GARA > Idatzia > Musika

Bilboko zeru izartsuaren ñir-ñir itsugarria dakar armiarmak

Rolling Stones, Iron Maiden eta Red Hot Chili Peppers taldeek rockaren erdigune bihurtuko dute asteburu honetan Euskal Herria, inoiz ezagutu ez den izar metaketan. Nazioarteko oihartzuna lortu du aurten Bilbao Live jaialdiak, eta bigarren txanpa datorren asterako gorde Metallicaren indar hondatzailea eta Fito & Fitipaldisen hurbilekotasunarekin.

Anartz BILBAO | BILBO

Batek baino gehiagok gorriz markatua zeukan asteburua iritsi da, itsulapikoak hustuko dituena. Gaur hasiko da Kobetamendiko kokagune zoragarrian, hiriko behatokian, Bilbao Live jaialdia bigarrenez. Azter dezagun labur, gaur bazkalostean hasi eta bihar goizaldean bukatu, jaialdiaren lehenengo txanpa.

Eddie britainiarraren gaua izango da gaurkoa, bera baita Iron Maiden heavy talde mitikoaren ikur nagusia. Alta, bada zer gozatu hauen txanda heldu aurretik. Ohi bezala, bi agertoki nagusitan txandakatuko dira taldeak, bazkalostean hasita. 16.30ean, ezkerraldeko Vhaldemar metal taldeak emango dio su metxari. 90eko hamarkada bukaeran sortuak, duela lau urte plazaratutako «I Made my own Hell» dute azken lana, bigarrena. Lauren Harris-ek, Iron Maiden taldeko baxu-jotzailearen alaba, hard rocka joko du gero. Atsedenik hartu gabe, «A Cruel World» aurkeztuko duen Blood Simple metal boskote iparramerikarra. 19.00etan, Stone Sour, Corey Taylor, Slipknot taldeko abeslariaren beste banda.

Hurrengoa zuzeneko ikaragarria duen Mastodon, «Blood Mountain» lan berriarekin. Piztien aurretik Juliette & The Licks, aspaldi honetan gure agertokietan gustura dabilen zinema izar ohia, rockzale amorratua, eta Iron Maidenen atzetik, gauari bukaera emanez, Within Temptation-en heavy opera, Evanescence-ren parekoa. Sharon del Adel-en taldeak «The Heart of everything» du azken lana. Egun indartsua, metala nagusi eta hiru emakume abeslari.

Iron Maiden 22.15ean igoko da beraientzat propio prestatutako agertokira. Efektu berezi zirraragarriak erabiltzen ohituta daude britainiarrak, eta Bilbon ez dira atzean geldituko, erabiliko duten tramankulu andanarekin. 1975ean, punk eztandaren erdian, Steve Harris baxu-jotzaileak eta Dave Murray gitarra-jotzaileak sortutako taldeak hiru hamarkadatik gora daramatza errepidean. Banda tematia, Judas Priest-ekin egin zuen hasieran bidea taldeak, zuzeneko asko partekatuz.

Lehenengo lan luzea, «Metal for Muthas», 1980koa dute. Urte berekoa dugu Eddie panpina ere, harrezkero taldearen ikur edo irudi bilakatu dena, zuzenekoetan nahiz diskoen azaletan. «The Number of the Beast» hirugarren lanarekin mundu mailako ospea lortu zuten 1982an. Boskote jaioa, egun Bruce Dickinson abeslari bikainak, Dave Murray, Adrian Smith eta Janick Gers gitarra-jotzaileek, Steve Harris baxu eta teklatu-jotzaileak eta Nicko McBrain bateria-jotzaileak osatuta dago taldea. «A Matter of Life and Death» (EMI, 2006) da inoizko heavy talde ezagunenetakoaren azken lana, hamalaugarrena.

Belarrietan oraindik kilkirrak ditugula ekingo diogu ostiraleko egun koloretsuagoari. Berriki Musikadero lehiaketa irabazi duen One Direction Drive talde bizkaitarrak esnatuko gaitu biaotik, Berri Txarrak nafarrei txanda emateko. Indartsu dabil Parisen jo berri duen Lekunberriko taldea. Gero, Billy Talent laukote gaztea, punk melodikoa jorratzen duena. 19.30ean Crispian Mills-en talde indarberrituak joko du, Kula Shaker laukote interesgarriak. Iluntzeak abiadura hartuko du Los Angelesko Fishbone talde bizkorrarekin. Angelo Moore-ren taldeak soinu trinkoak garatu ditu azken bi hamarkadetan hiri bereko Red Hot Chili Peppers-ek egin bezala funk, ska eta rocka nahastuz. Aurten Durangoko Plateruenan izan dira.

Erritmo beltzetan sartua, Fermin Muguruzaren egitasmo berria ere etxera itzuli da. Irundarrak Andoaingo gaztetxean joko du gaur Afro-Basque Fire Brigaderekin, bihar Bilbon eta hilabete bukaeran EHZ jaialdian dantzatzeko. Izar nagusien txanda izango dugu ondoren, eta My Chemical Romance-k itxiko du gaua. New Jerseyko boskote oldarkor eta asaldagarria puri-purian dugu egun, «The Black Parade» hirugarren lanarekin.

Gauerdia baino ordu erdi lehenago igoko dira agertoki nagusira Anthony Kiedes, Flea, John Frusciante eta Chad Smith. Iaz ere izan genituen Bilbon, gonbidatu gutxi batzuentzat Guggenheim museo aurrean prestatutako gutizia garestian. Musika beltza rockaren grinaz jantzi eta nahasketa berezia lortu zuten 80ko hamarkadan, gero lan bikainak argitaratu eta ospea lortuz, «Blood Sugar Sex Magic» 1991ko lanarekin bereziki. Burdinazko Damak bezala, milioika disko saldu dituzte eta jet pribatuan hurbilduko omen dira Bilbora, «Stadium Arcadium» bikoitza ikuskizun txundigarrian emateko. Nahikoa ez duenak, har beza atseden, datorren asterako hortzak zorroztuta baitago Metallica, hirurogei mila lagun biltzea espero duen jaialdiko hondarrak biltzeko.

Argibideak

Badira Kobetamendira igo aurretik jakitea komeni diren aholku batzuk. Iaz bezala, jaialdiko eremura taxiz edo autobusez joaterik baino ez dago (harrigarriro eroso eta bizkorra suertatu zena), beraz, autoa uzteko aparkalekua egokituko da BEC erakustazokan asteazkenetik larunbata arte, eguneko 5 eurotan. Autobusak Termibusetik aterako dira bost edo hamar minuturo eta bertaratzeko metroa erabil daiteke, bihartik aurrera udako ordutegian sartu eta gau osoan zehar hara eta hona ibiliko baita. Azken orduan sarrera erosi nahian bazabiltza (berrogeita hamar mila lagunek badu jada berea), hiru txarteldegi irekiko dira eta sarrerak garestitu. San Mamesen, BEC eraikintzarrean eta Kobetamendi sarreran bertan kokatuko dira txarteldegiak, asteazken eguerditik ostiral goizaldera arte. Gainera, kontzertuen eremura sartzeko sarrera eskumuturreko baten trukean aldatu beharko da, ohi bezala.

Iazko eredua jarraituz, aurten ere doako kanpalekua jarri dute, atzo eguerditik datorren igande arratsaldera arte, uztailak 1, zabalik egongo dena, eta bertara sartzeko derrigorrezkoa izango da jaialdirako sarrera izatea. Erosoago gerta dadin, bi gune jarri dituzte aurten, lau eguneko bonoa dutenentzat bata, eta beste guztientzat bestea. Baimenduta dago jana eta edana kanpalekuan sartzea, ez ordea kontzertuetako eremura.

Jaialdiko sarrera egunero 16.00etan zabalduko da eta 07.00etan itxi, kontzertuen ondoren disko jartzaileak arituko baitira karpan. Musikaz gainera, txosnak jarriko dira otarteko zein edariekin, eta disko, erropa eta beste erosteko aukera ere izango da.

Bukatzeko, aipatu osasun zerbitzua jarriko dela jaialdiaren sarreran, sendagile, larrialdietarako ospitale eta guzti, ikus-entzuleen lasaitasunerako.

Fitxa

Data: Gaur eta bihar eta osteguna 28 eta ostirala 29.

Lekua: Kobetamendi (Bilbo).

Ordua: Ate irekitzea 16.00etan. Kontzertuen hasiera 16.30ean.

Sarrera: Bonoak (lau egunetakoak, 180 euro; asteburu honetakoa 110; datorrena 90). Eguneko sarrera 65 euro (28koa: 35 euro).

Informazio gehiago:

<www.bilbaobbklive.com>.

AHOA BETE HORTZ

Edozein musikazale ahoa bete hortz uzteko moduko afixa aurkeztu du aurtengo Bilbao Live jaialdiak. Etxeko talde sonatuekin batera -Fermin Muguruza edo Fito & Fitipaldis bezala-, Red Hot Chili Peppers edo Iron Maiden taldeak aste honetan, eta Metallica azkenburuko legez.

Inoiz bizi izan dugun jaialdi erraldoiena

Last Tour International, bizkaitar enpresa antolatzaileak, jaialdi erraldoiak antolatzeari neurria laster hartu dio, antza, eta laguntza publikoa profitatuz Kobetamendin izango dira Iron Maiden gaur eta Red Hot Chili Peppers bihar. Izenak izana ekar dezan, sekulako jauzia egin du iaz koxkorturik jaio zen jaialdiak aurten eta, aurrezki kutxaren laguntzaz, inoiz Euskal Herrian izan dugun rock ekitaldirik erraldoiena garatu, nazioartean lehenengo lerroan den talde sorta ederra gurera erakarriz.

Iaz uztail erdi aldera egin zuen debuta Bilbao Livek. Hiru egunetan zehar Axel Ros-en Guns'n'Roses berriak edo Calamaro eta Roten elkartzea izan zituen izar nagusi disko jartzaileei ere arreta berezia eskaini zien jaialdiak. Laguntza publikoaren auzia albora utzita (oraindik rock musika ere kultura dela aldarrikatzen ibili behar al dugu?), euskararen erabilera, salneurriak eta bertoko taldeen presentzia urria izan ziren iaz kritika nagusiak. Aurten, hizkuntzaren erabilera ikusteke dagoela eta salneurri garestiekin (punta-puntako taldeak ikusteko), kokagune paregabean joko duen taldeen laurden bat, zortzi, euskalduna dugu (tartean Muguruza, Berri Txarrak edo Fito sonatuak).

A. BILBAO

Zorabiatzeko moduko zenbaki sorta

Aurten zazpi milioi eta erdi euroko aurrekontua duen jaialdia ospatzeko (Udalak milioi eta erdi euro jarriko du) Bilboko Udalarekin 2009 urtera arte dute egina hitzarmena antolatzaileek. Gutxienez beste bi urterako egongo da, beraz, zer entzun Kobetamendin.

Iazko debutean 43.000 ikus-entzule inguru zenbatu zituzten hiru egunetan. Aurtengorako kopuru hori bikoiztea da helburua (antolakuntzak 90.000ra heltzea espero du, 22.000 inguru eguneko) eta dagoeneko salduak dituzte Iron Maiden entzuteko 12.000 sarrera, RHCP entzuteko 20.000, Fito entzuteko 10.000 eta Metallicarako 30.000 inguru (azken egun honetan aurreikuspen guztiak apurtzeko arriskua dago).

Talde nagusiak jet pribatuan etorriko dira joko duten egun berean eta Metallica da Bilbo ezagutzeko asmoa agertu duen bakarra. Kontuan hartu beharra dago izar handiek berrogeita hamar lagunetik gorako taldeak mugitzen dituztela haien ikuskizunak prestatzeko.

Bestalde, Juliette Lewis antzezleak 34 urte beteko ditu Bilbon ekainaren 21ean eta hirian bertan ospatuko ei ditu. Adi tabernetan.

A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo