KAEko analisia
Busturialdea, erregulartasunaren lagun denboraldian
Jon Urrutiak, KAEko presidenteak, egokitzat jo zuen aurtengo denboraldia. Bere hitzetan, «oso estropada politak eta lehiakorrak ikusi dira aurten».
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
KAE Liga amaitu berri da. Iragan larunbatean eta igandean egin zituzten KAE-1 Ligara igotzeko eta bertatik jaisteko kanporaketak. Delakoetan, Busturialdea izan zen onena eta azkarrena beste hiru ontzien aurretik: Hondarribia eta Ur Kirolak (KAE-1) eta Portugalete (KAE-2).
Garaipenak, ordea, ez die oraindik lehen taldeko ligara igotzeko sarrera ematen bizkaitarrei. Hau da, San Miguel Ligako kanporaketara itxaron beharko dute igoera baieztatzeko.
Izan ere, Galiziako Ligako norbaitek Arkote desplazatuko balu, hori KAE-1era jaitsiko litzateke eta horrek Busturialdea KAE-2an geratzea ekarriko luke.
Araudia alde batera utzita, argi dagoena da Castro hurrengo denboraldian KAE-1ean egongo dela bigarren taldeko ligaxkan txapeldun izan delako. Ondo hasi zuen denboraldia lehen estropada irabazita. Ondorengo bi probetan bigarren izan zen, baina denboraldia osoan bost estropada irabazi dituzte kantabriarrek.
Busturialdeak lau proba irabazi ditu denboraldian eta erregulartasuna izan da nagusi Bizkaiko taldean.
KAE-1ean, berriz, Getaria Indauxek ligako lehen postua ziurtatu zuen Pontejosen. Oso indartsu hasi zuen denboraldia: lehen hiru probetan gailendu eta laugarren estropadan bigarren postua lortu zuen. Guztira zortzi proba irabazi ditu Gipuzkoako taldeak.
Pasai Donibane bigarren gelditu zen liga berean. Horiek ere nahiko erregulartasun ona erakutsi dute denboraldi osoan, baina ezin izan dute Getaria gainditu ohorezko postuan. Hala, bai Getariak eta bai Pasai Donibanek, hilaren 15ean eta 16an Ipar-mendebaldeko Traineruen Ligako bi ontziren aurkako kanporaketa egin beharko dute hurrengo urtean San Miguel Ligan egoteko.
Jendearen esker ona
Bi taldeetako irabazleek, Getariak eta Castrok, jendearen eta aurkarien esker ona jaso zuten bakoitza bere ligan gailentzean. Getariak KAE-1eko bandera Pedro Garciaren bidez jaso zuen, San Miguel firmaren ordezkaria. Saria jaso zuena, berriz, Getaria ontziko patroi Aitor Carrillo izan zen.
Bestalde, Castroko patroi Iker Gimeno, bigarren taldean 2007ko txapeldun izateagatik bandera jaso zuen. Kasu horretan, KAE Ligako presidente Jon Urrutiak eman zien.
Lehen taldeko KAE Liga berean, Hondarribia eta Ur Kirolak KAE-2n lehiatu beharko dute hurrengo denboraldian kanporaketetan ez baitzuten Busturialdea gainditu. Iaz ere, hasiera batean, bigarren multzo horretan aritu behar zuten, baina azkenean, beste traineru batzuen hutsuneak betetzeko gora igo zituzten.
Balantzea
Jon Urrutiak, KAE Ligako presidenteak, egokitzat jo zuen egindako denboraldia. «Bai KAE-1 eta bai KAE-2 ligetan maila ona egon da. Beharbada, lehen taldean Getaria beste taldeak baino hobeto egon da. Pasai Donibane, bigarrena, nahiko ondo ibili da ere azken estropadetan. Baina, bigarren taldean, nahiko banatuta egon da dena. Orokorrean, nahiko estropada politak ikusi ditugu», aipatzen du Urrutiak.
«Norbaitek esango balu hirugarren maila izanik ez zela ikuskizunik egongo, uste dut talde onak egon direla eta kanporaketetan ikuskizun ona egon dela», azaldu du Urrutiak KAE-2 Ligaren inguruan.
Antolakuntzari dagokionez, KAEko presidenteak balantze ona ere egiten du: «KAEk erakutsi du dena ondo antolatuta duela. Arazorik ez dela egon. Astilleroren kasua oso ondo eraman dugu. Uste dut arrauneko mundua nahiko bare dagoela. Beraz, alde horretatik, balantzea ona izan dela iruditzen zait».
Jon Urrutia KAEko presidente izateaz gain, Getxo taldeko zuzendaritzako kidea da. Taldeak denboraldian izan duen balantzeaz aritu da ere: «Denboraldia oso ona izan da. Gaztez osatutako taldea osatzen ari gara eta lortu diren emaitzak onak dira».
Hilaren 15ean eta 16an lehen kanporaketa jokatu beharko dute Getariak eta Pasai Donibanek Ipar-mendebaldeko Ligako lehenengo bi ontzien aurka. Hortik bi talde aterako dira KTEko azken bien aurka kanporaketak jokatzeko.
Getariak eta Pasai Donibanek lehiatu beharko duten lehen kanporaketaren agertokia ziurtatu gabe dago oraindik. Jon Urrutiaren hitzetan, baliteke Galizian (Tiran eta Meira), edo Gorliz eta Bermeon izatea.