GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Gipuzkoako finala

Olasagasti da faboritoa, eta berari aurrera egitea izango da gainerakoen helburua

J.L. | DONOSTIA

Bihar arratsaldean Donostiako Trinitate plazara joaten direnek, Euskal Herriko Txinga Txapelketaz gain, Gipuzkoako aizkolarien finala ere ikusteko modua izango dute, han jokatuko baita finala.

Honako hauek arituko dira garaipenaren lehian: Olasagasti, Peñagarikano, Txapartegi, Azurmendi, Mugertza eta Otaño. Saioan izango diren aizkolari bakoitzak, lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte.

Joxemari Olasagasti: Igeldokoa izango da garaipena eskuratzeko faboritoa. Urrezko kopa oso erraz irabazi zuen, eta gauzak normal joanda oso zaila izango da txapela kentzea.

Joxemiel Peñagarikano: Beizamakoa ez da lehengoa, baina bere lana egitera joango da, eta lehen postuetan ibiltzea ez da inongo ezustea izango.

Iñaki Azurmendi: Ezuste galanta eman zuen joan den igandean Euskal Herriko finaletik kanpo geratu ostean. Arriarangoak oraingoan bere maila eman nahiko du.

Luix Txapartegi: Aizarnako aizkolaria sasoi betean dago. Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan bigarren izan zen, eta kontuan hartu beharko da bihar ere.

Fausto Mugertza: Mutrikuarrari ez zaio eskarmenturik falta, eta bere lana egiten baldin badu, seguruenik ere ez da azkeneko postuan izango.

Unai Otaño: Lehen aldiz izango da Lehen Maialko finalean. Ibarrakoa oso ongi dago, Euskal Herikoan erakutsi duen moduan, eta ezustea emateko prest dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo