GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Gero eta urrunago joan ohi gara paradisuaren bila

Erdi hutsik daude herri batzuk abuztuan, biztanleek egunerokotasunean etena egiteko beharra sentitu dutelako eta bertzelako kulturak ezagutzera eta haietatik ikastera abiatu direlako, beren burua berritzera, emozio bila... edo bizilagunari postal koloretsuak bidali eta inbidia ematera. Irungo San Migel auzoko Eroski agentzian izan gara, Itziarrekin eta Vanessarekin horretaz eta bertze hainbat kontuz solasean.

p004_f01_182x161.jpg

Maider IANTZI

Oporrak hartzean maleta prestatu eta kanpora joaten da jende anitz. Lizarrako kanpinera edo Erromara. Tunisiako basamortuan 4x4 autoan ibiltzera, New Yorkeko kultur nahasketaz gozatzera edo Bali Jainkoen Uharteko landaretzarekin harritzera. Bidaiak merketu, distantziak laburtu eta leiho berriak ireki dira; lagun gehiagok du orain hegazkina, trena, autobusa edo autoa hartu eta gustuko tokiren batean egun batzuk pasatzeko aukera.

Katalogoz betetako armairu handia zabaldu du Itziarrek, bidaia arraroenak edo ezezagunenak zein diren erakusteko; jakinik, hala ere, batzuentzat bitxia dena bertzeentzat normala izaten ahal dela. «Lehengo egunean emakume bat etorri zitzaigun semearentzat zerbait arraroa nahi zuela erranez -ekarri du gogora Eroskiko agenteak-. Brasilera edo Kubara joatea arraroa zen beretzat».

Irungo Ficoban ezkongaien azoka bat egin zuten bikoteei ideiak, gomendioak eta informazioa emateko, eztei-bidaia ahaztezina izan zedin, eta hegazkinez munduari buelta ematea proposatu zieten. Katalogoetan itzuli pila bat ikusi ditugu. Cook kapitainarena da horietako bat eta, 5.500 euro ingururen truke, 26 egunetan hainbat txoko ikusteko aukera ematen du: Madril, Txileko Santiago, Pazko uhartea, Polinesia Frantziarreko Papeete, Sidney, Cairns, Darwin, Bali eta Hong Kong lotzen ditu ibilbideak.

«Bezeroek gero eta toki exotiko, desberdin eta urrunagoetara joan nahi dute. Lehen Punta Canara egiten zituzten eztei-bidaiak, baina orain edozein udatan joan daitezke Dominikar Errepublikara eta leku arraroagoak bilatzen dituzte. Itsas bidaien urtea da aurtengoa; Txina, Vietnam eta Thailandia ere anitz eskatzen dituzte. Helmuga berriak sortzen dira horrela, toki berriak ustiatzen dira eta katalogoak beharretara egokitzen joaten dira», azaldu du Itziarrek, irudi ikusgarriz osatutako orrialdeei begira.

Iguazuko ur-jauziak, ortzadarrak argituta; Rajasthango dantzariak soineko arrosa eta gorri distiratsuak hegaldarazten; emakume bat Benaresko uretan errezatzen; Kathmanduko Gizon Santua, kopeta margotuta, bizar luzearekin eta horiz jantzita; ikuste hutsarekin patxada sentiarazten duen Koreako parke bat, udazken kolorekoa eta ur geldiaren gainean etxe ttipiak dituena; Galapagoetako dortoka erraldoi bat lepo zimurra goiti luzatuta, Alcedo sumendian... Ezezagunak, desberdinak, koloretsuak liluratzen gaitu, eta pertsona eta inguru horiekin egiten dugu amets; benetan bidaiatzeko, ordea, herrialdearen gaineko informazioa izatea hagitz garrantzitsua dela ohartarazi digu agenteak: egoera politikoa zein den jakitea, jateko zein ohitura dituzten eta nola janzten diren, errate baterako. «Batzuetan tokiari buruz ia deus jakin gabe etortzen zaigu jendea. Indiako Taj Mahal zoragarria ikusi dute argazkietan, baina ez dute hango pobrezia izugarriaren berririk. Ez dute susmorik ere nola bizi diren». Bikote ezkonberri bat Thailandiara joan eta ezer jan gabe egon dela kontatu du Vanessak, ez zaiolako janaria gustatu. «Egipton, adibidez, entsaladarik eta egosi gabeko barazkirik ez jateko aholkatzen dute. Ni izana naiz eta oroitzen naiz haragia eguzkitan zintzilik izaten zutela, euliz inguratua, eta pentsatzen nuela ea hori izanen ote zen platerean zerbitzatzen zigutena. Hala zen. Kontuz ibili beharra dago, neurriak hartu, baina zorte kontua da. Nik denetik jan nuen eta ez zitzaidan ezer gertatu», adierazi du.

