GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jokin Azkue Arrastoa Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria

Administrazioaren euskalduntzeaz, Kontseiluaren zuzendaritzari

Elkarlanerako oinarrizko baldintzak dira errespetua eta leialtasuna, ez noski gurekin bat etortzea

Iiritzi artikulu honek Kontseiluaren zuzendaritzak uztailaren amaieran argitaratutako artikuluari nahi dio erantzun. Hasteko, esan behar da Administrazioak azken 25 urteetan aurrerakada ikaragarria eman duela euskararen ezagutzan bai euskararen presentzia bermatzean, egia bada ere, asko dagoela egiteko oraindik; hutsune horiek aipatu ditugu behin baino gehiagotan, batez ere, ezagutza hori eguneroko-eguneroko erabileran bermatzea: euskarak Administrazioan «presentzia» izateaz gain, euskara «lan hizkuntza» izan dadin.

Egia da, era berean, edozeinek duela kritikatzeko aukera: herritar, erakunde, giza talde zein administrazio, eta egia da, gainera, kritikak eraikitzaileak diren neurrian guztiz onargarriak direla eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetza saiatu dela eta saiatuko dela onartu eta jasotzen.

Administrazioko euskara plana dela-eta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere diagnostikoa egin du, eztabaidagarria dena noski, eta Kontseiluak, deliberatuki eta sistematikoki, diagnostiko hori estali edota manipulatu egiten du. Kontseiluak lankidetza eskaintzen digu eta, esan behar, elkarlanerako oinarrizko baldintzak direla errespetua eta leialtasuna, ez noski gurekin bat etortzea. Funtsezkoa da herri aginteen erantzukizuna eta eskumena errespetatzea ere, horiek behin eta berriz ordezten edo auzitan jartzen saiatzen ez aritzea, hori ez baita elkarlana, herriaren ordezkaritza beretzat nahi izatea baizik.

Ni neu ez naiz eztabaida honetan aurrerago joango, ez dut uste merezi duenik, baina hasieran aipatutakoaren manipulazioaren adibide bat jartzeko Kontseiluaren zuzendaritzak bere iritzi-artikuluan erabiltzen duen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza- ren idatzizko aipamen bat ekarri nahi dut gogora. Ondoren dagoen eran jasota dakar Kontseiluaren bulegoak. Aipu horren ostean jarri dugu Hizkuntza Politika- rako Sailburuordetzak bere argitalpenean adierazitakoa. Irakurleak atera ditzala bere ondorioak:

Kontseiluaren zuzendaritzak esandakoak:

«Edozein kasutan, garbi utzi nahiko genuke, ez dela zilegi erabileraren ustezko egoera txarraren erantzukizuna herritarraren bizkarrean jartzea. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak honako hau argitaratu zuen bere hizkuntza-politika azaltzeko plazaratutako liburuan: `Onartu beharko genuke euskaldun askok, zabar eta utzikeria handiz tratatu duela euskara: Euskaldunon arduragabekeria da euskararen etsairik handiena'».

Esaldi hori, ordea, moztuta eta testuingurutik aterata dago. Eta propio, nahita dago moztuta eta testuingurutik aterata, ez baita lehenengo aldia: orain Kontseiluaren bulegoak moztuta erabili duen esaldi hori, lehenago ezker abertzale tradizionaleko hainbat kidek erabili izan du bizpahiru bider. Hauxe da, hitzez hitz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak argitaratutakoa:

«Gaurko egoera ezin da ulertu iragana kontuan hartu gabe. Egindako ahalegin ikaragarriaren ondoren euskarak gure gizartean gaur oraindik ere dituen gabezia eta mugak ulertuko baditugu nahitaezkoa da gogora ekartzea urte luzetan nozitu behar izan ditugun elebakartasun ofiziala eta neurri ezberdinetako hizkuntza zapalkuntza, hala nola euskararekiko aitorpen sozial urria. (...)

Gure hizkuntz arazoen iturria ez da bat eta bakarra. Harro egon behar dugu euskaldunok euskara gorde eta garatze aldera urtetan eta urtetan egindakoaz, oso bereziki azken hogeita bost urteotan egindakoaz.

Badugu eskerrona nori eman ere: prozesu horretako emaitzak ikusita, inor gutxietsi gabe esan litekeelakoan gaude, gizarte osoaren aparteko aitorpena merezi dutela etxean ikasi ez eta euskaltegien eskutik esfortzu pertsonal itzelari esker bere burua euskaldun berri egin dutenek. (...)

Esan beharrik gabe doa, gainera, norberaren mugen aurrean itsu eta gabezia guztien erantzukizuna hirugarren batzuen bizkar sistematikoki botatzean datzan jokabideak ez diola batere mesederik egiten euskarari.

Onartu beharko genuke, inolako arazorik gabe onartu ere, herritarrengandik jasotzen duen leialtasuna izaki hizkuntza baten biziraupenerako elikagai osasungarrienetakoa, euskaldun askok, aldiz, zabar eta utzikeria handiz tratatu duela euskara. Euskaldunon arduragabekeria da euskararen etsairik handiena. Zerbaitek desagerraraz badezake guztiz hizkuntza bat, zerbait baldin bada hilgarria hizkuntzarentzat, herritarren arduragabekeria edo ezaxolakeria da. Eta euskaldunok onartu behar dugu gutariko asko ez dela (ez garela) oso fin ibili kontu honetan, eta gaur ere sendotu beharrean dugula euskararekiko leialtasuna.

Hori da, beraz, euskararen gaurko mugarik garrantzizkoena. Baina ez da bakarra. Geure baitakoak ditugu euskararen erabilera makaltzen duten beste faktore hauek ere: euskaldun askoren hizkuntz gaitasun maila apala, erdaraz jarduteko ohitura, prestakuntza profesionala erdaraz jaso izana, euskararen indar sozial mugatua, gure hizkuntz jarreraren eta jokabidearen arteko aldea (gogoratu Mitxelenaren `euskarak bihotz gutxiago eta lan gehiago behar du', edo Atxagaren `jendeak berealdiko gauza pila egiten du euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egitea'. Faktore horien guztien ondoan bada beste bat nabarmendu nahiko genukeena: euskararen garapenerako nahitaezkoa den adostasun politiko-soziala ez da behar bestekoa, urria da, eta urteotan sendotu ordez murriztu egin da, gainera.

Euskararen inguruko ideologizazioak ere kaltea dakarkio gure hizkuntzaren normalizazioari. Euskal mundua anitza da, baina bere irudiak ez du hori islatzen, bere irudia ia-ia kolore bakarrekoa baita. Eta horretan erantzukizuna ez da bakarrik euskara indarkeriarekin eta beronen munduarekin lotuta lotsagabeki azaldu nahi izan dutenena, baita euskararen mundutik bertatik eta joera politiko jakin batetik irudi hori ematen saiatu direnena ere. Beste hitzetan esanda: euskararen ideologizazioak ertz ugari ditu, euskara monopolio gisan bere egin dutenena, alde batetik, eta euskara besteen (`abertzaleen') arazotzat utzi eta abertzaletasunaren aurkako arma politikotzat erabiltzen dutenena, bestetik.(...)».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo