Ezker abertzaleak elkarretaratzea egingo du parlamentu aurrean, ostiralean, 12.00etan
Gari MUJIKA
Ostiralean, Gasteizko Legebiltzarrak Politika Orokorreko Plenoa jasoko duen egunarekin bat eginez, ezker abertzaleak Euskal Herriarentzako esparru demokratiko baten alde elkarretaratzea egingo du 12.00etan, Legebiltzarraren aurrean. Batasuneko mahaikide Joseba Alvarezek eta Jean-Claude Agerrek atzo Donostian aditzera eman zutenez, bertan izango den eztabaida politikoan zuzenean parte hartzea ezinezkoa dutenez, halako eztabaida «garrantzitsuan» iritzia emanez parte hartu nahi dute; hala, elkarretaratzera deitu dute legebiltzarraren aurrean, eguerdiko 12.00etan, «Marko demokratikoa Euskal Herriarentzat. Iruzurrik ez!», lemarekin.
Donostiako mahaikideak nabarmendu zuenez, eztabaida «oso garrantzitsua» izango da Gasteizko parlamentuak ostiralean izango duena, testuinguru politikoa «oso zehatz batean» egingo dutelako eta datozen urteetarako Gasteizek zer-nolako norabide politikoa izango duen argitzeko baliatuko dutelako. Hala, nahiz eta «kanpoan egin beharko», ezker abertzaleak bere iritzia emango duela esan zuen Alvarezek, eta zio hori dela medio deitu dute mobilizaziora.
Ezker abertzaleak esparru demokratiko baten aldeko aldarrikapena bertaratuko badu ere Gasteizera, era berean, salaketa argia plazaratuko du: EAJk eta PSOEk, gatazka gainditzeko akordio politikoari «ezetz» esan ostean, gatazka konpondu ez eta Euskal Herriari bi alderdiok «beste iruzur bat egingo duten zalantza».
Alvarezek nabarmendu zuenez, Politika Orokorreko Batzarra testuinguru politiko «oso zehatz» batean egingo baita: ETAk su-etena hautsi ondotik, negoziazio prozesua bertan behera dagoenean eta gizarteak «eta orain zer?» galdetzen duen unean. «Guk zalantzarik ez dugu bestelako eztabaida bat izango zela orain hilabeteak akordio politikoa lortu izan balitz, baina zoritxarrez ez dago akordiorik, hain zuzen ere PSEk eta EAJk ezetz esan dutelako», azaldu zuen Joseba Alvarez mahaikideak.
Alde horretatik, ostiralean ere alderdiok gizarteari zera azaldu beharko diote: «Zergatik esan zioten ezetz gatazka politikoa gainditzeko konpromisoa osoa zuen proposamenari».
Hala, Alvarezek ezker abertzaleak duen kezka ere azaldu zuen: «Zalantza dugu ez ote den eztabaida beste iruzur bat egiteko erabiliko». Eta zehazki, EAJrengan eta PSErengan jarri zuen asmo hori. Alvarezen aburuz, bi alderdiok aditzera eman ditzaketen planteamenduen azken helburua beren arteko akordioa erdiesteko baliatu baitezakete eta «beste iruzur bat besterik izango ez litzatekeen errepide mapa konpartitua».
«Konponbidea posible da»
Batasuneko mahaikidearen ustez, EAJren eta PSEren planteamenduek ez dute egungo marko juridikoa gainditzeko asmorik azalduko, baizik eta, «agian, horien erreforma bat egitea besterik, mundu guztia jakitun denean Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Hobekuntzak gatazkaren muina konpontzeko ez dutela balio izan. Bizi dugun egoera politikoa horren froga da».
Asmo horiei kontrajarriz, euskal herritarren hitzaren eta erabakiaren eskubidea, hots, autodeterminazio eskubidea, eztabaida politikoa mahai gainean dagoela gogoratu zuen Alvarezek eta hori gizartearen gehiengoak sostengatzen duen aldarrikapena dela gaineratu.
Hala, gatazkaren konponbidea posiblea dela nabarmendu zuen jarraian, eta hori orain hilabeteak izandako negoziazio politikoan alderdiek ontzat eman zuten hiru elementuren jiran dagoela nabarmendu zuen Donostiako politikariak: Euskal Herriaren nazio gisako aitortza, euskal herritarren hitza eta erabakia, eta Hego Euskal Herriko herrialdeentzako esparrua.
«Errepide mapa baten beharra dago, guztion artean adostu beharrekoa eta guztiontzat baliagarria izango dena», jarraitu zuen Batasuneko mahaikideak. Hala, ostiralean, gatazkaren konponbiderako eta Euskal Herriaren etorkizunerako «beste bide bat dagoela» esatera joango da ezker abertzalea Gasteizko legebiltzarraren atarira. Euskal Herrian dagoen gatazka politikoa gainditzeko, autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna saihestezinak diren mugarriak dira ezker abertzalearen ustez, gatazkaren iturburu nagusi izaki. Aldarrikapen horrekin batera, ostiralean, Euskal Herriari «iruzur» berriak ezartzeko asmoa dutenei ere salaketa argia plazaratuko die ezker abertzaleak.