GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sinn Feineko eta DTPko gazteak Euskal Herrian dira elkar ezagutza sustatzeko

p016_f01-148x100.jpg

GARA |

Esperientziak trukatzea, hori da datozen egunotan Euskal Herrian egingo diren eta gazte mugimenduak antolatu dituen nazioarteko topaketen oinarria. Gainera, helburuak ere finkatuta ditu: «Euskal Herriko gazteek beste herrietako ezagutzan sakon dezaten bilatzen da, eta beste herrietako gazteei euskal gazteriak herri honen eraikuntza prozesuan egiten duen ekarpena lehen eskutik ezagutzeko aukera ematen zaie».

Sinn Feineko eta Kurdistango Gizarte Demokratikoko Alderdiko (DTP) gazteak etorri dira gurera, Euskal Herriko gazte mugimenduaren baitan internazio- nalismoa sustatzeko sortu berri den Kamaradak sarearen ekimenez. Besteren artean, gaur bertan, 19.00etan, hitzaldia emango dute Donostiako Koldo Mi- txelena Kulturunean, «Gazteen ekarpena gatazkak konpontzeko prozesuetan» gaiaren gainean. Bihar, berriz, Oiartzungo Udalak harrera egingo dio delegazioari eguerdian. Maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetan izandako ilegalizazio eta bazterketa politikoaz jarduteko aukera izango dute.

Topaketen zergatia

Antolatzaileen arabera, topaketa horien zergatia Europaren egungo egoeran bertan topatu behar da. «Bere eraikuntza ereduaren oinarrian estatu-nazioen gainean antolaturiko egitura instituzionala dago. Eta egitura hori bera dago Europak egun bizi dituen arazo gehienen erroan», azaldu dute.

Prentsa adierazpen batean zehaztu dutenez, azken hamarkadei erreparatuz gero, «eta arazo sozial eta ekonomikoei begiratu egin gabe, ezin ulertuko dugu Europar Batasunaren eraikuntza prozesua bere baitan sortu diren hainbat gatazka, kasu batzuetan armatuak, aintzat hartu gabe», azaldu dute. Beren esanetan, Irlandaren, Eskoziaren, Montenegroren, Kosovoren, Sardiniaren, Flandesen eta Kurdistanen auzietan «erro bera» dago: «Herriek ez dute lekurik egun bermatzen den egituraketa instituzional europarrean».

Kurduak, irlandarrak eta euskal herritarrak «ukazio hori jasaten duten» hiru herritako gazteak direla nabarmendu dute. «Urteetan batzuek pairatu dituzte, eta besteok oraindik ere pairatzen ditugu, gatazka horien ondorioak», gogorarazi dute antolatzaileek.

Etorkizunari begira

«Baina, aldi berean, eta bakoitzak bere jarduna dagokion errealitateari egokituta, gure herrien aldeko lanean urte luzetako esperientzia daukagu bizkar gainean. Topaketen helburua da esperientzia horiek tru- katzea eta etorkizunean elkar-lanerako esparruetan sakontzea», gaineratu dute idatzian.

Gaur Gipuzkoako hiriburuan ematekotan diren mintzaldiaz eta bihar Oiartzunen egingo dieten harrera instituzionalaz gainera, Irlandako eta Kurdistango gazte horiek Euskal Herriko hainbat gazte eragiletako ordezkariekin egoteko modua izango dutela jakinarazi dute nazioarteko topaketok prestatu dituztenek. «Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan eragiten duten gazte esparru ezberdinetako eragileekin bilduko» direla eta haien lana «lehen eskutik» ezagutzeko aukera izango dutela agertu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo