itzali bitartean egiten dira. Hirugarrengo piztualdia amaitzerakoan gehiago eskaintzen duen inor ez bada azaltzen, azken eskaintzaileak eskuratzen du ondarea.

Etxaldearengatik halako dirutza eskaini duena aurreko enkantean eskaintza handiena egin zuen pertsona bera da: Alain Gueraçague, Azkarateko merkataria. «Azkenean, haurtzaroko ametsa» gauzatu duela zioen epaitegitik ateratzean. Omen, hamabost urte zeraman antzeko zerbaiten bila eta, merkeago erostea nahiago bazuen ere, biziki pozik zen. Gueraçaguek esan zuen baserria eraberritu eta haragi behien haztegia jartzea dela bere asmoa.

Asmo horiek erabat sinesten ez dituzten asko bada, tartean, SAFER laborantzarako lurren eta baserrien salmentak kontrolatzen dituen erakunde ofizialeko arduradun Jean-Claude Saint-Jean. «Behien ustiatzeak ez du dirutza hori amortizatzeko adina emanen» esan zuen, eta prezioa erabat neurrigabea dela nabarmendu zuen.

Antzeko balorazioak egin dituzte ELB laborarien sindikatuak edota Lur Hatsek. Lurren prezioaren igoera izugarriak laborari berriak instalatzea ekiditen duela-eta, nekazaritzarekin loturiko jardueretan ustiatzaile berrien instalazioan laguntzen duen elkartea aspaldi dabil laborantzarako lurraren espekulazioa salatzen. Enkantea egiten ari zen bitartean, kanpoan protesta egin zuten haserrea adierazteko.

Gero eta maizago errepikatzen ari dira antzeko egoerak Nafarroa Behereako, Zuberoako eta Lapurdiko etxaldeen salmentak izaten baitira. Orain gutxi arte ia soilik kostaldeko eta inguruko lurrak ukitzen zituen merkatuaren eragina barne aldeko landalurretara ere indarrez ari da hedatzen.

Laborariek ezin dute horrelako prezioetan erosi lurra eta, horrenbestez, nekazaritzako esparruaren kontrako erasoa dela irizten diote. Gainera, botere publikoek, batez ere, lurrak kalifikatzeko ahalmena duten hautetsiek beste aldera begiratzen dutela salatzen dute. Saint-Jeanek berak, Axeribordak nekazal jarduera gordeko duenik ez zuen bermatu: «Bithiriñako hautetsien esku dago hori behatzea».

SAFERi kritikak

ELBk berriz, SAFERi leporatu dio bere egitekoa ez duela betetzen, lurrak lehentasunez berak erosteko ahalmena ez duelako erabiltzen.

Espekulazioaren auzi honetan, ordea, ezin ahantzi daiteke etxaldeen jabeek eta beren oinordekoek duten ardura, askotan lurren prezioen igoerak saltzera bultzatzen baititu, batik bat, ustiapenari segida emateko asmorik ez baldin badute.

Axeribordaren aferak haserrea sortu du, baina ez da ezustekoa izan. Ipar Euskal Herriko barne aldeko jarduera ekonomiko nagusia lurperatzeko arriskua gero eta nabariagoa da. Kontua da, nork, noiz eta nola helduko dion gaiari landalurrak urre preziora heldu baino lehen.

SALAKETA

Axeriborda enkantean saltzen ari ziren bitartean, Baionako epaitegiaren aitzinean protesta egin zuten Lur Hats elkartekoek eta laborariek, beren lan-tresna den lurraren emendatzea salatzeko.

HIRUKOIZTU

Adituek egindako balorazioaren arabera, etxaldeak 122.000 euro balio du. Lehen enkantean 300.000ra iritsi zen. Oraingoan, berriz, 432.000 euro izan da azken eskaintza. Hamar eguneko epean, eskaintza igo daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo