GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Inaxi Lazkano Jaizkibel konpainiako kidea

Plastiko beltza: bandera berria

Beldur ziren emakumeen parte hartzeak jaiei inauteri kutsua emango ote zien eta ez dute inolako kezkarik piraten bandera beltzarekin

Emakumeen eskubideak plastiko artean: plastiko beltzean bilduta. EAJko alkate berriaren oparia. Ez da batere originala. Borjak erakutsitako bideari jarraitzea deliberatu du, dirudienez. Partiduko diziplinari jarraitzeari hobeki deritzote, nonbait. Arrantzaleek ere, itsas-lanean, hasieran «txotxo» papera egin behar izaten du: mandatuak eta gauza txiki asko egitea. Hasieratik «txotxo» papera egite horrek ez dio gizontasun eta kategoria gehiegi ematen Aitor Kerejeta alkateari. Ezta zinegotzi berriei ere: herri honetako gorabeherek ausardia, zentzu ona eta argitasuna beharrezkoak dituztela jakin arren, denek bestaldera begira ditugu. Tranpa moduko esaldiak politikari nabarmenetatik entzun ditugu. «legealdi berrira arte ez espero aldaketarik». Legealdi berria iritsi da eta denak bestaldera begira.

Gazterik hartu du kargua eta gazterik ekin dio esaneko izateari, eta sumisio politiko hori arriskutsua da herritarren bizikidetzarako. Alardea, herriarena zen ondarea, Borjak esku pribatuetara pasatu zuen lasai ederrean, ardura guztiak baztertuz. Eta, dirudienez, ondo joan zaio. Ondo joan zaie. Behetik gorako bidaian, orain beste enpresa bateko zuzendari egin dute, eta bihar auskalo. Gauza pertsonala eta bakarra balitz... baina ohituegiak gaude antzeko gertaerekin.

EAJri nahiko ondo doakio, nonbait, egiten duen politika. Ez da inor aztoratzen Hondarribian etengabe izaten den emakumeen baztertze prozesuarekin. Denak isiltzen dira azken urteetako espektakuluarekin, plastiko beltzaren presentzia bortitzarekin. Beldur ziren emakumeen parte-hartzeak jaiei inauteri kutsua emango ote zien eta ez dute inolako kezkarik piraten bandera beltzarekin, kale erdian asaltoan bezala dabiltzan talde antolatu lege hausle edota basatiekin.

Duela ez asko, Euskal herriko eskoletako bortizkeria aztertu eta bitarteko neurri asko hartu dira herri txiki honetan izandako gertakari bat zela medio. Orduan maisu-maistra askok entzun eta ikasi zuten indarkeria ekintza baten inguruan eta jarreretan parte hartzaile desberdinak ohi direla: erasotzailea, erasoa, ikusi eta deus egiten ez duena, jakin arren estaltzen duena, zirikatzailea edota bultzatzailea eta kategoria askotako parte-hartzeak aztertzen ziren.

Herri gobernariek bestaldera begiratzen dute jaietan gertatzen denarekin, gertatuko denarekin eta gerta daitekeenarekin. Haien ustez, ondo doakie herriko gobernua: udal gobernu buru jarraitzen dute. Zinegotziek ere beren zinegotzi domina zintzilikatzen dute jaietan, aurreskua dantzatu... kasik ohartu gabe jende asko ez dela Salbera joaten ausartzen ideologia arazo honengatik.

Edozein preziotan gehiengoen nahia defendatzea ez da justua. Gogoan dut lege aldetik emakumeak itxaropenak jarri eta borrokatu zutenean sententzia emakumeen eskubideen aldekoa izan zen urtea, kalera irten eta hauxe entzun nuen lehenengo hausnarketa: «Zer lege dira horiek gehiengoa aintzat hartzen ez dutenak?» Eta gaur arte. Emakumeen eskubideen, berdintasunean festa egitearen, emakume eta gizonen arteko bizikidetzaren, arrazoiaren eta zentzu onaren gainetik «gehiengoa»ren nahia jartzen da argudio nagusi bezala.

Euskaldunak inor baino sentiberago eta zentzuzkoago izango ginelako ustea nuen. Horra bada, ezetz, ez garela... Zenbat aldiz esan ote zuen taldekide izan zen batek: nazien gehiengo izateak ikus zer-nolako bidegabekeria eta sarraskiak burutzera eraman zituen. Gehiago ez digu esango. Baina bere mezua eta bere hitzak gugan gelditu dira. Etorkizun justuago bat irekitzeko bide bila gabiltzan euskaldunok nola moldatuko ditugu gehiengo-gutxiengo eta talde desberdinen posizioak?

Politikoen estrategia perbertsoa dela zioen Laura Mintegik joan den astean bertan, politika egiteko molde perbertsoa darabiltela: kultura bultzatzeko garaian, gauza bat esan eta bestea egiten dutela. Ibarretxe jaunak, eta bere alderdiak, ez du praktikan berdintasun legea bultzatzen. Haren alderdiko alkateak entzungor egiten du lege berri horren aurrean, baita gehiengoak diskurtso atzerakoia duenean eta liskarrak eta erasoak daudenean ere.

Emakundek eta Arartekok Euskal Gobernuari eta eskualdeko alkateei alfer-alferrik idazten dizkie aholkuak. Herrira hurbiltzen direnetan badakite zer duten: irainak eta mespretxuak gupidarik gabe. Emakumeak babesik gabe gaude bai kalean bai bizitza pribatuan, eta pertsona eta talde gisa ere bai. Lege bizkor eta berriak martxan jarrita konpontzen den itxura ematen jarraitzen den bitartean, zail daukagu bidea egiten gure eskubideen gauzatzea plastiko lodi beltz eta hotzaren artean egin behar badugu, pirata basatien artean musika joz aldapan gora joan behar badugu. Eta gainera minutu kontatuak dira: goizean, hiru ordu laurden eskas. Guadalupen hirurogei minutu justu. Baina zer jai dira hauek? Baina zer sistematan bizi gara? Jaiak berdintasunean ospatzeko eskubiderik ez dugun bitartean, nola daiteke Hondarribiko gizonek hain harroki desfilatzea? Nola daiteke tamaina horretako botere inposaketa egitea eta behin gehiago beren emakumeen erabilera egitea?

Jaizkibelen izenean gorazarre Pilarri eta Maiteri, aurten beren hutsunearen presentzia izango baitugu. Bihotzez gurekin zaudete. Biontzat loreak eta musuak. Zuri, Maite: «Maittere zu beti gugan egongo zara», amak esandako hitzak errepikatzen dizkizut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo