GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Legedi frantsesak ez du auzi honetan bizi osorako espetxe zigorra ahalbidetzen»

xantiana2.jpg

Xantiana CACHENAUT
Abokatua

Cachenaut buru-belarri dabil Cahorsen Polizia frantsesak atxilotutako lau euskal herritarren defentsa prestatzen. Alta, Parisko fiskal buruak egindako adierazpenek «zur eta lur» utzi dute, Estatu frantseseko legediak ez baitu hiru eguneko bahiketa delitu batengatik eskaera hori ahalbidetzen.

Oihana LLORENTE |

Ander Mujika, Alaitz Aramendi, Oihan Barandalla eta Luis Iruretagoiena atxilotu ostean Fiskaltzak egindako mehatxuak haizeak harrotu ditu. Askatasunak esan du azken urteetan «legedi antiterroristan» eman diren aldaketak «segurtasunaren eta nazioarteko terrorismoaren aitzakiapean» onartzen dituztela. Gainera, aldaketa horiek Estatu frantsesak errepresioaren bidez euskal militanteen borrokarekin amaitzeko egindako apustu gisa ulertzen ditu. Alta, arazo politikoak bide errepresiboekin konpontzen ez direla ohartarazi eta konponbidearen bidean urratsak eman ditzala exijitu dio Estatu frantsesari.

GARA, azken atxiloketen aurrean sortutako giroan sakondu nahian, atxilotuen abokatu Xantiana Cachenautekin egon da, azken egunetako aferak hurbiletik ezagutzeko.

Zein egoeratan daude une hauetan atxilotutako lau euskal herritarrak?

Asteazkenean pasarazi zituzten epailearen aurretik eta gaueko 02.00ak arte luzatu zen prozesamendu azterketa. Ondoren, espetxeratuak izan ziren, Aramendi eta Iruretagoiena Fleury-Merogisen; Mujika Villepinten eta Barandalla Nanterren. Guztiei, gaizkile-taldeko kide izatea, dokumentu faltsuak, arma eta lehergailuak edukitzea eta zazpi egun baino gutxiagoko bahiketa leporatu zieten prozesamendu kriminalean. Orain, lau urtez luzatu daiteke instrukzio fasea eta behin sumarioa itxita beste bi urte luzatu daitezke epaiketa eman arte.

Parisko fiskal buru Jean Claude Marinek ezohiko agerraldia egin zuen eta lau pertsona hauek bizi osorako espetxe zigor baten aurrean egon daitezkeela ohartarazi zuen...

Lehenik eta behin, komunikabideen aurrean esandakoa eskaera fiskala ez dela argitu behar da, Estatu frantsesean eskaera epaiketa arte ez baita egiten. Hala eta guztiz ere, bizi osorako espetxe zigorraren eskaera zazpi egunetik gorako bahiketarekin batera soilik etor liteke. Ha- la agintzen du Estatu frantseseko legediak. Zazpi egun baino gutxiago irauten duten bahiketak, aldiz, 10 urteko penaz zigortzen dituzte, baina terrorismo kutsua duten bahiketek 15 urteko zigorra ekar dezakete.

Zer iritzi duzu azken atxiloketa hauekin sortu den eztanda mediatikoaz?

Asteazkeneko agerraldia oso bitxia izan zen, nik ez dut inoiz halakorik ikusi Estatu frantsesean eta horren atzean borondate politiko argia dagoela uste dut. Ez da batere zuzena horrelako prentsaurrekoak ematea. Oraindik instrukzioaren hasiera-hasieran gaude, lau urte irauten baititu eta egun sumarioa dagoen bezala ez dago inolako froga zuzenik lau kide hauek bahiketarekin lotzeko.

Azkenaldian Estatu frantsesak euskal herritarren aurkako errepresioa areagotu duela salatu du ezker abertzaleak...

Azken bi urteetan euskal preso politikoen aurkako kondenak bikoiztu egin dira eta mediatikoki horrenbeste zarata egitea berria da, normalean Fiskaltzak ez du publikoki deus erraten... Nire ustez, mementu berezi batean gaudela esan nahi du horrek eta noski haren atzean ikuspegi politiko bat dago.

bahiketa

«Bizi osorako espetxe zigorra zazpi egunetik gorako bahiketekin etor daiteke. Osterantzean, 10 urteko penaz zigortzen da delitu hau, baina kutsu terroristarekin 15 igo daiteke»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo