AMATEUR Goierriko Itzulia
Talde euskaldunen onenak bilduko dira gaur Urretxun
Ferrari, Amador, Nieve eta Lana lehiatuko dira igandea arte betiko ibilbide menditsuan
Unai IRARAGORRI | BILBO
Gaurtik hasi eta igandera bitartean, talde euskaldunek garaipena bilatuko dute Goierriko Itzulian. Denboraldiko txirrindulari onenak irteeran izango dira Urretxun, hala nola, Fabricio Ferrari (Azpiru), Andrei Amador (Lizarte) eta Mikel Nieve (Caja Rural).
Taldeek azken ahalegina egin eta txirrindulari onenak ekarriko dituzte. Baqueko Salasek ez du erraz iazko garaipena errepikatzeko, baina hautagaia da. Orain dela bi urte etapa ere eskuratu zuen. Alboan, Esteban eta Iglesias izango ditu.
Azpiru-Ugartek sekulako denboraldia egin du, eta itzuli bat irabaztea besterik ez du falta. Ferrari Lekeition gailendu zen astelehenean eta Euskaldun Txapelketa erdietsi zuen, bide batez. Tamayo, berriz, bigarren sailkatu zen Tenerifeko Itzulian. Artola hirugarren aukera da.
Caja Ruralek ere primerako multzoa du: Nieve, Toribio, Sesma eta Saez de Arregi sasoian helduko dira.
Castroviejo eta Izagirre gazteak Seguros Bilbao taldearen aukerak dira eta Olano Bidasoako Itzulian emandako maila bera ematen ahaleginduko da Bidelan-Kirolgin.
Edonola ere, beste bi hautagai nagusi daude, Amador (Lizarte) eta Lana (Azysa). Bi horiek sasoiko heldu dira. Beste talde euskaldunak Telco, Alfus, Bruesa eta Belca dira. Azkenik, Estatu espainoletik CCM, Cosaor eta, batez ere, Saunier Duval arituko dira. 15 talde dira orotara.
Berriro ere, ibilbide menditsua izango du itzuliak antolakuntzak azken saioa moztu duen arren. Lehendabiziko bi etapak, berriz, iazko antzekoak izango dira. Guztira, 17 mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, zazpi bigarren mailakoak eta 10 hirugarrenekoak.
Urretxuk hartuko ditu hiru irteerak eta ibilbide goraberatsua izango da egunero. Parte-hartzaileak gaur Zumarragara helduko dira. Tartean, bost mendate dira, Mandubia, Atagoiti bi aldiz eta Eitza hirutan, azkena helmugatik bi kilometrotara.
Bihar, Santa Barbarako gainean amaituko da etapa; eta igandean Urretxun bertan bukatuko da etapa eta itzulia, Deskarga igo ostean.
Urrian, ziklo-kros lehendabiziko lasterketak hasiko dira, eta Unai Yus euskaldunak eta Isaac Suarez kantabriarrak errepidean prestatzen dute neguko denboraldi hori; hain zuzen, bihartik arituko dira Goierriko Itzulian.