GARA > Idatzia > Kirolak

«Horrelako geldialdi baten ondoren, gehiago baloratzen da irabaztea»

p043_f01.jpg

Ainhoa MURUA

Triatloilaria

Ainhoa Murua triatloilari zarauztarrak sorpresa galanta eman zuen joan den igandean, azken bi urteetan bigarren izan ondoren Espainiako Txapelketa eskuratu baitzuen Ubedan, Virginia Berasategi bizkaitarraren aurretik. Erraz nagusitu zen gainera gipuzkoarra, hiru minututik gora atera baitzizkien hurrengo sailkatuei. Sorpresa galanta eman zuen, bai, baita berak hartu ere.

Arnaitz GORRITI |

Aurreko bi urteetan bigarren amaitu zuen Espainiako txapelketan. Aurten, gainera, mononukleosi batek hiru hilabetez geldirik izan du Ainhoa Murua. Alabaina, Ubedan zailtasun guztiak gainditu zarauztarrak eta garaipen bikaina erdietsi zuen.

«Bazen garaia» esango zenuen igandean irabazle izanda, ezta?

Tira, azken bi urteetan bigarren geratu naiz eta aurten, berriz, gutxien espero nuenean, irabaztea lortu dut. Orain oso gustura nago, noski.

Aurreko urteetan baino makalago al zeunden, bada, igandean?

Bada bai. Denboraldi hasieran, mononukleosi horrekin ibili nintzen eta hiru hilabetean ia geldirik egon nintzen. Ia ez dut lehiaketetan parterik hartu eta esan liteke orain hasi dudala berriro denboraldia.

Horregatik, oraindik niretzat goizegi zela pentsatzen nuen, ez nengoela hain ondo, baina tira, badirudi azkenean geldialdi hori indartsu egoteko ongi etorri zaidala azken batean.

Nolakoa izan zen lasterketa?

Igeriketarekin hasi zen. Oso ongi egin nuen igerian eta lau atera ginen aurrean bizikletan, eta gero bakarrik geratu nintzen.

Bizikletako ibilbidea oso gogorra zen, Virginia Berasategirentzat oso aproposa, eta berak eta Pilar Hidalgok harrapatu baninduten ere, Virginia eta biok alde egitea lortu genuen, bera oso indartsu zihoalako. Han eutsi egin nion eta abantaila atera genien atzekoei.

Bestetik, azkenengo aldapan, boxetara sartzera gindoazela, bihurgune oso txar bat zegoen eta plater handitik txikira pasatzerakoan, katea atera zitzaion Virginiari eta boxetara 30 segundoko aldeaz-edo iritsi nintzen eta korrika abantaila hura handitzea lortu nuen.

Iaz, berriz, bi minutu aurretik hasi zinen lasterka eta hiru kilometroren buruan Ana Burgosek harrapatu egin zintuen.

Bai. Kontua da iazko txapelketan arriskatu egin nuela. Igeriketatik nahiko ongi atera nintzen. Bizikletarekin bakarrik jo nuen aurrera eta berrogei kilometroko erlojupeko baten antzekoa egin nuen. Atzetik, aldiz, seiko edo zazpiko taldea zetorren nire atzetik eta txirrinduaz dena eman nuen.

Gero, bero handia ere egiten zuen eta deshidratazio puntu batekin iritsi nintzen eta, noski, horrek ordaina ekarri zuen. Ana Burgosek, gainera, korrika asko eginez eta harrapatu eta pasatu egin ninduen.

Aurten, berriz, bizikletan nire burua derrigortu nuen eta, beraz, asko jan eta edan nuen; gel eta barritak eta antzekoak batez ere, eta korrika askoz indar handiagoarekin iritsi nintzen.

Virginia Berasategiri hiru minutu atera zenizkion. Gozatzeko astia ere izango zenuen?

Hasieran oso gogor hasi nintzen korrika. Behin ikusita Virginiari gero eta distantzia handiagoa ateratzen niola, bukaera aldera gozatzerik izan nuen, bai.

Izan liteke gaixotasuna eta gero igandeko probara lasaiago iritsi zinela?

Hala da, bai. Oraintxe ari naiz sasoia hartzen eta, bai, presio handirik gabe iritsi nintzen. Zirkuitua oso gogorra zen eta pentsatzen nuen forman heldu beharra zegoela irabazteko. Baina niri konpetizioak dakarren puntu hori falta zitzaidala pentsatzen nuen. Zorionez, igandean Ubedan izan nituen sentsazioak oso onak izan ziren eta oso gustura amaitu nuen.

Igandeko garaipena izan al da orain arte lortu duzun garaipen handiena?

Orain arteko garaipen handienetakoa da, bai. Lasterketa hori irabazteak poz handia ekarri du, batez ere, izan ditudan hiru hilabete horien ondoren.

Sekula ez zitzaidan halakorik pasatu eta memento oso txarrak izan dira. Geldirik egon beharra besteak lehiatzen ari ziren bitartean... Buruak nahi du baina gorputzak ezin du. Halako bat eta gero, eta sekula irabazi gabeko txapelketa lortuta, poza ere handiagoa da.

Zein dira hurrengo zure helburuak?

Denbora luzez geldirik egon naizenez, dezente luzatuko zait gero. Hiru Munduko Kopa geratzen dira eta han izango naiz.

Hemendik bi aste barru Greziara noa; azaroan Cancunen egongo da beste bat eta abenduaren lehenengoan Israelen izango da azkena.

Nire itxaropena sasoian goraka joatea da eta lehenengo hamarretan sartzea probetakoren batean oso ongi legoke, lehenago ere lortu baitut. Hala ere, urte olinpikoa gainean dago eta oso zaila izango da.

Igandeko garaipenak Olinpiar Jokoetarako lekua ziurtatu al dizu?

Ez. Hor daude, hala ere. Hurrengo urtea zaila izango da, bai fisikoki baita bestela ere, borroka egongo baita lekua lortzeko.

Olinpiar Jokoak urruti ala hurbil ikusten dituzu?

Hurbil daude! Hiru proba geratzen dira aurten eta datorren martxotik aurrera, proba guztiak elkarren gainean egongo dira. Dena den, urruti daude ere, iritsi arte luze egingo da, borroka handia izango delako.

Geldialdiak luzera begira mesederik egin dezake?

Geldi zaudenean memento txarrak pasatzen dira. Entrenatzea eta lehiatzea nahi zenuke eta ezin duzu; eta horrek amorrua eragiten dizu, baina pazientzia izaten ikasten duzu. Horrek gerora on egin diezazuke, baita emaitza onak gero gehiago baloratzen dituzulako ere.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo