GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilboko Udalak «positibotzat» jo ditu aurtengo jaiak

Aste Nagusia positibotzat jo zuen Bilboko Udalak, eta bilbotarrek «eguraldi txarrari aurpegi ona» erakutsi diotela adierazi zuen. Gainera, Bilboko festak «Estatu espainoleko gertakari kultural garrantzitsuenetarikoak» direla adierazi zuen Iñaki Azkuna alkate duen udalak. Bestalde, konpartsak ere pozik agertu dira aurtengo jaiekin.

GARA |

Marijaiak su garren artean Bilboko Aste Nagusia hurrengo urtera arte -batzuen etsipenerako eta besteen gozamenerako- agurtu eta gutxira heldu dira 2007ko jaien balorazioak.

Etzi Bilboko konpartsek adierazi zuten aurtengo jaiak «azken urteetako jairik onenak» izan direla. Atzo, berriz, Bilboko Udalak egin zuen aurtengo Aste Nagusiko balorazioa. Aste osoan egin duen eguraldi kaskarrak lagundu ez badu ere, Iñaki Azkuna buru duen udal-gobernuaren aburuz, «jaiak oso ondo joan dira».

Isabel Sanchez Robles Bilboko Turismo eta Jai ordezkariak, berriz, 2007ko Aste Nagusiko datuak «bikainak» izan direla azaldu zuen atzo. Alde horretatik, aurten 425.000 pertsona bertaratu dira, joan den urtean baino 40.000 pertsona gutxiago. Jende gutxiago joan izana erraz uler daiteke, aurtengo festetan egin duen euriak eta haizeak jende asko etxean geratzera behartuko zuten-eta -halaber, azkenean, hauek espero ziren baino gutxiago izan dira-.

Beste alde batetik, jaietako egitaraua «ia osorik» bete dela jakinarazi zuen Bizkaiko hiriburuko Udalak. Horretaz gain, Aste Nagusi «seguruago eta garbiago» batez hitz egin daitekeela esan zuen, ez baita, Bilboko Udalaren ustez, «gertakari larririk edo garrantzitsurik» izan. Horiek hala, lapurreta eta mediku artatze gutxiago izan direla azaldu zuten.

Aste Nagusiari buruzko balorazioa egitean, teknologia berriak ere izan zituen hizpide udal-administrazioak. Alde horretatik, Udalak nabarmendu zuen Aste Nagusiaren gainean informatzeko jende gehiagok erabili dituela teknologia berriak. Beste alde batetik, Bluetooth zerbitzua ematen zuten sei puntu finkoek 4.501 bisita izan dituzte, joan den urtean baino %10 gehiago.

Beste alde batetik, Bilboko Turismo Zerbitzua 58.815 pertsonak bisitatu dute, iaz baino %6 gutxiagok. Hala, jendetza gehien izan diren egunak, Bilbo Turismoak dioenez, lehen larunbata, astelehena eta asteazkena izan ziren. Turisten jatorriari erreparatuta, %33 atzerritik, %38 Estatu espainoletik eta %29 Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri dira.

Garraio zerbitzuei dagokienez, Bilbobusek nabaritu du bisitari beherakada handiena; hiriko autobus zerbitzuaz ardura- tzen den konpainiak, alegia. Izan ere, %25 jaitsi baita jaietan autobusa erabili duen jende kopurua -aurten 346.370 pertsona; iaz, ordea, 458.850-.

Bilboko Konpartsak ere pozik

Bilboko Konpartsak ere pozik agertu ziren astelehenean egindako agerraldian, eta «azken urteetako onenetarikoa» izan da, konpartsetako kideen ustez, aurtengo Aste Nagusia.

Euria zarra-zarra egin badu ere, konpartsen koordinakundeak ia ekimen guztiak aurrera eraman dituztela adierazi zuen.

Beste batzuen artean, ekitaldi gastronomiko ugari nabarmendu zuen kolektiboak, parte-hartzea eta herriko jai eredua aldarrikatzen dituen taldeak. Hala, ekitaldi horietan, eguraldiak oztopo handiak jarri arren, jende kopurua «mantendu ez ezik, handitu» ere egin dela azaldu zuten.. Bestalde, Begoñako Jaitsiera berreskuratu izana positibotzat jo zuen plataformak. Orain dela 16 urtetik ekitaldia egiten ez bazuten ere, «parte-hartzea handia» izan zen, konpartsek adierazi zutenez.

Bukatzeko, etorkizunari begira, 2008ko Aste Nagusian buru-belarri lanean hasiak direla eta «oso bereziak» izango direla jakinarazi zuten. Ez da gutxiagorako; izan ere, hurrengo urtean 30 urte beteko baitira Bilboko Konpartsek Aste Nagusia sortu zutenetik.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo