GARA > Idatzia > Futbola

Euskaldunak atzerrian

Arrieta da Europa ongien ezagutzen duen euskal jokalaria

Gipuzkoako aurrelaria Espainiako, Portugalgo, Greziako eta Israelgo ligetan aritu da, eta gaur egun Ingalaterrako Swindon taldean ari da jokatzen.

p041_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ibon Arrieta izango da, inongo zalantzarik gabe, herrialde gehienetan izan den euskal jokalaria. 30 urte ditu aurrelari errenteriar honek, baina jadanik ezagutu ditu Espainiako, Portugalgo, Greziako, Israelgo eta Ingalaterrako ligak. Gainera, Koreako eta Frantziako taldeetan ere egona da entrenatzen, baina haiekin akordiorik ez zuen lortu, eta ez zuen partida ofizialik jokatu.

Gaur egun Swindon taldean ari da, Ingalaterrako hirugarren mailan, Vaughan Realako fitxatze berria zegoen maila berean, Estatu espainolarekin konparatuta, «Bigarren maila eta Bigarren B mailaren arteko zerbait», esaten du Arrietak

Ingalaterrako pausoa nola eman duen ere esan zion GARAri: «Portugalgo enpresari batek erosi du taldea, eta berak ni ezagutzen ninduenez, hona etortzeko aukera eman zidan eta hemen nago».

Hala ere, Ingalaterra etorri aurreko urratsak ere kontatu zituen. «Euskal Herritik aterata, Mallorcako talde batean aritu nintzen, eta handik Talaverara joan nintzen Bigaren B mailara, eta handik egin nuen jauzi Portugalgo Ligara», adierazi zuen.

Portugalgo urteak ez ziren txarrak izan, Lehen mailan aritu baitzen urterik gehienetan. Gainera, UEFAn ere aritu zen Sporting Bragakoarekin: «Chavesen oso urte onak egin nituen, eta orduan izan nuen Bragara joateko aukera eta UEFA ere jokatu nuen. Gero Estorilen aritu nintzen, betiere Lehen mailan. Urte oso onak izan ziren Portugalgoak», adierazi zuen.

Estorilen zebilela, Koreako ligara joateko aukera ere izan zuen, nahiz eta ez zuen bertan geratzerik lortu: «Asiako Kopa jokatzen ari zen talde baten eskaintza jaso nuen, eta han egon nintzen haiekin entrenatzen, Koreako talderik onenetakoa zen, baina azkenean ez zen kontratua sinatzeko modurik egon, eta Estorilera itzuli nintzen».

Portugal utzi, eta Espainiako Ligara itzuli zen. Recreativo Huelvakoak fitxatuko zuela zirudienean, Ferrolek eraman zuen, baina gauzak ez zitzaizkion ongi atera han, eta Logroñesen amaitu zen. Handik Yanninos, Greziako taldearen eskaintza jaso, eta bertara joan zen: «Bigarren mailara jaitsi berria zen, eta igotzea zuten helburu. Denboraldi-aurre ona egin nuen, baina liga hastear zegoela heldu zen ezustekoa. Zuzendaritzakoek `deskuido' bat izan zuten paperekin, eta Federazioak abendua arte ezin nuela jokatu esan zien».

Orduan, Grezia utzi, eta Israelgo bidea egin zuen: «Ezustea izan zen hura. Etxean nengoen, eta inori esan gabe joan nintzen bertara, eta Maccabi Herzeliyarekin sinatu nuen, Lehen mailan aritzeko, eta gauzak ongi joan ziren abendua arte, taldeko golegile nagusia bainintzen». Taldea, ordea, ez zihoan ongi, eta entrenatzailea bidali zuten. Berria fitxatu ostean, hark berak ekarriko zituela jokalari berriak, eta aurrekoak ekarritakoak bidaltzera behartu zuzendaritza, eta Arrieta taldetik kanpo geratu zen.

Greziako eta Txipreko lehen mailetako taldeen eskaintzak jaso bazituen ere, Melillara joateko erabakia hartu zuen, arrazoi pertsonalak medio, eta aurten Ingalaterrara egin du jauzia

Beste mundu bat

«Hau beste mundu bat da. Klubean egiten ditugu otorduak, entrenatzeko ere, belarrezko sei zelai ditugu. Etxeko partidetan 10.000 zale inguru ditugu. Kanpora ere sekulako jarraitzaile pila joaten zaizkigu», agertu zuen.

«Kalean ere sekulako giroa dago, bi hilabete besterik ez daramatzat hemen, eta zaleak nire izena daramaten elastikoekin ikusten ditut kalean. Hau beste mundu bat da. Begira, Gabonetan, ligako bost partida ditugu, eta horietako bi Eguberri egunean, eta Urteberri egunean. Egun horietan familia futbolera joateko tradizioa dago«, esan zuen.

Hori bai, Arrietak gauza asko egin ditu futbolean, baina badu oraindik ilusioren bat: «Euskal selekzioan aritzea. Ez nirea bakarrik, kanpoan gauden askoren ilusioa da».

Portugal

Ibon Arrietak urterik gehien Portugalgo ligan eman ditu, Chavesen, Sporting Bragakoan, eta Estorilen. Talde horietan gol asko egiteaz gain, UEFAn ere jokatzeko parada izan zuen.

Oraina

Ingalaterrara bi urtetarako joan da, eta oso gustura dago bertan. Oraingoz kontratua betetzeko asmoa dauka, eta orain arte ikusi ez duen mundu bat ezagutzen ari omen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo