GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Julio Villanueva Itoizko solidarioa, Iruñeko espetxean

Iruñeko espetxea: hamaika urteren ondoren, lehengo lepotik burua

Zortzi urteko klandestinitate eta erbestealdiaren ondoren, orain dela 11 urteko espetxe berberera itzuli naiz eta hara non, logikaren arabera, egon behar luketen pertsonaietako bat bera ere ez dut topatu

Duela 11 urte, Itoitzekiko elkartasuna taldeko 8 kidek Itoizko presaren hormigoia eramateko kableak moztu genituen. Ekintza honen ondorioz eraikitze lanak ia-ia urte batez geldirik egon ziren.

Garai hartan, Auzitegi Nazionalak Itoizko proiektua ezgai eta ilegaltzat joa zuen, baina lanak eten ahal izateko 36.000 milioi pezeta ordaintzea eskatu zuen -gerora 13.000ra jaitsiz- obrak bertan behera uzteak kalte zitzakeen enpresen kalte-ordain gisa. Ebazpen hori guztiz bidegabea zen, proiektu ilegal baten aurkakoei inolaz ere eska ez dakiekeelako inori ezer ordaintzea, are gutxiago eskualde guztia hondatu zuten enpresei. Ordaintzekotan, Nafarroako Gobernuari zegokiokeen ordaintzea.

Dena den, borondate oneko keinu gisa, baina inolaz ere beti horrela izan ez zedin argi izanik, behin batez legearen beso eragile bihurtzea erabaki zuen gure taldeak, proiektu ilegala benetan gelditzeko doako eskulana paratuz, eta kartzelan bukatu genuen.

Espetxe barruko zein kanpoko mobilizazioei esker, handik bi hilabetera ateratzea lortu genuen, aurrez eskatzen zitzaigun fidantza ordaindu gabe. Baina 4 urte ta 10 hilabeteko kartzela zigorra ezarri ziguten, bere armen bitartez ilegaltasuna defendatzen zuen pertsona bat lotu eta pistola erretiratzeagatik.

Hortik aurrera Europan barrena bira bat egitea erabaki genuen guk ulertzen ez genuena ea europarrek entelegatzen ahal zuten. Garai hartan legearen aldaketa egin zen: egun batetik bestera ilegala zena legal bihurtu zen. Bien bitartean, Iñaki eta Ibai taldekideak atxilotu eta ni orain nagoen leku berean euren zigorrak bete zituzten. Eta arrapaladan, harrapaketa lotsagabeenari ekin zioten: errepide berrien bidez urtegiaren inguruen txikizioa, herrien suntsipena, Nafarroako ubideak sortutako triskantza ekologiko eta ekonomikoa politikariak zein eraikuntza enpresak aberasteko eta bukatzeko betetze probak, lurraren aldetik «protesta» kate luze bat eragin dutenak: lerratze, lurrikara eta burrunba andana.

Zortzi urteko klandestinitate eta erbestealdiaren ondoren, orain dela 11 urteko espetxe berberera itzuli naiz eta hara non, logikaren arabera, egon behar luketen pertsonaietako bat bera ere ez dut topatu. Alde batetik, frankoaldiaren gau luzean erditutako proiektuaren berpiztaile izan ziren G. Urralburu, A. Aragon eta sozio-listo saldoa, mordoxka bat delitu egindakoak. Hasteko, hondamendi arrisku eta karguaren gehiegizko erabileraren delituegileak izan ziren, presaren gaurko tokia baztertzen zuen ezkerreko mazelaren ezegonkortasuna- ren lehen txostena ezkutatuz, obren hasiera baimendu zutelako. Honi gehitu behar zaizkio iruzur eta sobornatze delituak, gertuko enpresen aldeko obren esleipen irregularrengatik. Garai haietatik gaur egun arte proiektua kudeatu duten M. Sanz, A. Miranda eta gainerako UPNtarrekin ere ez dut topo egin. Beren delituak aurrekoenak baino nabarmenago eta jarraituagoak izan dira. Hain dira larriak, ezen «Parot doktrina» ezarri behar zietela uste bainuen.

Hasteko, Auzitegi Nazionalak zein Tribunal Gorenak urtegiaren ezgaitasuna eta ilegalitatea aldarrikatzen zituzten ebazpenak urte luzez ez dituzte bete, obra guztiak gelditzera behartzen zituztenak. Hondamendi arriskuaren delitu etengabea ere egin dute, ezker mazelako ezegonkortasunaren inguruko txosten berri guztiak sekretupean gorde dituztelako eta 1.200 lurrikara, 200 burrunba eta magalaren lerratze geldo baina jarraitua gertatu ondotik, urtegia hustu ez dutelako. Honetaz gain, urtegi barruko sei herriren suntsiketa, bere estiloan bakarrak ziren 700 urteko eraikuntzak zituztenak, ondasun historikoaren aurkako delitua da. Honi gehitu behar zaio Europako legediaren urraketa, kalteturiko bi HBZBri (Hegazti Babeserako Zona Bereziak) dagokienez. Eta sei herritako hilerriak suntsituz hildakoen errespetuaren aurkako delitua ere egin zuten.

Nafarroako ubideari dagokionez, M. Sanzen senideekiko loturak dituzten Navasfalt edo Harinsa bezalako enpresak faboratzeak iruzur eta sobornatze delituak eragiten ditu. Kalteturiko hiru natur erreserben babes inguruak aldatzeak obren segida galarazten zuten ebazpenak saihesteko legediaren iraultze bat ekarri zuen, Auzitegi Nazionalak espresuki galarazten zuena. Aldaketa hau baimendu zuten PSNko, UPNko, EAko eta IUko parlamentariek ere Iruñeko presondegian egon beharko lukete baina ezker-eskuin bilatu arren ez dira inon ageri.

Emakumeen moduluan I. Tocino eta Narbona anderea ote dauden galdetu dut, baina ez dira topatzen, antza. Nahiz eta proiektua ingurumen legehauste nabaria izan, azken Ingurumen ministro hauek ez dute geldiarazi. Alonso jauna edota bere aurretik Ebroko Konfederazio buru izandakorik ere ez dut ikusi. Hauek ere hondamendi arriskuaren delitua, Itoizko presa A sailkapenean izanda -arrisku nagusia- edozein istripuren aurrean larrialdiaren plana ezartzeko inongo protokolorik ezarri ez dutelako, eta are gutxiago kontrolpeko husteari ekin ez diotelako.

Proiektua legal bilakarazteko legediaren birmoldaketa onartu zuten Auzitegi Nazional, Tribunal Goren eta Tribunal Konstituzionaleko epailerik ere ez dut aurkitu. Eta urtegian zein ubidean obren esleipen irregularren bidez onuradun izan diren enpresa buruen berririk ere ez.

Jakin badakit aurrez aipatutako bat ere ez dagoela sakabanatuta estatuko espetxeetan barrena.

«Nafarroa truke txanpona ez daiteke izan», edota «Nafarroa izan dadila Nafarrok nahi duguna» eta antzekoak hitzetik hortzera oihuka zerabilzkitenak ipurdia agerian gelditzen ari diren honetan, aspalditik genekiena baieztatu da: Nafarroa estatu afera da, eta logika horri jarraikiz Itoitz ere estatu urtegia da. Beste modu batez esanda, garrantzi estrategikoa duen azpiegitura da eta hori dela-eta bortxaz ezarri behar da, kosta ahala kosta.

Bukatzeko, egunotan eskutitz, egunkarietako idazki eta harresiz gaindiko elkarretaratzeen bidez maitasun eta elkartasun erakustaldiak eskertu nahi dizkizuet. Jakin ezazue kanpokoei agurtzeagatik zigorraz mehatxatuz errieta bota zidatela.

Iruñeko Udaltzaingoari ere eskertu nahiko nioke, beti bezain arduratsu jokatuz, azkenaldi honetan hain betea den atseden etxe honetan doako leku bat bilatu izana, noiz eta etxebizitza zein mantenu prezioak hain garesti diren garaiotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo