Manifestazioa deitu dute gazte independentistek heldu den igandean, Zarauzko Euskal Jaietan
GARA | ZARAUTZ
Euskal Herriko gazte independentisten izenean manifestaziora deitu dute datorren iganderako Zarautzen. Asteburuan Euskal Jaiak izango dira Gipuzkoako herrian, eta «beste behin ere, jai giroa aprobetxatuz, borrokarako deia egiten dugu», azaldu zuten antolatzaileek. Manifestazioa «Bildu, erabaki, independentzia irabazi» lelopean eginen da, eta Musika plazatik aterako da, 19.30ean.
Gazte independentistek Euskal Herriaren independentziaren garrantzia nabarmendu zuten deialdian: «Gazteok independentzia ezinbesteko helmuga dugula aldarrikatu nahi dugu beste behin ere», adierazi zuten, eta lau haizeetara zabaldu nahi dute behar hori. Beren hitzetan, «gazteon eskubideak defenditzea» lortzeko ezinbestekoa da gazteek aldarrikatutako independentzia. Gaineratu zutenez, «egungo eredu neoliberal honekin hautsi eta bestelako eredu batean oinarrituko den herri aske bat eraikitzea bermatuko duen alternatiba da». Independentzia lortuta, «gazteon eta herritarren hitzetik abiatuko den herriari» bide emanen litzaioke, eta besteak beste, «berdintasunean oinarrituta egonen litzateke eta kritikotasuna bultzatuko lukeen eredua» izanen luke.
Borrokarako deia
Arrazoi horiek denak direla-eta, euskal gazteriari dei egin zioten manifestazioan parte hartu eta independentzia lortze bidean «egunez egun bere herrian nahiz auzoan lan egiteko».
Aldarrikapena ezagutarazteaz gainera, independentziaren aldeko borrokaren beharra nabarmendu zuten manifestazioaren deitzaileek. «Bidea markaturik izan arren, asko baitugu borrokatzeko», ohartarazi zuten gazteek ildo horretan.