Lana eta bizitza, bateraezinak ote?
Biodiesela gure gizartean natura babesteko nagusitzen ari diren joeren ondorioz sortutako negozio bat da. Bionor enpresak biodiesela ekoizten du, baina naturarekin erakusten duen balizko begirunea ez die modu berean erakutsi bertan lan egiten dutenei. Bionorrek Berantevillan duen lantokiko lau langilek ezbeharra izan zuten atzo. Istripu horren ondorioz, langile bat hil zen eta hiru zauritu ziren. Antza, araztegi berri bat jartzen ari zirela gertatu zen ezbeharra, eta biodiesela ekoizteko enpresak erabiltzen dituen hondakinen korrosio-ahalmen handiaren ondorio izan zen.
«Istripua» deitzen zaio, baina ezbehar gehiegi izaten dira lantokietan, saihestu ezin diren «istripuak» direla esateko. Dagoeneko, 81 langile hil dira aurten Euskal Herrian, lanean ari zirela edo lanposturako edo etxerako bidean zeudela. Azken hamar urteotako datuak -Estatu espainolean Lan Arriskuen Prebentziorako Legea in- darrean dagoenetik, hain zuzen- izugarriak dira: egunero, baja eragiten duten 175 ezbehar; egunero, bi ezbehar larri; hilean, hamaika langile hiltzen dira... Hala ere, Europan gertatzen diren ezbeharren kopuruen arabera, badirudi langileen segurtasuna bermatu ahal dela. Edo Euskal Herriko lantokietan eskaintzen zaien segurtasuna hobetu, behinik behin. Horretarako, baina, borondatea, neurri eraginkorrak eta baliabideak behar dira. Prebentzio politikak behar dira. Eta zigor politikak ere bai.
Izan ere, Europatik hasita, erakunde maila guztiek onartu dituzte lan ezbeharrei aurre egiteko arauak, baina Euskal Herrian horien guztien eraginkortasuna kolokan gelditzen da gutxienez hiru egunetik behin, hots, langile bat hiltzen den bakoitzean. Atzoko ezbeharra adibide bat baino ez da: Estatu espainolean Azpikontratatze Legea onartu berri dute, hain zuzen ere lan ezbeharrak egoera horretan dauden langileen artean oso ugariak direlako. Atzoko istripuko lau langileak egoera horretan ziren, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak Bionor enpresan zuzenean parte hartzen duen. Borondatea ez da nahikoa lana eta bizitza bateragarriak egiteko.