Iritsi zaigu atsedena hartzeko unea
Unai ARTETXE
Zirrara eragin dit arraun denboraldiaren amaierak. Emozioz beteriko hiru hilabete luze izan dira, astebururo estropada pare batekin, baina dagoeneko atsedena hartzeko unea heldu zaigu. Kazetarioi, zaleoi eta arraunlariei. Guztioi. Zer uste duzue bada, astero halako zutabe bat idazteak ez duela nekerik eragiten?
Denboraldiari Portugaleten eman zaio amaiera. Eta ez edonola, gainera. Urdaibaik beste ikurrin batekin ospatu zuen San Miguel Liga eskuratu izana. Baina hori gutxienekoa zen, ordurako denok argi baikenuen bermeotarrek titulua lortuko zutela.
Begirada guztiak igoera eta jaitsiera kanporaketa horietan jarri genituen asteburuan. Lau ontzi eta txartel bi. Nik Arkoteren eta Getariaren alde egin nuen nabarmen. Joan den astean hala adierazi nuen zutabe honetatik bertatik. Orain, estropada biak jokatu eta gero, ozen esan dezaket apustuak egin bai, baina asmatu oso gutxitan asmatzen dudala.
Azkenean Arkotek mailari eutsi eta Tiranek igoera lortu du. Plentziakoen emaitzak asko poztu nau. Azken urteetan lan ona egin dute, baina arraunlari dezente joan zaizkie arraunaren profesionalizazioaren erruz. Aurtengoa trantsiziozko urtea zuten eta, larri izan bada ere, TKEn beste urtebetez egotea lortu dute. Ez da gutxi.
Getariari gertatutakoak, berriz, amorrua eragiten dit. KAE Ligan jaun eta jabe izan da Esperantza, TKEra igotzeko txartela eskuratu eta azken unea arte lehian izan da, baina ezin. Ehunenekoek dute getariarrei gertatutakoaren errua. Maila ikusgarria eman dute, eta pozik egoteko aitzakia badute.
Orain hilabete askotxo ditugu atsedenaz gozatzeko. Kazetari eta zaleei buruz ari naiz, noski, arraunlariek laster ekingo baitiote berriz lanari.