GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren aurkako ekintza bat egiteagatik hogei lagun epaituko dituzte

Heldu den ostegunean, 20 lagun epaituko dituzte Gasteizen. Izan ere, iragan azaroan AHT eraikitzeko egiten ari diren obrak oztopatzeko ekintza batean parte hartzea egozten diete. Auzipetuek agerraldia egin zuten atzo Urbinan, eta proiektu erraldoi horri aurre egiteko desobedientzia eta erresistentzia zibila aldarrikatu zuten. Epaiketa salatzeko, elkarretaratzera deitu dute ostegunean Arabako hiriburuko epaitegian. Hitzordua 11.30ean izango da.

p020_f02_148x100.jpg

GARA |

Datorren ostegunean, hilaren 27an, 20 gazte epaituko dituzte Gasteizen, desobedientzia AHTren lanak geldiarazteko egindako ekintza batean parte hartzeagatik.

Auzipetuek berek agerraldia egin zuten atzo Urbinan, hain zuzen azpiegitura erraldoi hori aurrera eramateko lanak gauzatzen ari diren lekuan. Hala, protesta ekintza 2006ko azaroaren 29an egin zutela azaldu zuten, «AHTren inposizioari aurre egiteko ahalmena daukagun kontzientzia suspertzeko».

Egun hartan, hamarka lagun obretara sartu, lurrean eseri eta bertan kateatu zuten elkar. Hala, Estatu espainoleko Sustapen Ministerioak Lukun hasi zituen eraikuntza-lanak egun erdiz gelditu zituzten. Ertzaintzak lagun horietatik 20 identifikatu zituen, eta orain «ordena publikoaren nahasmendua» egozten die fiskalak, salatu zutenez. Hori dela-eta, «desobedientzia eta erresistentzia zibila aldarrikatzeko», eta auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute ostegunean, epaiketaren egunean, Gasteizko epaitegiaren aurrean 11.30ean.

Alde horretatik, Urbinan egindako agerraldian «AHTren inposizioari aurre egiteko erresistentzia eta desobedientziaren zilegitasuna» aldarrikatu, eta proiektutzar horrek «Ama Lurrari konponezinezko kaltea» egingo diola agertu zuten.

Honekin batera, «gobernuen inposatze-egitasmoa» gogor salatu zuten eta desobedientzia eta ekintza zuzena hobetsi zuten «proiektu txikitzaile horren eraikuntza-lanetan diharduten erakunde eta enpresak salatzeko, beste mobilizazio batzuk saiatzeko, eta egungo gizarte eredua errotik zalantzan jarriko duen herri mugimendura jende gero eta gehiago biltzeko».

Botereen erantzuna

«Bistan da, erresistentzia tinkoa denean eta azpiegituren eraikuntza zalantzan jartzen denean, botereak nola erantzuten duen» nabarmendu zuten.

Alde horretatik, Itoitzekiko Solidarioak taldeko kide Julio Villanuevaren kartzelatzea gogoratu zuten. AHTren kontrako ekimenari dagokionez, «AHT EZ Erresistentzia gunea» Urbinan egon zen bi hilabeteetan, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak 141 lagun identifikatu, 25 auzipetu eta 5 atxilotuta eraman zituztela azaldu zuten.

Izan ere, osteguneko epaiketaz gain, beste hainbat auzi daude irekita AHTren kontrako eta nahitaezko desjabetzeen aurkako ekintzengatik.

«AHT gelditu nahi dugu, eta horrekin batera, sistemak ezartzen duen pentsamolde sumisoa eta kontsumista errotik zalantzan jarri» adierazi zuten Urbinako hondeamakinen artean, eta zera nabarmendu zuten: «alde askotatik datoz lurraren aurkako erasoak, eta azpiegituren neurrigabeko hazkunde hori ekonomia kapitalistaren ondorioa da». Horrekin batera, «Estatuaren autoritarismoa» ere jo zuten arduradun.

Horiek hala, deia egin zuten AHTren kontrako borroka «gero eta gehiago zabaltzera».

SABOTAjea TOLOSAN

Komunikatzaile anonimo batek iragan hilabetean Tolosan egindako sabotaje ekintza baten berri eman zuen, AHT eraikitzeko lanetan parte hartzen ari diren Fonorte eta Dragados enpresen aurka.

10 makina

Sabotajea Oria ibaian egiten ari diren obretan izan zen, eta bertan 2 hondeamakina, 3 sorgailu, 2 jumper, 2 zapalgailu eta kamioi bat kaltetu ziren. Egileek iragarri dute: «AHTren obretan jardungo diren enpresa guztiek merezi dutena izango dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo