GARA > Idatzia > Euskal Herria

Seaskak zorrak egingo ditu sei irakasle postu ordaindu ahal izateko

Inoiz baino haur gehiagok ikasiko dute Seaskako ikastoletan. Baina, zailtasunak asko dira oraindik. Ministerioak, bi urteko haurren eskolatzeko postuak ukatu ondoren, 80.000 euroko zorra hartuko du Seaskak, sei irakasle postu bere sakelatik finantziatu ahal izateko.

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Urteak aitzina joanik ere, zailtasun artean dago oraindik Seaska. Azken hiru urteetan, tokiko erakundeekin, eta batez ere Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) harreman zailak izan ditu ikastolen federazioak, euskarak politikan jokatzen duen papera ezagut eta behar bezala lagun dezaten. Alde horretatik, gauzak konpontzeko bidean daude, Pantxika Ibarboure Seaskako lehendakariak argitu duen bezala: «EEPk federazioari ematen dion diru laguntza 95.000 eurotik 20.000 eurora pasatu da. Lehen aldia da azken 14 urteetan diru laguntza publikoak emendatzen direla».

Ministerioarekin dauka orain gatazka ikastolen federazioak: «Parisek, bi urteko haurrak eskolatzeko postuak ez dizkigu onartu. Beraz, guk, sei postu finantzatzen ditugu, bi urteko 120 haur jasotzeko», erantsi du Ibarbourek. Horretarako, 80.000 euroko zorra egin behar izan du federazioak aurtengo aitzinkontuan. Zorra betetzeko, ministerioarekin akordiora iritsi nahi du Seaskak, sortu diren sei postuak bere gain har ditzan. Akordiorik ezean, ikastolen federazioak «baliabide berriak» atze- man beharko lituzke, postu berrien sortzeak eragin duen zorra estali ahal izateko.

Horiek hala, aurten, «aitzina egiteko urtea» da Seaskaren ustez. Ikasle kopurua 2. 358 da, eta urteroko gorakadak aurrera darrai, ikus daitekeen bezala. Baldintzak ere hobetuz doaz. Ikastolak konpontzeko, eta berriak eraikitzeko anitz egin da azken urteetan. Azken adibidea, Larzabalen zabaldu diren Oztibarreko ikastola eta Erdozaintzi-Etxart kolegioa dira.

Orain, federazioak herri gehiagotan zabaldu nahi ditu ikastolak, gurasoei «etxetik hurbil» euskarazko hezkuntza eskaintzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo