Iruñerrian eta Tafalla aldean Mintzakide egitasmorako izena emateko epea zabalik da
GARA | IRUÑEA
Mintzamena hobetzeko helburuarekin orain dela hiru urte abiatu zen Mintzakide ekimenean parte hartzeko izena emateko epea zabalik da. Iruñerrian eta Tafalla aldean egin dute eskaintza. Parte hartu nahi duenak irailaren 24tik urriaren 22ra bitartean eman dezake izena, jakinarazi dutenaren arabera.
2004-2005 ikasturtean sortu zen egitasmo hori, eta Iruñerriko zein Tafalla aldeko 16 urtetik gorako euskaldun guztiei zuzenduta dago.
Partaideak euskaraz mintzatzeko elkartzen dira. Hiruzpalau lagunetako taldeak osatzen dira eta talde horiek maiztasun jakin batekin elkartzen dira, gehienetan astean behin ordu batez.
Asteko jarduera horiez gain, ekintza osagarriak eskainiko dituzte hilabete osoan, parte hartzen duten lagun guztiek elkar ezagutzeko.
Joan den ikasturtean 200 bat izan ziren ekimenera bildu ziren lagunak. Horietatik %86 errepikatzeko prest daude; %63k esperientzia «ona» izan zela uste du eta %33k ederra izan zela.
Gurasoentzat aurten
Aurten berrikuntza dakar ekimenak. Izan ere, gurasoentzat bereziki prestatutako ahalegina izango da; Iruñerriko zazpi ikastetxetan parte hartu ahal izango da, baina helburua hurrengo ikasturteetan beste batzuetara zabaltzea da.
Mintzakide ekimenak sustatzaile ugari ditu; hala nola, Nafarroako Topagunea, Karrikaluze, Karrikiri, Zaldiko Maldiko eta Euskaldunon Biltoki euskara elkarteak, IKA, AEK, Zubiarte euskaltegia, NAPIko euskaltegia, Iruñeko Hizkuntz Eskola Ofiziala, Bai&By eta Euskalerria Irratia. Hainbat udaletxek ere babesten dute.
Toki hauetan eman daiteke izena: Iruñeko Karrikiri elkartean, Atarrabiako Karrikaluzen, AEKko Iruñezar, Donibaneko Irrintzi eta Tafallako euskaltegietan, IKAko Arturo Kanpion eta Barañaingo Sahats euskaltegian, eta Uharteko Zubiarte euskaltegian.