Sabin Eubaren aldeko omenaldian parte hartzeko gonbita egin du Etxerat-ek
GARA |
Sabin Euba Pelopintxo euskal iheslariaren heriotzaren ondoren, datorren larunbatean Zornotzan egingo den omenaldiarekin bat egin du Etxerat elkarteak. Hitzordua, arratsaldeko 19.00etan izango da, herriko enparantzan.
Halaber, herritarrei hitzorduan parte hartzeko gonbita egin die, bertan «Estatu espainolaren eta frantsesaren inposizio politikoa salatu, iheslari eta preso politikoen eskubideen bermea exijitu eta benetako amnistiaz apainduriko etorkizuna» aldarrikatzeko.
Euskal errepresaliatu politikoen senideak biltzen dituen elkartearen ustez, «jazarpen politikoaren ondorioz, eta eskubideak zeharo urraturik» gaixotu eta zendu zen Euba. Horiek horrela, euren «doluminak» igorri nahi izan zizkioten zornotzarraren senide eta lagun orori.
Sabin Euba, bere bizitza guztia «herritarren eskubideen alde eman» ondoren hil dela adierazi du Etxerat-ek, Parisen eta Madrilen «hatzapar hiltzaileetatik ihesean», nabarmendu du.
Euskal herritar horrek ihesa eta espetxea ezagutu dituela gogoratu eta urteak «munduan barrena, isilean, identitaterik gabeko ortzipean» eman dituela gaineratu du. Hala, «Estatuen jazarpen politika hiltzaileari» leporatzen dio egoera horretan hil izana.
25 urte ihesean
Sabin Euba igande goizaldean hil zen, 70 urte zituela, gaixotasun larri batek jota. Mende laurdena, ordea, jaioterritik urrun bizitzera behartuta egondakoa da, baina duela hilabete eskas itzuli zen Zornotzara. 1982an atxilotu zuten lehendabiziko aldiz, Ipar Euskal Herrian iheslarien aurka egindako lehen operazioetako batean.