Bigarren Maila
Mandiolaren ustez, «oso zaila» izango da Celtak Eibarri irabaztea
Manixek deialditik kanpo utzi ditu Markel Robles eta Insa Realaren aurkako partidan «beraiengandik espero zen maila ez emateagatik»
Imanol CARRILLO | EIBAR
Aste osoa darama Eibarrek Celtaren aurkako partida prestatzen. Realaren kontrako iragan asteburuko neurketa gogorra alde batera utzi, eta bihar 18.30ean jokatu beharko duten partida garrantzitsua buruan du dagoeneko Javier Mandiola prestatzaileak.
Manixek atzo eman zuen 18 jokalariz osatutako deialdia hedabideen aurrean. Hala, hauek izango dira gaur goizean Galiziara bidaiatuko duten kirolariak: Cuellar, Herrera, Txiki, Raul Garcia, Urzelai, Alaña, Biel Medina, Martino, Zurutuza, Lombraña, Carmelo, Codina, Altuna, Eizagirre, Del Olmo, Yague, Nico Medina eta Larrañaga.
Deialditik kanpo utzi ditu, beraz, Etxabe (min-hartuta dagoelako), Manel (Manixen erabakiz), Gurrutxaga, Markel Robles eta Insa. Azkeneko bi horien kanporaketa deigarria da Realaren aurkako partida kaskarra egin ondoren.
Eibarreko prestatzailea Markel Robles eta Insaren inguruan mintzatu zen atzokoan bi jokalariak deialditik kanpo uztearena arrazoitzeko: «Nik ulertzen dut mundu guztia bigarren mailara moldatu behar dela, baina taldearen beharrak berehalako errendimendukoa izan behar du. Beraz, ezin gara 14. jardunaldira iritsi jendeak konfiantza hartu behar duela pentsatuta. Hala, momentu bakoitzean hoberen daudenak atera behar dira zelaira eta lehengo egunean bi aldaketa egin genituen. Horiek, arrazoi bat edo bestea izanik ere, ez zuten espero genuen maila erakutsi zelaian».
Gipuzkoarraren prentsaurrekoan antzeman ahal izan zitekeen moduan, aldaketa pare bat gerta litezke Celtaren aurkako partidan. Hala ere, nahiago izan zuen ixilik gelditu jokalarien motibazioa areagotzeko.
Dena den, asteazkenean ikusi ahal izan zenez entrenamenduan, Dani Martino defentsa atera dezake jokatzera bihar Balaidosen. 22 urteko hegalekoa Celta taldetik etorria da eta Manixek segur aski minutuak emango dizkio.
Beste alde batetik, ziur asko debuta egingo duen jokalaria Nico Medina txiletarra izango da. Asteazkeneko entrenamenduko hamaikakoan zegoen eta aukera asko dauzka galiziarren aurka aritzeko.
Celta, presionatuta?
Javier Mandiolak aurkariari buruz hitz egin zuen ere atzoko prentsaurrekoan. Badaki partida zaila izango dela biharkoa baita talde galiziarrak presioa nabari dezakeela ere. «Partida zaila da. Kordobaren aurkako bideoa ikusi dugu eta nahiz eta ez zuten irabazi, oso talde ona dutela ikus daiteke. Hala ere, emaitzak segituan ateratzearen exijentzia hori beraiengan guregan baino pisu handiagoa eduki dezake. Talde umila izateak abantailarik eduki behar zuen», adierazi zuen.
«Celta aurkari zaila da klubari, taldeari eta jokalarien kalitateari dagokionez. Hala ere, beraiengatik kezkatu baino, nire jokalariengatik kezkatzen naiz eta oso ondo ikusten ditut. Oso zaila iruditzen zait Celtak gu irabaztea. Oso zaila iruditzen zait beraientzat, baina baita guretzat ere» azaldu zuen talde armagineko prestatzaileak.
Bestalde, gaur abiatuko da Eibar Galiziara eta Allarizen (Ourense) entrenatuko da Gipuzkoako taldea.
Mandiola oso pozik agertu zen taldearen errendimenduaz. Badaki bi partida besterik ez direla jokatu aurtengo denboraldian, baina taldeak egin duen lana oso ona izan dela aipatu zuen atzo.
«Oso ondo dakigu hurrengo hiru partidetan zero puntu atera dezakegula aurkariek guk agian ez dugun maila dutelako. Hala ere, gure taldea nola dagoen ikusita, ez dut uste gu garaitzeko aukera handiak dituztenik. Aurre egin diezaiokegu Celtari; bigarren mailako edozein talderi. Hain zuzen ere, oso onak izanda ere, maila berean gaude. Ez dut uste inor Eibarren gainetik pasatuko denik», nabarmendu zuen Eibarreko taldearen prestatzaileak.
I.C.
Juan Manuel Peña Celtako jokalariak Eibarren aurka jokatu ahal izango du bihar. Apelazio Batzordeak lehengo egunean ikusitako bigarren txartel horia kendu zion atzo. Beraz, jokalaria Eibarren kontra aritzeko prest egongo da.
Atzo eguerdian ezagutzera eman zutenez, Eibarrek bost urteko hitzarmena sinatu du Igualatorio Medico Quirergico-rekin (IMQ). Hala, aseguru-etxea talde gipuzkoarraren babesle ofizial berria bihurtu da bost denboraldietarako. Dena den, kamisetan ez da agertuko bere iragarkirik, baina bai, ordea, futbol zelaietan, beste babesleen iragarkiekin batera.
Delako babesle horrek Eibarren partidetan DYAri lagunduko dio arreta medikoetan. Horren izena Aseguradora Sanitaria Oficial de la S.D. Eibar izango da. Honek, gainera, zenbait abantaila ekarriko ditu Ipuruako taldeko bazkideentzat.
Beste alde batetik, atzo arratsaldean Eibarreko oinarrizko taldeak aurkeztu zituzten.
I.C.