Xixili aurkeztu eta gero, suziria botako dute gaur Bermeon
Hamar eguneko jai giroan sartuko dira bermeotarrak gaur. Alkate berri Xabier Legarretak pregoia botako du 22.00ak aldera, Xixiliren aurkezpena bukatu eta gero hain zuzen. Ikurrina jaso eta betiko txupinari ekingo diote Udaletxean, geroago eta ondoren San Miguel eskilaretaraino jaitsiera izango da. Musika, antzerkia, kirola, pilota, estropadak... egitarau potoloa prestatu dute aurten ere.
GARA |
Andra Mari eguna ospatuko dute bihar eta, etzi, Arrantzale eguna. Etzidamu, Andra Mari hirugarrena izango da eta datorren larunbatean, Sukalki eguna. Santa Eufemia egunerako bederatzi egun falta dira oraindik baina bitartean jai giroa mantenduko da Bermeon egunero.
Ur jokoekin hasiko da gaurko eguna, Itsasoko Gurutze Gorriak kaiako martilloan antolatutako jokuekin. Txirrindularitza, pilota eta idi-probak ere jokatuko dira eta aurreko egunetan egin den bezala, ``La chirla de oro'' antzezlana ikusteko aukera izango dute bermeotarrek. Gauaz, Snatu-k eta Ost-ek kontzertua eskeiniko dute Lameran.
Bihar, Andra Mari eguna ospatzeko, eskaintza potoloa iragarri dute. Sokamuturra lehengo orduan, Erandioko Musika Bandaren kalejira ondoren eta goizeko 10.00etan buruhandi, erraldoi eta txistulariak batuko zaizkie. Ohitura denez, Udalari ohorezko aurreskua egingo diote Almikan 11.30ak aldera. Geroago, euskal erromeria iragarri dute leku berean. Bestalde, belaontzien lehenengo Andra Mari estropada jokatuko dute eta arratsaldez, aldiz, pilota profesionalarekin disfrutatzeko aukera izango dute zaleek. 21.30ean ``Bande déplacée'' antzezlana emango dute Deabru Beltzak taldeak, Lameran eta suziriak eta zezensuzkoa amaitu eta gero, 23.30ak aldera, The Uski's taldearen kontzertua hasiko da.
Arrantzale egunerako, hau da, etzirako, Almikan jokatuko duten Euskal Herriko talo egileen lehenengo txapelketa nabarmendu daiteke eta horrekin batera, Bermeoko estiloan, hainbat fanfarre eta txistulariak batuko dira Sabino Arana plazan eta gainerako kaleetan herria giroan sartu; Mitxel band, Zoroak, Los Incansables, El despiste, eta Kuklux izango dira Bermeon besteren artean.
Amaia Zubiria
Andra Mari hirugarrenean haurrei zuzenduta dagoen Berriketa ikuskizuna 13.00etan hasiko da Lameran eta 18.00etan, eguraldi aproposa bada, umeentzat ur jaurtiketa izango da Jai Batzordekoek. 19.30etan ``Tetrarip'' ikuskizuna emango du Trapu Zaharra taldeak Gizarte eta Kultur Etxearen ondoan eta 21.30ean, Lameran, Amaia Zubiriaren kantaldia hasiko da.
Irailaren 11n Bermeo-Gernika futbol partida jokatuko dute Itxas-Ganen, 18.00etan, baina lehenago, Kasinoan, herri bazkariren inguruan bilduko dira nagusiok.
Haurrei zuzenduta, playback txapelketa 19.30ean hasiko da egun berean eta geroago, antzerkia berriro nagusi; aurreko egunetan bezala ``La chirla de oro'' taularatuko dute 20.00etan eta 22.30ean Nestor Basterretxea aretoan eta 22.00etan Markeliñe taldeak ``Carbon club'' antzeztuko du Bermeoko portu zaharrean.
Hamar eguneko egitarauari ekingo diote bermiotarreka. Andra Mari eguna bihar ospatu eta gero, Arrantzale eguna eta Andra Mari hirugarrena pasako dira, Sukalki eguna eta Santa Eufemia heldu arte.