Bi gazte jipoitzea egotzita, zortzi guardia zibil epaituko dituzte Donostiako Auzitegian
Zortzi guardia zibil identifikatu zituen Ertzaintzak joan den urtarrilaren 27an Donostiako bi gazte jipoitu zituzten unean. Donostiarrek salaketa ezarri zuten eta gaur epaituko dituzte zortzi guardia zibilak.
GARA |
Joan den urtarrilaren 27ko goizaldean Donostiako bi gazte Gros auzoan jipoitu izana leporatuta, hainbat guardia zibilen aurkako epaiketa izango da gaur goizean Donostiako Auzitegian. Hiriburuko Askatasunak atzo aditzera eman zuenez, jipoitu zituzten gazteek urtarrilean ezarritako salaketa judizialaren ondotik iritsi da epaiketa eguna. Hala ere, jipoia jaso zuten bi gazteetako batek GARAri azaldutakoaren arabera, hiru guardia zibilek bere aurkako deklarazioa egin zuten erasoa jazo eta bi egunera; gaur, 11.30ean hasiko da zortzi guardia zibilen aurkako epaiketa.
Egia auzoan dagoen auzitegian izango da zortzi guardia zibilen aurkako epaiketa. Errepresioaren aurkako taldeak ohar bidez aditzera emandakoaren arabera, joan den urtarrilaren 27an Gros auzoko Zurriola Maritima tabernatik goizaldean irten ostean jipoitu zituzten guardia zibilok Loiola auzoko bi gazte; Ertzaintzak erasotzaileak bertan identifikatu zituelako jakin da erasotzaileen benetako nortasuna.
Askatasunak salatutakoaren arabera, «25-30 urteko zortzi lagun inguratu zitzaizkien, eta ukabilka eta ostikoka hasi ziren. Erasotutako batek ukalondoan min izugarria, belauna handituta, bizkarrean mina eta ubeldura ugari izan zituela salatu zuen. Ertzaintzak erasotzaileak identifikatu zituen eta guardia zibilak zirela ziurtatu zuen».
Hala, nahiz eta atxilotu ez, loiolatar gazteek euren aurka ezarritako helegitea dela medio iritsi da epaiketa. Baina gertaera eman eta bi egunera, helegitea ezarri zuen neska gaztearen aurkako testigantza eman zuten horietako hiru guardia zibilek.
Guardia Zibilaren helegitea
Loiolako gazteak GARAri esandakoaren arabera, «komertzio bat kolpatzen ari nintzela diote guardia zibilek, eta Intxaurrondoko kuartel bidean zihoazenez interbenitu zutela. Gainera, burdinazko barra batekin eraso niela esaten dute nere aurka egin duten hiru guardia zibilek; eta haiek izan ziren atzetik etorri eta kolpatu gintuztenak hain zuzen». Beraz, gaur, gazteen, Ertzaintzaren eta guardia zibilen adierazpenak entzungo dira.
Halere, salaturiko erasoa ez da izan, jazotako bakarra. Urtarrileko erasoaldia baino aste batzuk lehenago, Egia auzoko lau gazte jipoitu zituzten. Egiatarrak ere, Loiolako gazteak bezala, aipatutako taberna beretik irten berritan kolpatu zituzten, gauez.
Donostiako Askatasunak «bere salaketarik gogorrena» plazaratu du gertakari horren inguruan eta, era berean, gogora ekarri du azken asteetan ezker abertzaleko militanteen aurkako makina bat eraso jazo dela Gipuzkoako hiriburuan.