GARA > Idatzia > Lagun Aro

Bilbao Basketek taldea osatu du Xavi Lopezekin

GARA | BILBO

ACB Ligan laugarren denboraldia egingo du jarraian eta partida ugariri aurre egiteko talde zabala eratzea ezinbesteko eginen zaio Iurbentia Bilbao Basketi. Hala, Bilboko taldeak boskotea erabat osatzea lortu du hamabigarren jokalaria, Xavi Lopez antolatzailea, bi denboraldirako fitxatuta.

Xavi Lopez, Javi Salgado eta Marcelinho Huertasen atzetik, hirugarren antolatzailea izateko etorri da Bilbora, nahiz eta eskolta gisa ere jokatu dezakeen. Badalonako Joventuten harrobian sorturiko jokalaria da. 1,92 neurtzen du eta 24 urte dauzka kataluniarrak.

Azken urteok, 2002az geroztik, Estatu Batuetan eman ditu. Hasteko, Oregongo Chemeketa Community College institutuan izan da eta ondoren Point Loma unibertsitateko Sea Lions taldean izan da, NAIA -National Association of Intercollegiate Athletics- delako leihaketan, emaitza ona lortuta.

Hazteko nahia

Fitxaketa publiko egiteaz bat, Iurbentia Bilbao Basketek elkarrizketa egin zion antolatzaile berriari. Bertan, ohiko moduan, «ilusioz gainezka» etorri dela Bilbora aitortu zuen Lopezek, eta bere «esker ona» ere erakutsi gura izan zien bai entrenatzaileari, baita taldeari ere.

Horrela, Bilbora zerk erakarri duen galdetzean, «hazteko» nahia hartu zuela kontuan erantzun zuen antolatzaileak, hala jokalariarena berarena, nola Bizkaiko taldearena.

«Hasteko, ACB Ligan debutatu ahal izateko aukera eskaintzeagatik eskerrak eman nahi nizkieke Txus Vidorretari eta taldeari ere bai. Kontua da Bilbao Basket hazten ari den taldea dela eta handiago izateko egin beharreko pausoak oso argi dituela. Horrek erakarri nau hona; izan ere, hazten jarraitzeko anbizio berbera baitaukat nik neuk ere», aitortu zuen.

«Azken lau urteak Estatu Batuetan eman ondoren itzuli naiz. 24 urte dauzkat eta ezin da esan `egiteke dagoen' jokalaria naizenik. Niretzat erronka handia da ACB Ligan lekua irabazi duten Salgadoren eta Huertasen ondoan jokatzea. Entrenamenduetan lana beltz egingo dut minutuak irabaztearren, baina denboraldia luzea dela badakit eta edozer gerta daiteke», esan zuen.

Bere joko ezaugarriei buruz galdetuta, «talde-gizona» dela onartu zuen, antolatzaile nahiz eskolta gisa joka dezakeena.

«1999ko Europako junior mailako txapelketan hiruko portzentaia onena lortu nuen, baina talde-gizona naiz, batez ere. Nire gorpuzkeragatik antolatzaile edo eskolta gisa joka dezaket. Kanpotik jaurti, korrika egin edo erreboteak jaso ditzaket... Nahiko osoa naizela esango nuke», amaitu zuen.

Ruben Quintana

Azkenik, uztailaren 15az geroztik ospitalean den Ruben Quintana jokalariari humerotik ebakuntza egin zioten atzo. Operazioa ongi atera zen eta jokalari kanariarrak, arazo berririk ezean, datorren astean jaso lezake alta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo