Aukerak
Gehienek jokatu duten arren, gainerakoek ere dastatu nahi dute
Bi jardunaldi besterik jokatu ez dituzten arren, Joaquin Caparrosek 18 jokalariri eman die minuturen bat jokatzeko aukera honez gero
GARA | BILBO
25 jokalari taldean eta igande bakoitzean 11k baino ez dute -edo hamalau, gehienez- zelaira ateratzeko aukera. Ez da erraza hamaikakoan tokia egitea, baina aurpegi berriz jositako talde batean -are gehiago entrenatzailea bera ere berria denean- aukera gehiago omen dago, lehen jardunaldietan, behintzat.
Horixe gertatzen ari da Athleticen ere. Bi jardunaldi besterik ez dituzte jokatu zuri-gorriek eta, Joaquin Caparrosek ideiak nahiko argi dituen arren, jokalari gehienek izan dute minuturen bat jokatzeko aukera. Bi partida horietan, izan ere, entrenatzaileak dituen 27 gizonetatik -lehen taldeko 25ak, Markel Susaeta eta Ion Velez iritsi berriez gain- 18k izan dute kamiseta zuri-gorria janzteko aukera. Horiez gain, Dani Aranzubia eta Ander Murillo ere deialdietan sartu dira, jokatu ez duten arren.
Oraindik, hala ere, badaude gainerakoek dastatu dutena probatu nahi duten zazpi jokalari. Gehienak, ezinbesteak eraginda geratu dira taldetik kanpo. Hori da Fran Yesteren eta Luis Prietoren kasua -biak min hartuta daude-, Pablo Orbaizen eta Asier del Horno heldu berriaren kasuak -beren sasoi ona berreskuratu nahian ari dira- eta Carlos Gurpegiren kasua -zigortuta dago-. Lehenago edo geroago, beren aukera helduko da.
Ez dauka hain argi Joseba Garmendiak, basauriarra fitxa barik egon baita azken unera arte, Athleticek udan taldea uzteko ateak zabaldu ostean. Deigarria, iaz 16 partida jokatu zituela ikusita eta, batez ere, udan entrenatzaile berriarekin ezin izan duela lanik egin kontuan hartuta.
Baina Ezquerroren ezezkoaren ondoren, fitxa bat aske geratu zen, eta Garmendia lehen taldera itzuli da. Ez du oraindik, noski, aukerarik izan, baina jokalariak ez du itxaropena galdu. «Iaz ere antzeko egoeran nengoen, eta jokatzeko aukera eman zidaten», gogorarazi zuen.
«Sufrimendu handiko asteak bizi» ondoren, Garmendiak «izugarrizko poza» sentitu zuen ostiralean, zortzia berreskuratzean. Horregatik, beharbada, baikor azaldu da. «Taldean nago eta, beharbada, ez da erraza izango, baina entrenatzaileak beste batek baino hobeto egin dezakedala uste badu, argi daukat nire aukera izango dudala».