GARA > Idatzia > Gutunak

Agustin Rodriguez, Alaitz Jauregi, Josetxo Ibazeta ANVren Donostiako udal taldearen izenean

Ez zarete ongi etorriak

Bihar Karmengo Amaren eguna ospatzen da, eta arrantzaleek merezi duten omenaldia jasoko dute. Donostiako arrantzaleek ere ongi baino hobeto merezitako berotasuna sentituko dute Karmenetan, Kaian egingo zaien ekitaldi xume eta hunkigarriarekin. Hala ere, Karmengo Amaren eguna data gazi-gozoa izango da beste behin ere donostiarrontzat. Gazia, Espainiako Armadak Karmengo Amaren Egunean desfilea egingo baitu beste behin ere. Santa Maria elizan meza egin ostean, Espainiako Armadako eta Poliziako zein Guardia Zibileko buruek desfilea egingo dute Nautikoraino. Bertan egongo dira, beraz, gure kaleak sufrimenduz betetzen dituzten indar armatu eta polizialen arduradun nagusiak.

Espainiar indar armatuen desfilea probokazio hutsa da donostiarrontzat. Indarkeria lanbide duten, eta horrenbeste sufrimendu sortu duten errepresio tresna horiek gure kaleetan harro-harro ibiltzea iraina baino ez da. Desfile anakroniko honek urte luzeetako zapalkuntza iraunaraztea beste xederik ez du. Demokraziak 30 urte bete dituela diote hitzetik hortzera, baina guri paseotxo militar-erlijioso honek beste garai batzuk dakarzkigu burura. Donostiarron gogoz kontra kaian Azor yatea utzi, eta gure hirian udara igarotzen zuen faxista txikia dakarkigu gogora. Uztailaren 18 batean protagonista berak izan zituen estatu kolpea gogorarazten digu; Donostian horrenbeste hildako, zauritu, atxilotu, torturatu eta errefuxiatu eragin zituen estatu kolpea. Zoritxarrez, gertaera hauek guztiak ez dira aspaldiko kontuak.

Indarkeria erakustaldi hauen guztien gainetik, ezker abertzaleak tinko jarraituko du konponbide demokratikoaren alde lanean. Izan ere, konponbide demokratikorako aukerak zabalik jarraitzen du gure herrian. Ezker Abertzaleak konponbide demokratikoa lortzeko xedez plazaratu du Marko Demokratikorako proposamena; gatazka behin betikoz gainditzeko gutxieneko demokratikoak jasotzen dituen proposamena. Alegia, erabakitze eskubidea bideragarri egingo duen lau herrialdetarako autonomia proposamena. Ezker abertzaleak gaur, atzo bezala, bere konpromiso osoa agertu nahi du behin betiko konponbidea lortzeko. Eta konponbidea benetakoa izan behar bada, gerra egitera etorritako indar armatuek alde egin behar dute Euskal Herritik. Hori dela eta, indar okupatzaileek gure kaleetan tokirik ez dutela aldarrikatu, eta egun horretan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitutako elkarretaratzearekin bat egiten dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo