GARA > Idatzia > Kultura

Egitarau aberatsa prestatu du Baiona-Hego Akitania antzokiak

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Aurtengo ikasturtearen karietara, egitarau kulturala aurkeztu zuen atzo, Baiona, Angelu eta Bokale elkartzen dituen Baiona-Hego Akitania antzokiak. 16 urte dira hiru herriok elkartu zirela Baionako eskualdean egitarau kultural indartsuak prestatzeko asmoz. Hasierako filosofiari jarraiki, antzerki eta jazz musikan oinarritzen den jarduera anitzeko egitaraua aurkeztu zuten azo. Izan ere, jazz eta antzerki obretaz gain, ikasturte osoan dantza, kantu, musika edo zirko emanaldiak programatu dituzte antzokiko arduradunek.

Proposatutako ekimenen artean, Wajdi Mouawed Libanoko antzerkigileren «oihanak», Pippo Delbonoren «questo buio ferocce» edo Estatu frantseseko komediak jokatutako Molièreren «Le misanthrope» antzerki obrak izango dira, besteren artean. Dantzari dagokionez, Andres Marin eta Mercedes Ruiz flamenko dantzariek emanaldi bana emanen dute. Kantuan, Abd Al Malik gaztearen, edo Xiberoako hainbat kantari eta musikagileren «Xiberua kantuz» emanaldiak dira aipagarrienak.

Hiru herriren elkarlana

Baiona-Hego Akitania antzokiaren egitaraua, Angelu, Bokale eta Baionako hainbat aretotan izango da. Jean Michel Barate, antzokiko lehendakariak, hiu herrien eta antzokiaren arteko elkarlana txalotu zuen atzoko aurkezpenean: «hiru herriak elkarrekin gabiltza lanean. Hala, mota guztietako obrak eman ditzakegu, ezaugarri ezberdinetako aretoetan». Erraterako, Baionako antzokia, ekitaldi nagusiak jasotzeko erabiltzen dute. Musika kontzertuak, berriz, Bokaleko Couturier gelan egingo dituzte. Angeluko Baroja jauregiak, azkenik, artista berriei aukera ematen dio, 80 lekuko areto txiki eta intimista baita. Azken hori, artistekin topaketak, obra batzuetan aipatzen diren gaiei buruzko erakusketak antolatzeko eta, oro har, ohiko emanaldiak sakontzeko erabiliko du antzokiak, hain zuzen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo