Osasun arazoak dituen arren, Joxe Domingo Aizpurua sei urterako kartzelatu du Parisek
GARA |
Parisko Epaitegiko 14. Sekzioak sei urteko zigorra jarri zion atzo Joxe Domingo Aizpuruari, eta espetxera bidali zuen. Usurbildarra baldintzapeko askatasunean zegoen 2006ko martxoaz geroztik; ebakuntza egin eta min- biziari aurre egiteko tratamendua egin ziezaioten utzi zuten aske agintari frantsesek. Hain justu, Askatasunak kezka agertu zuen bere osasun egoerak okerrera egin dezakeelako kartzelan, eta horregatik berehala aske utz dezatela eskatu zuen.
Epaiketan ere Aizpuruaren abokatuak bere osasun egoera «ahula» kontuan hartzeko eskaria egin zuen, baina epaileak ez zion jaramonik egin. Azken horrek, besteren artean, «helburu terroristak dituen gaizkile taldeko kide izatea» leporatuta jarritako sei urteko zigorraren bi herenak bete beharko dituela azaldu zion usurbildarrari, baldintzapeko askatasuna eskatzeko. Hiru eginda dituenez, bakarra geratuko litzaioke horretarako.
Arratsaldeko ordubietan hasi zen saioa Parisen, eta bostetarako dagoeneko epaia emana zuten. Espetxe zigorraz gain, Estatu frantsesean egoteko behin-betiko debekua ezarri zioten.
Sumario berean zeuden gainerako euskal herrita- rrak lehenago epaitu zituzten, eta Aizpuruarena atzo arte atzeratu zuten pairatzen duen gaixotasuna dela-eta. Usurbildarrak baldintzapeko askatasuna luzatzeko eskaera egina zuen, baina ukatu egin zioten.
Espetxeratzea salatzeko, gaur arratseko zortzietan batzarra egingo dute Usurbilen, eta ondoren mobilizazioa.
1994ko kanporatzea
Joxe Domingo Aizpurua 2003ko martxoaren 21ean atxilotu zuen Polizia frantsesak autoan zihoala, Mauletik gertu. ETAko kide izatea leporatuta, kartzelara bidali zuten. 2006 arte, Fleury Merogisen, Nanterren, Fresnes Ospitalean eta berriz ere Nanterren egon zen. Azken horretatik atera zen aske, iazko martxoaren 14an.
Baina ez da hori usurbildarraren atxilotze eta espetxeratze bakarra. 1991ko ekainaren 3an ere preso hartu zuen Polizia frantsesak. 1994an, Fleuryko espetxetik, askatasuna berreskuratzear zenean, Estatu espainolera kanporatu zuten. Hamalau egun egin zituen inkomunikatuta, eta Guardia Zibilak torturatu egin zuela salatu zuen.
CPTk txostenean jaso zuen bere kasua, beste 13 euskal herritarrenekin batera. Barne Ministerioko Estatu idazkari Margarita Roblesek ikerketa zabaltzeko agindu zuen, baina eginbide judizialak artxibatu egin zituzten.
Bestalde, presoen eskubideen alde, 30 herritar elkarretaratu ziren Burlatan iluntzean, 27 Arrosadian eta 20 Donibanen. Etxarri-Aranatzen, 80 lagun mobilizatu ziren Oihan Barandallari elkartasuna helarazteko.