Ia ehun musika ekitaldi prestatu dituzte Bilboko Aste Nagusirako
Aurten 90 musika ekitaldi baino gehiago egongo dira Bilbon dauden agertokietan. Estilo askotako talde eta bakarliek joko dute Aste Nagusiko bederatzi gauetan. Chayanne-ren kontzertua bertan behera gelditu den arren, maila handia izango da Bizkaiko hiriburura etorriko diren euskal eta nazioarteko abeslari eta taldeen artean.
Ianire RENOBALES | BILBO
Urtero gertatu ohi den bezala, 2007ko Aste Nagusiak estilo aniztasuna eta laurogeita hamar musika ekitaldi baino gehiago izango ditu hirian dauden zortzi agertokietan. Isabel Sanchez-Robles Turismo eta Jai zinegotzia eta Joseba Rosales Bilboko Udaleko Jaietako Bulegoko burua arduratu ziren musika programazioa aurkezteaz atzo Bilboko udaletxean izan zen prentsaurrekoan.
Haiek azaldu zutenaren arabera, Jai Batzordeak eta Bilboko Udalak erritmoz jositako bederatzi gau prestatu dituzte hiriburuaren festak ospatzeko, abuztuaren 18tik 26ra bitartean. Ekitaldiak Botika Zaharrean, plaza Barrian, Areatzako kioskoan, Abandoibarrean, Areatzan, Gizakundean, Parkeko Pergolan eta Itsasadarreko pasealekuan izango dira.
Aurtengo bereizgarrietako bat agertokiak espezializatzea izango da; eskaintza handia egongo da aukeran, eta, horiek hala, espazioak musika motaren arabera identifikatzea da helburua.
Lehenak, Los Inconscientes
Bosgarren urtez, Botika Zaharrean antolatu dituzte kontzerturik jendetsuenak. Kokagune horretan ematekoa zuen hilaren 18an, larunbatean, Chayanne abeslariak kontzertua; azken unean, ordea, bertan behera gelditu da. Ondorioz, artistaren lekua betetzeko asmoz, eta 20.000 euro gehiago ordainduta, bi talde etorriko dira: Los Inconscientes eta The Pogues. Gaztelaniaz abesten duenak estreinatuko du agertokia, Extremoduroko kide ohiek osatzen duten taldeak. Horren ostean, The Pogues-ek joko du, 80ko hamarkadako Irlandako talde erradikalak. 1982an elkartu ziren Londresen Pogue Mahone izenpean, eta, ordutik, Irlandako folk tradizionala punk estiloarekin nahasten dute.
Hurrengo egunean, igandean, Dover Madrilgo taldea izango da hiriburuan. Hamabost urtetik gora daramate kideek elkarrekin. Astelehenean, Alex Ubago euskaldunari iritsiko zaio txanda, eta iaz kaleratu zuen estudioko hirugarren diskoa izango da kontzertuaren oinarria. Violadores del Versok joko du asteartean. 1994an sortutako laukoteak maketa eta lan ugari egin du. Gau horretan bertan, Tote King Sevillako raperoa izango da agertokian; 2002an hartu zuen bakarlari bidea.
Asteazkenean, hegoaldetik soinuak ekarriko ditu Los Delincuentes taldeak, rocka eta flamenkoa nahasten dituenak, eta ostean El Arrebatori utziko dio lekua. Horrek azken diskoko kantak abestuko ditu, eta poza, tristura eta maitasuna hartzen ditu gaitzat.
Ostegunean, Lujuria taldea bertaratuko da. 2008an 15 urte egingo dituzte elkarrekin kideek, eta harekin batera, Baron Rojo etorriko da Bilbora. Azken horrek 25 urte beteko ditu musi- karen munduan, eta ospatzeko, CD bat eta DVD bat grabatuko ditu emango duen kontzertuarekin. Ostiralean, Mago de Oz taldearen azken lana entzuteko aukera izango da eta, Botika Zaharreko kontzertuak amaitzeko, larunbatean, Miguel Bosek bere arrakastak abestuko ditu saioan.
Bestalde, Abandoibarrean, Nena Dakontek, La Unionek, La 5ª Estacionek eta Pig Noisek joko dute. Euskaldun taldeek ere joko dute, Kerobia eta Eskalariak taldeek, eta plaza Barrian, Milladoiro eta Karidadeko Benta egongo dira. Pergolan, ibilbide luzeko musikariak: Mochi, Jose Guardiola, Pablo Abraira, Formula V eta Los Diablos. Areatzako agertokian, bertako taldeak eta nazioartekoak egongo dira.
Gainera, aurten Aste Nagusiak musikarako beste espazio bat izango du: Itsasadarreko pasealekua. Bertan, Jaime Marquez, Tulsa eta Smile arituko dira.
Mota askotako musikariak elkartuko dira Bilbon: ibilbide laburrekoak, hamarkadetan aritu direnak, euskaldunak, nazioartekoak... Guztiek zapalduko dute Bizkaiko hiriburua.