Euskal Herriko joaldunen besta Gasteizko Judimendin izanen da, irailaren 15ean
GARA |
2002an egin zuten lehen aldiz Euskal Herriko «Joaldunen Festa». Orduan Txantrean izan zen, eta geroztik Irunberrin, Atarrabian, Lizarran eta Berriozarren egin izan dira, urtez urte. Aurten, Nafarroatik atera eta Gasteizen egitea pentsatu dute. Bertan «Judimendiko Joaldunak eta Momotxorroak» kultur elkartea, 2000. urtean sortutakoa, izanen da jaia prestatzearen arduraduna, eta irailaren 15erako antolatu dute, Gasteizko Judimendi auzoan.
Gasteizko kultur elkartearen helburuen artean «euskal kultura eta euskara bultzatzea» daude, jakinarazi zutenez. Beren jarduera oparoa izan da; herri eta hiri askotan parte hartu omen dute, bai jaietan, baita bertzelako ekintzetan ere. 2001etik, «Joaldunen Biltzarreko» kideak dira. Elkarte hori Iruñean sortu zen, eta Euskal Herriko joaldun taldeak biltzea du helburu. Hogei bat talde omen daude gaur egun biltzarrean sartuta. Jaialdiari dagokionez, «ahalik eta joaldun talde gehien egun berean biltzea» omen du xedetzat, eta aldi berean, urtez urte jaialdia hartzea egokitzen zaion herriari euren jarduera ezagutzera eman eta hurbiltzea. Hori guztia, euskal kultura eta euskara bultzatzeko helburu argiarekin batera.
Urtero legez, aurtengo jaialdiak ere egitarau osatua izanen du. Eguerdian eginen dute aurkezpena, dantzari taldeekin, 13.00etan Judimendiko Sefarad plazan. Ondotik, txistularien kalejira izanen da auzoko kaleetan barna, eta arratsaldean, txikientzako txalaparta tailerra egingo dute, Judimendiko parkean, 17.00etatik aitzina. Orduan eginen zaie joaldun talde guztiei harrera.
Kalejira erraldoia
Behin harrera eginda, taldeak bi zutabetan banatuko dira eta bi kalejira egingo dituzte Gasteiz osoan zehar, trikitilariak lagun. Atsedenaldi baten ondotik, bi zutabeak elkartu eta denek elkarrekin eginen dute bertze ibilbide bat. Joaldunen kalejira erraldoia amaitzean, 20.30 aldera perkusio talde bat arituko da Trebiño Konderriaren plazan, eta 21.45ean afaria eskainiko zaie eguneko protagonistei Orbela tabernan. Amaitzeko, kantaldia izanen da Gozategi taldearekin Sefarad plazan.