Hegaldien erreserba, lehenbailehen

Euskaldun gehienek kostaldera edo irletara bidaiatzen dute; Saloura, Benidormera eta Kanariar uharteetara bereziki. Europan, zirkuituak eta «konbinatuak» egiten dituzte gehienbat, hau da, hiri bat baino gehiago bisitatzen dute bidaia berean: Milan, Venezia, Florentzia eta Erroma Italian; Bordele, Paris, Brusela, Amsterdam eta Frankfurt; Catania, Sirakusa, Agrigento eta Palermo Sizilian... Ameriketan, hegoaldea, Karibe eta Estatu Batuak dira euskaldunek aukeratzen dituztenak. Askok New York eta Punta Cana bisitatzen ditu bidaia berean, edo New York eta Riviera Maya bertzela. Afrikan, Tunisia eta Egipto gailentzen dira. Tunisiara 300 euroan joan daiteke astebete pasatzera eta basamortuan barna zirkuitua egitea ere prezioaren barrenean dago.

Hala ere, prezio merkeenak bidaia egin baino astebete lehenago izaten direla jakinarazi dute Eroskiko agenteek. Hegaldietan alderantziz gertatzen da: urtebete lehenago egin daiteke erreserba gehienez, eta zenbat eta geroago egin orduan eta garestiago izaten da, tarifak aldatzen joaten direlako. Hegaldiak erreserbatzeko informatika sistema berbera erabiltzen da mundu guztian; Amadeus izena du, kodigoz osatuta dago eta une batetik bertzera aldatzen dira zenbakiak. Interneten nabigatzen dugunean agertzen zaigun programa ere Amadeus da; kodigoak beharrean izenak erakusten dizkigu, ordea. Gainera, agentzietan ez bezala, hegazkin konpainiak zuzenean saltzen digu txartela eta ez dugu komisiorik ordaindu behar.

Itziarrek eta Vanessak nabaritzen dute Interneten eragina lanean, batez ere hegaldiak bilatzean. Bartzelonatik Palmara joateko eskaintzak bilatzeko eskatu zieten joan den egunean; «Baina Interneten merkeagoa zen...», kexatu zitzaizkien prezioaren berri ematean. Itziarren ustez, agentziak ez dira desagertuko: «Bezeroari konfiantza ematen badiogu, guregana etorriko da bidaia erostera. Gainera, Internetek ematen ez diona ematen diogu: laguntza, informazioa, aholkua, segurtasuna... Zer edo zer gertatuz gero, badaki hemen gauzkala». «Iruzur anitz izaten da Interneten -gaineratu du Vanessak-. Gertatu izan da apartamentu batean lekua hartu eta hara ailegatzerakoan apartamentu hori existitzen ez zela ikustea. Nori deitzen ahal dio orduan erosleak?». Bertzalde, norabait joateko gogoa izan dezake norbaitek eta nora joan nahi duen ez jakin. Agenteek ideiak ematen ahal dizkiote.

Bidaia antolatuek segurtasuna eta erosotasuna ematen dute, baina uzten al dute aukerarik herrialdearen errealitatea eta biztanleen bizimodua ezagutzeko? Aho batez erantzun digute ezetz bi langile gazteek. «Ikuspegi orokorra du bidaiariak, toki ugari bisitatzen du denbora laburrean, monumentu pila bat ezagutzen ditu, erakutsi nahi diotena ikusten du soilik; ez herritarrak nola bizi diren. Horretarako motxila bizkarrean hartu eta bere kontu ibili behar du», azaldu dute. Tarteko zerbait egiteko aukera ere badu: bidaia antolatua hartu eta egun libreak baliatu bere kasa ibiltzeko.

Orain dela hiru urte ireki zuten Irungo Errenteria kaleko agentzia ttipia, eta langileek bezeroak ezagutzen dituzte. Auzokoak dira, herritarrak, eta luze aritzen dira kontu kontari Itziarrekin eta Vanessarekin. Bisitaren unean zenbait lagun sartu da erositako txartelen bila. Emakume bat Santanderrera joatekoa da seme-alabekin, eta kontent-kontent daude haurrak.

Turismoa: oztopoa edo bultzada?

Hirukoteak alde egin duenean, turismoak baliabide guti duten herrialde pobreek eta askatasunik gabe bizi diren biztanleek horrela jarrai dezaten laguntzen duen edo ez hausnartu dugu. Vanessak dokumental bat ikusi berri du telebistan, Brasilgo oihan batean turisten diruarekin bizi den tribu batena, eta bidaiarien aitzinean antzezpen moduko bat egiten dutela iruditzen zaio, garatu eta aitzinera egin gabe. Mesedegarria edo kaltegarria da turismoa kasu horretan? Egia da, halaber, biztanleek ideia berriak ezagutzen dituztela bidaiariei esker; bertze leku batzuetan nola bizi diren jakin dezaketela.

 

euro inguru

balio du Cook kapitainaren itzuliak. 26 egunetan munduari buelta ematen dio bidaiariak, Txile, Polinesia, Australia, Txina eta Indonesia zeharkatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo