Festa eta aldarrikapena uztartuta, Tolosaldeko Naziotasun Eguna egin dute Villabonan
GARA |
Bai Euskal Herriari ekimenak antolaturik, Tolosaldeko Naziotasun Eguna egin zuten larunbatean Villabonan. Prentsa ohar batean adierazi dutenez, giro ezin hobea izan zen egitaraua betetzeko zailtasunak izan zituzten arren. Eguraldi kaxkarrak errebote partida bertan behera uztera behartu zuen, baina 300 bat lagunek parte hartu zuten eguerdian egindako ekitaldian eta bazkarian.
Udalbiltzako eta Bai Euskal Herriari ekimeneko kide banak hartu zuten hitza ekitaldian eta «Euskal Herriarentzat eta euskal herritarron hitza eta erabakiarentzat errespetua» eskatu zuten.
Azken hilabeteetan Euskal Herriaren nazio identitateari behin eta berriro «eraso» egiten ari diren honetan, «erantzutea inoiz baino garrantzitsuagoa» dela esan zuten.
«Gure identitatea odolusteko saiakeran ari direnen aurrean, gure nazio izatea eta eskubideak aldarrikatuko ditugu eta euskal naziotasunaren baitan indarrak bilduaz erantzungo diegu erasoei», azaldu zuten.
Lizartzarrei babesa
Euskal Herriaren aurka azkenaldian gertatzen ari diren eraso guztiak salatu ondoren, «Lizartzako udaleko afera» nabarmendu nahi izan zuten beste guztien gainetik eta lizartzarrei «babes osoa» eskaini zieten.
Bukatzeko, Villabona- ko Udalari eskertu zioten «emandako babes eta laguntza guztiarengatik» baita ere Villabonako biztanle eta komertzioei «izandako prestutasun eta laguntzarengatik ere».