GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurdes Garai Hazparnen atxilotutako iheslari politikoa aske utzi dute

Baionako polizia etxetik aske atera zen Lurdes Garai, atzo goizean Hazparnen atxilotu ostean. 49 urteko iheslari politikoaren atxiloketa bere bikotekide Jose Maria Zalduarekin lotu zuten prentsa-agentziek, polizia-iturrietan oinarrituta. Nonbait, bien semearekin Zalduak zuen hitzordura agertu ez zenean, bakarrik zegoen 12 urteko mutikoak jendarme batengana jo zuen laguntza eske. Hortik abiatu zen atzoko polizia operazioa, 2002az geroztik bere bila baitabiltza.

GARA |

Baionako polizia etxean galdeketa egin eta gero, atzo arratsaldeko 7ak aldera aske geratu zen Lurdes Garai 49 urteko iheslari politiko bilbotarra. Garai goizeko 6.00etan atxilotu zuen Poliziak Hazparnen eta, etxea bi orduz miatu ostean, polizia etxera eraman zuten.

Polizia-iturriak aipatuta, prentsa-agentziek jakinarazi zuten Garairen atxiloketa ihesean dagoen bere bikotekide Joxe Mari Zaldua Korta Aitonarekin lotuta zegoela. Iturri horien arabera, bien semeak hitzordua zuen herenegun aitarekin baina hura ez zen agertu. Hamabi urteko mutikoa bakarrik zegoela ikusita, jendarme batengana jo zuen laguntza eske. Bere nortasuna egiaztatu ostean, Poliziak ama galdekatzea erabaki zuen Zalduari buruzko informazioa biltzeko, eta horregatik atxilotu zuen atzo.

Delitu preskripzioa

Zaldua ezkiotarra 2002ko apirilaren 19an atxilotu zuen Polizia frantsesak Ziburun eta Gradignango espetxean izan zen preso. Aste batzuk geroago, maiatzaren 30ean, Paueko Epaitegiak aske utzi zuen Entzutegi Nazionalak leporatzen zion delitua preskribatua zela-eta, estradizio-eskaera aintzat hartu ez zuelako.

Askatu eta berehala, ordea, akats informatiko bat medio, Zalduaren kontra preskribatu gabeko beste zazpi nazioarteko atxilotze-agindu zeudela konturatu ziren.

Erabakia hartu eta hamar ordura, Epaitegiak aske uzteko ebazpena deuseztu eta Zaldua berriro atxilotzeko agindua eman zuen. Geroztik, Polizia bere bila dabil.

Uruguaitik Euskal Herrira

2002an atxilotu zutenean, Mariano Rajoyk, garai hartako Gobernuko lehen presidente-orde eta Barne ministroak adierazi zuen Zaldua Uruguaitik Euskal Herrira itzuli zela ETAk hala eskatuta, aparatu logistikoa indartzeko. Ez zela itzuli zen errefuxiatu bakarra izan gaineratu zuen orduan Rajoyk: «Erakundeak jasandako polizia operazioengatik egitura oso hondatua dauka eta kide historikoen premian dago».

Barne Ministerio espainolaren esanetan, Jose Maria Zaldua 1949an jaio zen eta 1977an sartu zen ETAn. 1985 aldera errefuxiatu zen Estatu frantsesean. Bi urte geroago, Aljerian zegoela uste dute iturri berberek eta, handik, Uruguaira joan zela. Handik urte batzuetara, klandestinoki Euskal Herrira itzuli omen zen.

Polizia frantsesarekin batera, Lurdes Garairen atxiloketan Polizia espainolak ere parte hartu zuela adierazi zuten iturri polizialek, betiere, operazioak Zaldua aurkitzea zuela helburu nabarmenduta.

Garairen atxiloketa salatzeko eta errepresioa ez dela bidea aldarrikatzeko, atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Hazparnen, han bizi baita iheslari politikoa bere semearekin aspalditik. Bertan eman zuen Askatasuneko bozeramaile Anais Funosasek Garairen askatzearen berri.

13 ordu

Hamahiru orduz izan zuten atxilotua Lurdes Garai iheslari politiko bilbotarra. Prentsa-agentziek polizia-iturriak aipatuta, sasian dagoen bere bikotekideari buruz galdekatzea zen operazioaren helburua.

POLIZIA, BILA

2002an espetxeratu ostean, Jose Maria Zaldua aske utzi zuten Paueko Epaitegiak estradizio-eskaera onartu ez zuelako. Beste zazpi delitu leporatzen zizkiotela ohartuta, berriro atxilotzeko agindua eman zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo