Euria joanda, giro ona eta jaia nagusi konpartsen herri bazkarian
Urtero bezala, aurten ere konpartsen arteko herri bazkaria izan zen Aste Nagusiko azken-aurreko egunean. Areatzako zuhaitzen itzalpean marmitakoa bazkaldu ostean, Arriaga plazara joan ziren konpartsetako kideak herri kirolen lehiaketa jokatzera.
Mikel ARREGI
Goizean goizetik kaleak jendez beteta egon ziren atzo Bilboko Areatzan. Bilbotarrak jaiez gozatzeko gogoz zeuden, eta eguraldiak utzitako tartea aprobetxatu zuten horretarako. Konpartsetako kideak kalean ziren goizeko ordu txikietatik, eguna topera bizitzeko asmoarekin. Eguerdian konpartsa bakoitzak bere janaria eraman behar zuen herri bazkarira, eta hori aprobetxatuz askok lehiaketa horretan prestatu zuten bazkaria. Atzo, marmitakoa izan zen lehiaketa gastronomikoan prestatu beharreko platera. 101 parte-hartzaileek atun eta patatez eginiko jakia kozinatu behar izan zuten.
Horretarako, goizeko bederatzietan Areatzako antolakuntzako karpatxoan izena eman behar zuten parte-hartzaileek. Goiza marmitakoa prestatzen eman zuten konpartsetako kideek eta lehiaketako gainerako parte-hartzaileek. Bitartean jende ugari bildu zen Areatza inguruan sukaldariak ikusteko asmoarekin.
Eguerdiko hamabietan goizeko bigarren ekitaldia izan zen: ardo-dastatzea. Bertan, Errioxako ardoen usainak erakarrita, goizeko bederatzietan baino konpartsakide gehiago bildu ziren. Poliki-poliki giroa berotzen zihoan. Gero eta konpartsetako kide gehiago ikusten zen lagunei sukaldean laguntzen, edota, besterik gabe, txosnetako barran egarria kentzen.
Ordu batean, lehiaketako parte-hartzaileek marmitakoa aurkeztu zuten epaimahaiaren aurrean. Horiek, lehiakideek prestatutako jakiak dastatu ostean, epaia eman zuten. Konpartsen artean, Uribarrikoek prestatu zuten marmitako onena. Lehiaketa bukatutakoan, herri bazkarirako prestatzen hasi ziren konpartsak. Batzuk mahaia jartzen ibili ziren; beste batzuk, aldiz, txosnara joan ziren «tragoen» bila... Azkenean, guztiak mahaian ordu bietarako jarri ziren. Giro bikainean bazkaldu zuten mila konpartsakide inguruk Areatzako zuhaitzek ematen zuten itzal atseginaren azpian. Gehienek marmitakoa zuten jateko. Hala eta guztiz ere, bazegoen Unamuno plazako oilasko erretegi ezagun batetik oilaskoa ekarri zuenik ere. «Atzo berandu joan ginen ohera, eta ez dugu bazkaria prestatzeko astirik izan», azaldu zuen begiak eguzkitako beutarreko batzuen azpian ezkutatzen zituen mutil batek. Konpartsetako kide gehienak, hala ere, haiek baino sanoago ibili ziren; ez zuten gaupasa egin zuten itxurarik, eta ganoraz hitz egiteko gai ziren.
Kepa Junkera pregoilariak eta Larraitz Cisneros txupinerak ere Areatzan bazkaldu zuten konpartsetako kideekin. Altxa Porrueko kideekin bazkaldu zuten horiek. Aste Nagusi hauetako ekitaldi gehienetan parte hartu duten arren, pozik azaldu ziren Kepa Junkera eta Larraitz Cisneros. «Beste bederatzi egunean topera ibiltzeko prest nago», zioen txupinerak. Haien ondoan zeuden konpartsetako kideek txantxetarako gogo handiagoa zeukaten. «Esan ezazu egunkarian konpartseroek Aste Nagusia lau egun luzatuko dugula», adierazi zuen barrezka Altxa Porrueko kide batek.
Bazkalostean patxarana izan zen herri bazkarian nagusi. Konpartsetako kideek mahairik mahai eraman zituzten patxaran eta xanpain botilak. Hala ere, guztiek ez zuten gogo berarekin edaten; izan ere, arratsaldean konpartsen arteko herri kirolen proban parte hartu behar zutenek gorputzak zaindu behar zituzten. Herri kiroletan pentsatzen ari ziren konpartsetako kide asko, urtero-urtero antolatzen duten herri kirol proba horretan toki onean utzi nahi baitzuten konpartsa. «Irabazteak bakarrik balio digu», esaten zuen patxarana eskuetan zeukan kide batek.
Bitartean, marmitakoa egiteko erabilitako lapikoak Areatzako iturrian garbitzeko tartea aurkitu zuten mahaia jasotzeko ardura zeukatenek. Ederki konpondu ziren konpartsak betebeharrak betetzeko. Guztiek zeukaten zeregin jakin bat. Batzuk tragoak ateratzen zebiltzan bitartean, beste batzuek postrea atera zuten edo platerak jasotzen zituzten...
Herri kirolak
Bazkaria bukatutakoan, Areatzatik Arriaga plazara joan ziren konpartsak, urtero konpartsen arteko herri kirolen lehiaketa egiten baitute han. Txingan, oskolak biltzen, harria jasotzen, sokatiran eta trontzan aritzeko ibilbidea prestatu zuten, atzoko, jai batzordeko kideek.
Oskol bilketa izan zen jokatu zen lehenengo proba, eta bertan adin eta sexu desberdinetako konpartsakideek parte hartu zuten. Lehenengo txandan, esaterako, Satorrak konpartsako hamar urteko neskato batek parte hartu zuen. Lana amaitutakoan, txalo zaparra handia eman zion Arriaga plazara joandako jende andanak. Oskol bilketa bukatutakoan, joan den urtera arteko jai batzordeak «aldarrikapen politiko bat» egin behar zuela jakinarazi zuten bi aurkezleek. Hori dela-eta lehengo jai batzordekoak plaza erdira irten ziren atzealdea gordeta zeukan pankarta batekin. Pankartari buelta eman eta «¡Jai Batzordea Panolis, Con nosotros no llovía!» leloa erakusti zuten. Ikusleek barre algara ederrak egin zituzten jai batzordeko beteranoen agerraldi horrekin.
Trontza eta harri-jasotze probak egin zituzten gero konpartsen arteko herri kirolen lehiaketan. Lehiaketa guztian, egun guztian bezala, jai giro alaia izan zen nagusi. Herri kirolak amaitutakoan, jai giroari Areatzako txosnetan jarraipena eman zioten.