GARA > Idatzia > Arrauna

ARRAUNA San Miguel Liga

Urdaibairen beste maisulan bat estropada politenean

Patroiek sekulako lana egin behar izan zuten, eta Mecos, lehen txandatik, irabazteko zorian izan zen

p046_f01_148x104.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Urdaibaik ez ditu etxeko lanak azken egunerako utzi nahi eta Laredon lortutako garaipenarekin -San Miguel Ligan lortzen duen seigarrena- lehiaketako lidergoa sendotu du. Traineru ia denak Kontxara begira egon arren, bizkaitarrek beste erakustaldi bat eman zuten egoera oso zailetan, eta Zarautzen erakutsitako maisutasuna egun bakarreko lorea ez zela izan frogatu zuten. Orio aurreko igandean baino askoz hobeto moldatu zen olatu artean, nahiz eta zazpi puntuko atzerapena duen sailkapen nagusian.

Bigarren txandako ontziek edukitako zailtasunak kontuan hartuta, lehen txandan Mecosek egindako 21.57.67ko denbora zen erreferentzia onena ohorezko txandako ontzientzat. Urdaibai hirugarren kaletik irten zen eta, lehen txandan alde txiki bat atera arren, bigarren ziabogan segundo baten barruan zeuden Orio, Castro eta Hondarribia ere -Mikel Orbañanos aurrekoari arraun txikia uretara erori zitzaion lehen ziabogan-.

Hirugarren maniobran ere bermeotarrek bi segundo eskas ateratzen zizkioten Castrori, baina azken luzean Asier Zurinaga patroiak bikain zuzendu zuen Bou Bizkaia ontzia eta Urdaibaik 20 segundo baino gehiago sartu zizkien txandakideei. Azkenean, Orio bigarren izan zen eta Castro hirugarren, baina Hondarribiak ezin izan zuen Mecosen denbora hobetu eta bosgarren amaitu zuen azken sailkapenean.

Lehen kaletik, komeriak

Lehen kaletik arraun egin zuten traineruek sekulako zailtasunak izan zituzten kanpoko ziabogak ongi hartzeko, eta eguneko irudi ikusgarrienak leku horretan egon ziren. Lehen txandan Arkotek, bigarrenean San Pedrok eta hirugarrenean Hondarribiak asko sufritu zuten ontziari bira emateko.

Bigarren txandan, esaterako, San Pedrok oso indartsu ekin zion estropadari. Arraunean bikain eginda, hamar bat segundoko aldearekin iritsi zen lehen ziabogara, baina lehen maniobra horretan hogei segundo baino gehiago galdu zituen Libia-k. Ontzia ez zuten garaiz trabeskatu eta, konturatzerako, hogei bat metroan urrundu ziren kanpoko balizatik. Pasaitarren hutsa bikain baliatu zuten gainerako ontziek, eta txandako garaipena Pedreñarentzat izan zen, Zumaiaren eta Zarautzen aurretik.

Lehen txandan bigarrenean baino haize gutxiago izan zuten eta hori emaitzetan argi nabarmendu daiteke. Mecosek laugarren postua eskuratu zuen eta Cabok seigarrena, lehia oso polita izan eta gero. Laredok eta Arkotek poto egin zuten berriz.

Petronor Bandera, sanjoandarrentzat

Ez dago zalantzarik. Itsaso zakarrarekin Pasai Donibanek ez du aurkaririk KAE Ligako lehen multzoan. Erreka-k aurtengo denboraldian irabazten duen laugarren trapua da Petronor Bandera, eta lau garaipenak baldintza zailetan jokatutako probetan eskuratu ditu: Santurtzin bat galerna giroarekin, Lekeition beste bi -bigarrena itsaso ikaragarriarekin- eta atzo laugarrena Zierbenan haize bolada indartsuekin. Estropada bakarraren faltan ligako bigarren postuak ez dio ihes egingo eta igoera kanporaketan pentsatzen hasiak dira sanjoandarrak.

Pasai Donibane izan zen atzo 22 minututik jaitsi zen ontzi bakarra (21.58.74), eta 18 segundo sartu zizkion Getariari. Pontejos izan zen hirugarren 44 segundora, Kaiku laugarren 50era, Isuntza bosgarren 52ra eta Donostia Arraun seigarren, minutu batera. Sailkapen nagusian, Getariak segitzen du lider izaten 137 punturekin; Pasai Donibanek 122 ditu, eta Isuntzak, 110.

Gaur jokatuko dira KAE Ligako azken estropada puntuagarriak Pontejosen (lehen multzoa, 16.30) eta Colindresen (bigarren multzoa, 12.00).     Asier AIESTARAN

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo