GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herriko hamasei taldek jaiak elkarrekin prestatu dituzte

Atzo hasi zituzten bestak Lakuntzan, eta duten ospeari eutsiz, giro ederrean egin zuten. Aurten, herriko hamasei taldek osatutako jai batzordeak antolatu ditu, eta herritarren parte-hartzea inoiz baino handiagoa izan da, bai prestaketan, bai eta bestak bizitzeko ere.

p022_f03_250x120.jpg

Jasone MITXELTORENA

Lakuntzako bestei hasiera emateko, 12.00etan presoen aldeko ezkila-jotzea egin zuten atzo, lehen aldiz. Ordu erdi geroago, EAE-ANVko alkateak, Jose Ramon Garinek, suziria bota zuen udaletxetik. Berak ez zuela nahi aitortu arren, ingurukoek eskatuta halaxe egin zuen. Herritarrei parte hartzea eskertu zien, eta lakuntzar guztiei eta kanpotik etorritakoei besta onak opa zizkien.

Garin lehendik ere Udalean izana da, eta duela zortzi urte hirigintzaz arduratu zen. Oraingo legealdian ere hori da bere ardura, eta gainerako zinegotziekin batean, hiru batzorde osatu dituzte; bertze bietan, bat besta, kultura eta kirolaz arduratzen da, eta hirugarrena, nekazaritzaz eta ingurumenaz. Oihane Uribe-Etxeberria da jaietako arduraduna, eta berak azaldu zuenez, Lakuntzako gazte, erretiratu eta gastronomia taldeak, dantza eta futbol taldeak, ehiztariek, eskolak eta ikastolak, eta hainbat kolektibok parte hartu dute jaiak prestatzen. Egitaraua udaletxean geratzen zen aurrekontura egokitu behar izan dutela azaldu zuen, eta, beraz, ahal izan dutena egin dela ekitaldiak antolatzeko, baina garrantzi handiagoa eman zion hamasei taldek elkarrekin egindako lana izateari. Izan ere, hamasei urtez pertsona bakarra arduratu da jaiak prestatzeaz. Egitarauan nabarmendu zituen ekitaldien artean, gaur 20.00etan Udalak deitutako manifestazioa izanen dela kontatu zuen. «Konponbidea gure esku» leloa izanen du, eta Etxarri Aranazko joaldunek lagunduko dute. Horrezaz gainera, arratsaldean Euskal Herriko aizkolari txapelketa ere izanen da.

Atzoko egunari dagokionez, txupinazoaren ondotik 2006an jaiotakoei bestetako zapiak jarri zizkietan, eta giro ederra sortu zen herriko plazan. 13.30ean, presoen aldeko brindisa egin zuten, lehenengo «auzatearekin» batean. Auzatea Sakanako ohitura bat da, eta jan-edariak ateratzeari deitzen diote. Aldiro herriko talde batek antolatzen du. Auzatea eginda ere, jateko gogoa ez zitzaien kendu, 15.00etan bazkaria egin baitzuten, presoen alde. Zozketa bat egin zuten bazkarian, eta hagitz ongi joan zen dena. Arratsaldean Impresentables fanfarrearekin ibili ziren herri-poteoan, eta 20.30erako bertze auzate bat antolatuta zegoen, orduan Ezker Abertzalearen txosnan. Dena den, hainbat ekitaldiz gozatu ahal izan zen Lakuntzan arratsaldea osoan; bazkaldu ondoan, plater tiraketa izan zen, eta areto futbol partiden ondotik, 18.30ean, Lakuntzako Artzain Txakur erakusketa egon zen. Herrian bertan daukate artzain txakurrei erakusteko eskola, eta Alejandro Ibarra dute maisu. Atzo, Ramon Romero artzainak irabazi zuen lehia.

Dantzarien txanda

Dantzarien txanda izan zen ondotik. Elai Alai dantza taldeak eta Agoizko dantzariek ikuskizun ederra eman zuten herriko plazan, eta jende anitz bildu zen hartaz gozatzera. Euskal Herriko hainbat lekutako dantza koloretsuak ederki erakusteaz gain, antzerkia eta guzti egin zuten. Hala, arku dantza, arrain saltzaileena, jaurrieta, makil dantza eta hainbat polka dantzatu zituzten, eta tartean, ezkon-bikote batek eta bizargin batek ikuskizuna egin zuten. Ikusleak zirikatu zituzten hainbat pertsonaiaren agerraldiak eginda. Silbio bizarginaren agerraldiak irri ederrak aterarazi zizkien ikusleei: Rasta txirikordekin eta bizar handi batekin beragana jo zuen bezeroari egin zizkionak ez ziren gutiagorako izan. Ailegatu orduko aulkia kendu eta lurrera erori zen bizarduna, eta ondotik hauts eta apar artean murgildu zuen, lurrean zerraldo erori zen arte. Pizteko, Silbiok hauspoarekin eman zion ipurditik, eta instante batean altxatu zen. Ernatutakoan, bizarginak eta bere biktimak elkarrekin hartutako ardo-tragoak dantzan jarri zituen biak. Ikuskizuna amaitzeko, antzezleak eta dantzariak elkarrekin atera ziren plazara.

Hurrengo egunetan ere izanen da zer gozatu: Bertzeren artean, Los Piratas Madrilgo taldearen antzerkia asteartean, eta azkeneko egunean, Gazte Egunean, bertso bazkaria eta piropo lehiaketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo