Aramaion izango da Euskal Herriko Kontalarien Festa
Getxon izan zen iaz lehenengo aldiz ipuinaren festa eta arrakasta handia izan zuen. Aurten, berriz, Aramaio aukeratu dute Euskal Herriko Kontalarien Jaia egiteko, irailaren 22an. Arabako herriko txokoak ipuinez, kondairaz edota «txutxu-mutxuz» beteko dira edizio honetan.
Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ
Ipuin kontalariak elkar ezagutzea izan zen iazko Euskal Herriko Kontalarien topaketaren helburu nagusietako bat. Ekimenak arrakasta handia izan zuen eta, era berean, erantzun oso ona izan zuen publikoaren aldetik. Getxon egin zuten iaz jaialdi horren lehen edizioa eta aurten, berriz, Aramaion izango da festa irailaren 22an. Ipuinak umeentzat ez ezik adin guztietako lagunentzat ere badirela aldarrikatu zuten bertaratu ziren ipuin kontalariek eta, aurreratu zutenez, edozein motako kondairak, ipuinak edota «txutxu-mutxuak» entzuteko aukera izango da.
Aramaio aukeratu dute ipuin kontalariek aurten bigarren edizioa egiteko toki gisa. Badu horrek ere arrazoi bat. «Herri txikietan oraindik bizirik diraute, apal bada ere, eta galzorian, zoritxarrez, ipuinetan azaltzen diren mundu magikoen zantzuak», aipatu zuten atzoko aurkezpenean.
Euskal Herriko Kontalarien Jaiko antolatzaile eta parte-hartzaile Iñaki Carretero, Joxemari Carrere eta Itziar Rekalde izan ziren, Aramaioko alkate eta kultura zinegotziarekin batera, ekimenaren nondik norakoa azaltzen. Guztira hogeita hamar bat ipuin kontalari arituko dira Aramaioko karriketan zehar, horien artean Koldo Ameztoi, Virginia Imaz, Miren Camison eta Kandelen Argipean izango dira jaialdian. «Jendeak pentsa dezake ipuin kontalari bat denbora pasatzeko pertsona bat besterik ez dela, baina hori baino harago lanbide bat da eta guk, zorionez, lanbide honetatik bizimodua ateratzeko aukera izan dugu», nabarmendu zuen Iñaki Carretero antolatzaileak.
Egun osoko egitaraua
Kalera aterako dira urtetik urtera memoriatik, ahozko kulturatik edota historiatik berreskuratu diren esanak. Hainbat txokotan entzun ahal izango ditugu ipuinak irailaren 22an Aramaion.
Hala nola, herriko ondorengo toki bereziak aukeratu dituzte istorio ezberdinak kontatzeko: hilerri zaharrean beldurrezko ipuinak kontatzen arituko dira ipuin kontalariak; Zubiondo izeneko gunean ura protagonista gisa duten ipuinak esango dituzte. «Ibaiaren ingurunea dugu hori eta bertan lamien kondairak izango dira, besteak beste, nagusi», aurreratu zuen Itziar Rekaldek; Santana ermitara joan ohi da jendea San Antonio santuari bikote eskaera egitera. Hortaz, ingurune hori ezin hobetzat jo dute maitasun kontuei heltzeko; udaletxeko sarreran, berriz, «istorio zibilak» izango direla esan zuen Joxemari Carrerek; eta Santiñe baselizan eta parkean, berriz, umeen ingurunea atonduko dute. «Baina badira, zenbaitetan, ezkutuko kontalaririk», aitortu zuten ipuin kontalariek. Eta agian herriko istorio zaharren bat edo txutxu-mutxuren bat entzuteko parada ere izan dezakegu». Izan ere, lanbidez kontakizunetan aritzen direnez gain, antolatzaileek publikoaren parte-hartzea ere sustatu nahi dute.
Ipuin kontsultategia
Euskal Herriko kontuak, ipuin unibertsalak edo klasikoak, edota herriko antzinako pasarteak izango dira entzungai Aramaion irailaren 22an egun osoz. Udaletxeko aretoan hasiko da egitaraua goizeko 11:00etan, «Aramaio magikoa» izeneko mintzaldiarekin. Eguerdi inguruko orduetan, berriz, Aramaioko kaleetan hainbat ipuin kontaketa izango dira, hala nola, ipuin poteoa, ipuin musikatuak, ipuin kontsultategiak, eta abar. «Azken horiek medikuarenera goazenean bezalakoak dira; hau da, `zer gertazen zaizu?' galdera egingo diguute eta ipuin bat kontatuko digute gaitz moral horiek senda ditzagun», azaldu zuen Carrerek.
Bazkaria izango da arratsaldeko 15:00etan, baina 17:00etatik 20:00etara, ipuinei ekingo diete berriz ere herriko hainbat txokotan. Eguna amaitzeko, gaueko 22:00etan, ipuin-afari herrikoia izango da. Bertan, afalostean, jaian parte hartu duten kontalariek ipuinak kontatzen jardungo dira, baita publikotik animatzen diren guztiak ere.
Ondare kulturala gordetzeko eta Euskal Herriko ipuin kontalarien arteko elkar ezagutza areagotzeko asmoz, aurten bigarrenez antolatu dute Ipuinaren Festa.
Lekua: Ibarra (Aramaio)
Data: Irailak 22, larunbata
Ekintza: Ipuin kontaketa, herriko hainbat txokotan. Egun osoko jaialdiak poteoak, bazkaria eta afaria eskaintzen ditu, beti ere ipuinez zipriztinduta.