Polizia espainolek Cahorsen aurkitutako materiala aztertuko dute frogen bila
Iragan larunbatean Cahors herrian atxilotutako ustezko ETAko lau militanteak gaur eramango dituzte epailearen aurrera. Bitartean, poliziakide espainolak Estatu frantsesera joango dira zantzuen bila.
GARA |
Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazen aginduz, Polizia espainoleko eta Guardia Zibileko hainbat agente Estatu frantsesera joango dira heldu diren egunetan, Cahorsen egindako polizi-operazioan atzemandako materiala aztertzeko eta bertan atxilotutako lau euskaldunen kontrako frogak bilatzeko.
Zehazki, iragan urteko abenduaren 30ean Barajasko aireportuko T-4 terminalean izandako leherketarekin lotuko lituzkeen zantzuen bila joango dira poliziakide espainolak. Izan ere, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak larunbatean adierazi zuen lau atxilotuek ekintza horrekin harremana badutela.
Pedrazek aipatu agindua eman du, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak hala eskatuta.
Rubalcabak, bere aldetik, atzo ere adierazpenak egin zituen Cahorsen izandako operazioaren gainean, eta aurreko egunetan esandakoari jarraituta, aipatu zuen ETAren «funtsezko gunea» bertan behera geratu dela, eta atxilotuei egotzi zien azken hilabeteetan erakunde armatuak egindako ekintza gehienak.
Prentsaren aurreko agerraldi batean, ministro espainolak aipatu zuen, dena den, ETAk «bere saiakeretan jarraituko duela». «ETAren asmoa ahal duenean ekintzak egitea da beti, eta gurea hori eragoztea da», gaineratu zuen.
Halaber, Rubalcabak azaldu zuen poliziakide espainolek eta portugaldarrek osatutako bi talde daudela Portugalen lanean, herrialde hartan ETAko kideak egon daitezkeen edo ez aztertzeko.
Beste alde batetik, Luis Iruretagoiena, Ander Mujika, Alaitz Aramendi eta Oihan Barandallak Parisko polizia-etxe batean eman dituzte azken orduak, eta gaur eramango dituzte epailearen aurrera.
Lau euskal herritarroi elkartasuna adierazteko eta Polizia frantsesak egindako polizia-operazioaren kontra protesta egiteko, mobilizazioak egin zituzten atzo atxilotuen herrietan, azken egunetan bezala.
Horrela, Etxarri-Aranatzen 100 bat lagunek herri-batzarra eta manifestazioa egin zuten arratsaldean, beren herrikide Oihan Barandallari eta beste atxilotuei babesa helarazteko. Gaur ere mobilizazioa egingo dute, ordu berean, Sakanako herrian.
Orozkon, Alaitz Aramendiren herrian, 80 lagunek manifestazioa egin zuten, eta mobilizazioak egin zituzten Donostiako Gros auzoan ere -bertakoa da Ander Mujika- eta Luis Iruretagoienaren herrian, Tolosan.
Elkarretaratzea 11.00etan
Tolosan bertan, gaur goizean, 11.00etan, elkarretaratzea deitu dute epaitegiaren aurrean, herriko gazte bat epaituko baitute bertan, larunbatean Ertzaintzak atxilotu ondoren.
Polizia autonomikoak lau lagun identifikatu eta bi atxilotu zituen egun horretan, Cahors herriko polizi-operazioa salatzeko egun horretan egin behar zen manifestaziora deitzeko kartelak jartzeagatik.
Horren ondorioz, prozedura azkarra deritzonean, gazte bat epaituko dute gaur, eta Tolosako amnistiaren aldeko mugimenduak elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die auzokideei.
Tolosako gazte bat gaur epaituko dute, iragan larunbatean atxiloketen kontrako mobilizazioan parte hartzera deitzen zuten kartelak jartzeagatik Ertzaintzak atxilotu ondoren. 11.00etan, elkarretaratzea egingo dute epaitegiaren aurrean.