John MacClane polizia bere barruko elastiko gabe itzuli da
«Live Free or Die Hard»
Sylvester Stallone edo Harrison Ford bezalako beteranoen antzera, Bruce Willis-ek ere ez du ospetsu egin zuen saga uzteko asmorik. Gaztelaniaz «La jungla 4.0» izendatu duten filman sasoiko dagoela erakutsi du 20 urte hauetan zuen ile urria galdu duen John McClane heroia berriro hezurmamituz. Izari hadinko informatika sabotaje bati aurre egin beharko dio oraingoan.
Mikel INSAUSTI | DONOSTIA
Dagoeneko diru gehien eman duena da protagonista Bruce Willis duen abentura saga entzutetsuaren laugarren emanaldia, itxurari eusten jakin duen antzezle beterano honi esker. Bera da, izan ere, pantailan John McClane superpolizia hezurmamitzen jarraitzea onartzeko kinkan jarriko duen arrakastaren errudun nagusia, inork ez baitu dudarik bosgarren film bat egingo dutenaz, eta litekeena da besteren bat gehiago ere iristea kutxa irarleak txin-txin hotsa ateratzen jarraitzen duen artean.
Generoak bizi duen bigarren urrezko aroa du alde, mesede egin baitio Hollywood-ko ekoizleak duela bi eta hiru hamarkadako zinema komertzialena berreskuratzera eraman dituen moda retro-ak. Oso onuragarria da haientzat, aski baitute pertsekuzio eta tiroketa agerraldietan dolar gehiago inbestitzea, gidoiei buruan buelta eta buelta ibili beharrik gabe. Izan ere, gidoiak gaurkotzeak egoera politiko zuzenari men egitea besterik ez du eskatzen.
«Die Hard» («La jungla de cristal» gaztelaniaz) 20 urte egitera doan frankizia denez, lehenengo emanaldia estreinatu zenean artean jaio ere egin ez ziren ikus-entzuleak zinema aretoetara eramatea zen Fox etxearen lehenengo helburua. Ikus-entzule nerabe horiek irabazteko, adinen araberako sailkapen beldurgarriari ihes egin behar zioten, 17 urte baino gutxiagokoei sarrera galaraziz gero kontuak ez baitziren egoki aterako.
Azkenean nahi dutena lortu dute, indarkeriazko edukiak apalduz eta odol isurtzea geldiaraziz, heroi mihi-zatarraren lagunarteko esapide lotsagabetxoak eta hizkera matxista isilarazteaz gainera. Orain ez diote jada erretzen uzten, eta John McClane ez da lehengoa. Areago, bere barneko elastiko uhaldun zikin eta bereizezinari ere uko egin behar izan dio. Begien bistakoa da berrogeita hamarka urteko Bruce Willisi ezin ziola bere gaztaroan bezala eman, eta beraz hobe zortea ez tentatzea eta burua guztiz soilduta duen bere oraingo itxurari egokitutako jantziak bilatzea. Bruce Willisek asko agintzen du sailean eta inor ez da ausartzen ezer erabakitzen aurretik berari aholku eskatu gabe, ezein segida bere baimenik gabe ezinezkoa izango litzatekeen unean bertatik. Giltza da antzezlearen parte hartzea ekoizpen prozesu osoan, eta horregatik ez dio axola izan laugarren emanaldiko proiektua sendotuta egon den arte hamar urte itxaron behar izateak. Eta hori atzerapenak neke handiagora behartu duen arren, azkenean filmaketa hain zorrotz eta arriskutsuak eskatzen duen sasoia berreskuratu badu ere. Denbora luzea zeramaten gidoilariek laugarren istorio honekin lanean, teknologia gerra berriak eta sarearen bidezko erasoen aurrean Ameriketako Estatu Batuetako informatika sistemaren zaurgarritasuna hizpide hartuta «Wired» aldizkarian «Agur armei» izenburupean argitara eman zen John Carlin-en artikulu bat oinarri hartuta betiere. Argi zeukaten, beraz, «Die Hard» sailak zibernetika aroak ezarritako modu berriekin bat etorriko zen beste norabide bat hartuko zuela eta heroi zaharrak halako erronka futurista gainditu beharko zuela. Ziberespazioan barnako bidaia horretan Bruce Willis ez zen bakarrik egon eta errealizazioaz arduratzeko kontuan hartu zituzten zuzendari guztiek, salbuespenik gabe, antzezlearekin lan egin izana zuten bete beharreko aurre baldintza, eta horregatik ibili ziren bolo-bolo Antoine Fuqua, Florent Siri, Luc Besson eta John McTiernan-en izenak.
Zuzendari eta giro berriak
Azken orduan Bruce Willisek, bere alabetako batek aholkatuta, nahiago izan zuen errealizadore berri batekin arriskatzea. Bere itxura izugarria gorabehera, abenturazko produktu bat baizik ez den «Underworld» filma ikusi eta gero, zuzendaria Len Wiseman izango zela erabaki zuen. Berehala elkar hartu zuten, biek ala biek ihes egin nahi baitzuten efektu digitaletatik eta figuranteekin filmatutako sekuentzia ikusgarrietara itzuli nahi baitzuten errealismo handiagoa eta zirrara fisikoagoa lortzeko. Generoko klasikoen eta kritikarien ikuspegitik udako benetako garailea izango den Paul Greengrass-ek «The Bourne Ultimatum» («El ultimátum de Bourne» gaztelaniaz) filman markatutako joera berritzaileen artean dago emaitza. Wisemanek konparazioan galtzaile ateratzeko aukera guztiak ditu, azken batean, pasarte eztandagarriak gehiegizkoago eta neurriz kanpokoagoak baitira bere eskuetan.
«Live Free or Die Hard» filmaren gertakizunak John McClane protagonista eta irailaren 11ko atentatuek eragindako paranoia kolektiboa atzean uzten laguntzen duen pertsonaia errepikaria den ziberterrorista talde bat jarri ditu aurrez aurre. Informatika konspirazio bat izatean ez dago islamismora edo kanpoko beste arrisku potentzial batzuetara jo beharrik, baina hala ere Fox etxeak ez dio uko egin nahi izan sailari berezkoa zaion eta jatorrizko izenburuaren esloganean, «Live Free or Die Hard» (Aske bizi edo hil), nabarmena den abertzaletasunari, batez ere barne mailako kontsumoan pentsatuz. Gure merkatuan ez du zentzurik, lehenengo emanalditik aldatu baitzioten izenburua. Aukeratutako etsaia jatorri frantsesekoa da oraingoan ere, ohiko arerio kulturala den heinean, eta ez gerrako arerioa.
Bruce Willisek antzezleen begirunea irabazi du zinema independentea lagundu behar denean bere soldatari uko egiten badakielako eta Richard Linklater-en «Fast Food Nation» edo Nick Cassavetes-en «Alpha Dog» bezalako oraintsuko errealizazio arriskutsuetan bere parte hartzea jada ohikoa delako. Kontsumoko ekoizpenen artean ongi eramandako izar goren irudiari eutsi dio, bere 52 urteak behar baino zama astunagoa izan gabe. Badaki bere adinerako egokiak diren paperak aukeratzen, eta horren erakusgarri dira estilo klasikoko abentura filmetan hezurmamitu dituen pertsonaia helduak, Richard Donner-en «16 Blocks» edo Paul McGuigan-en «Lucky Number Slevin» filmetan antzeztu dituen paperak, besteak beste.
Arriskuren bat edo beste ere bere gain hartzeko maniobra tartea ematen dion ekonomi segurantza dauka antzezleak. Horrela da «The sixth sense» filmaren alde egin eta, diru jakin batekin etsi ordez, etekinak partekatzeko kontratua sinatzea erabakitzeari esker lehenengo saria irabazi zuenetik. Hala eta guztiz ere, abentura zinemaz nekatu samar dago eta komediara itzultzea gustatuko litzaioke, hasierako «Moonlighting» hura filmatu zuenekora.
Denbora luzea zeramaten gidolariek istorio honekin lanean, sarearen bidezko erasoen aurreran AEBtako informatika sistemaren zaurgarritasuna hispide hartuta «Wired» aldizkarian «Agur armei» izenburupean argitara eman zen John Carlin-en artitkulu bat oinarri hartuta betiere.
Gaztelaniazko izenburua:
«La Jungla 4.0».
Zuzendaria: Len Wiseman.
Gidoia: Mark Bomback eta David Marconi, John Carlin-en artikulu bat oinarri hartuta.
Argazkia: Simon Duggan.
Musika: Marco Beltrami.
Antzezleak: Bruce Willis, Justin Long, Timothy Olyphant, Mary Elizabeth Winstead, Magggie Q, Cliff Curtis.
Herrialdea: Hong Kong-Txina, 2007.
Iraupena: 130 minutu.
Generoa: Abenturak.