Parlamentutik kanpo bazterketa giro latza
Nafarroako gobernua osatzeko prozesu korapilatsuak ikusmin berezia sortu du. Izan ere, Nafarroari buruz hamaika lerro eta orri idazten diren bitartean, arrisku handia dago herrialdearen egoera orokorra ahazteko. Neurri handi batean, publiko aurrean agertzen den «krisi politikoaren» muga Nafarroako Jauregian dago, hortik kanpo ezer gutxi gertatu izan balitz bezala. Hala ere, ezohiko egoera politiko horrek zerbait islatzen badu, zera da: Nafarroan normaltasun demokratikorik ez dagoela. Nafarroaren aniztasuna aldarrikatzen eta gizartearen sektore batzuen aurkako bazterkeria salatzen joan da Fernando Puras PSNko hautagaia. Alderdien Legearen itzalpean osaturiko legebiltzarrera mugatzen du Purasek bere hausnarketa. Zoritxarrez, Parlamentutik kanpo egoera ez da samurragoa nafar asko eta askorentzat. Hala nola ikasturte berrian berriz ere seme-alabak euskaraz hezteko arazoak izango dituzte guraso askok, eta oporretatik bueltan, PSNren laguntzarekin UPNk bultzatu duen eredu ekonomikoak bere horretan jarraituko duenez, horrek dakartzan ondorio latz guztiak pairatuko dituzte langile nafar askok. Nafarroako parlamentariak horretaz jabetu edo ez, inposaketaren eredua beti bezain presente dago kalean. Joan den astean Etxarri Aranatzen ilegalizazioa salatzen zutenen kontrako polizia jazarpena, lekuko.