GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Prentsaren paperaren funtzioa

Ez dakit zuek baina nik behintzat ezin eguna ondo abiatu prentsari ganoraz- ko begirada zabala eman arte. Normalean tabernan egiten dut hori, kafea lagun, baina oporren atariko honetan etxeko komunean ber- tan egiten dut, kafea lagun beti ere, lasaitu batean. Iraken zer berri, Pakistaneko aurre-azkena, Nafarroako gobernurako bidearen sigi-saga, Gipuzkoako errauste-plantaren egunekoa, San Mameseko katedralekoa, kirolak, herriko jaiak, eskelak eta kito! hasi bekit eguna! eskolatuta nago, bihar arte behinik behin, itaundu nazatela! Eta horrela egunero. Gauza handia da paperezko prentsarena. Gainera, prentsa da seguruenik eguneroko gauzen artean gehien berrerabiltzen duguna, konturatu gabe ere, honetan edo hartan. Baina, jakina, prentsa dena ez da berdina, ez eta hurrik eman ere, prentsaren bat berrerabil ezinezkoa da, are gehiago irakurri ezinezkoa, eta hondakin toxiko modura tratatu beharra dago; badakizu dioxina eta hori guztia.

Horra, kasuko, entzierroak. Zezenek ez dakite Estafetatik kalean gora ibiltzen aurrean doazen horiek ez badute prentsa eskuan ageri. Eta primeran bereizten dute zer prentsa den bakoitzarena: kasu batzuetan morroia lurrera bota eta prentsari begira geratzen dira, irakurri gurarik edo; beste batzuetan, ordea, morroia lurrera bota eta zer prentsa duen konturatzean adarkada hasten zaizkio morroiari, eta azaleko argazkian agertzen direnei ere berdin. Korrikalari batzuek begirune gehiago beharko liokete izan eskuko prentsari.

Horra, kasuko ere, Tourrarena. Txirrindulariak mendate puntara banaka heldu eta errepidean behera hastear direla zer egin eta prentsa sartzen dute maillotaren azpira, beherakoan haizeak giltzurrunak harri bihurtu ez ditzan; batzuetan goi mailako teknologia sobera dagoen seinale. Baina horretan ere prentsa dena ez da berdina, ez horixe, eta prentsaren bat azpira sartuz gero itzelezko hotzeriarekin heltzen dira behera, doministikuka eta mukia bizikletaren eskulekuraino heltzen zaiela. Eta bazterretik begira dauden zaleek ere ondo dakite, jakin ere, zer prentsa zertan erabili: ganorazkoa, irakurri ondoren, burura, eguzki-galdatik babes; bestea, irakurri gabe, pra- kako atzeko poltsikoan gorde, bazkalondoko gorputz-beharrak datozenerako. Bai, prentsaren papera prentsaren funtzioa baino askoz ere garrantzitsuagoa da, sarri askotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo