MAITE ETXEBERRIA eta OIHANA AIZPURu Soraluzeko euskal preso politikoen senideak
Dispertsio madarikatua
Sei urte pasa dira dispertsioak Iñaki eta Asierren bizitzarekin bukatu zuenetik. Sei urte Brievako espetxera Lurdes Txurruka laguna ikustera joan eta bidean gelditu zirenetik. Biak, herrizaleak, euskaltzale amorratuak, beti laguntzeko prest, lagunen lagun... Eta sei urte hauetan sufrimendua areagotu da. Euskal preso politikoen egoerak okerrera egin du, eta dispertsioak bizitza gehiagorekin bukatu du.
Gaur egun indarrean dagoen dispertsio politikak euskal preso politikoen nahiz senide eta lagunen eskubideak urratzen ditu etengabe. Eginarazten diguten kilometro andanaren ondorioz, noiznahi istripuak izateko arriskuan gaude. Nor edo nortzuk izango dira hurrengoak?
Gero eta sufrimendu gehiago senideok pairatzen duguna. Eta ez soilik milaka kilometro egitera behartzen gaituztelako, baizik eta gure senide presoen eskubideak gero eta gehiago urratzen ari direlako. Gaixotasun larriekin dauden presoak ez dituzte askatzen... Zigorra beteta dutenek barruan jarraitzen dute, gure senide Peio Etxeberria, kasu. Baina ez da gurean etsipenik izango. Presoak ez ditugu inoiz bakarrik utziko. Eta badakigu, Iñaki eta Asier bezala, beti izango dugula lagun multzo handi bat gure ondoan, Lurdes eta Peioren ondoan.
Gutun honen bidez gonbidapena egin nahi dugu larunbat honetan Iñakiren eta Asierren omenez eguerdiko 12.30ean Karakaten egingo den ekitaldian parte hartzeko, baita arratsaldeko 8.00etan Plaza Barrixan egingo den kontzentrazioan ere. Dispertsioa salatzeko eta Iñaki eta Asier lagunak gogora ekartzeko.