Intxaurrondoko gaztetxea husteko mehatxua dela-eta, defendatzera deitu dute
Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko kideek Iberdrolako langileak eta udaltzainak eraikinean sartzea eragotzi zuten atzo. Igandean Gaztetxearen atean agertutako ohar baten bidez izan zuten hustearen berri.
GARA |
Intxaurrondoko gaztetxea defendatzeko gaua bertan pasa zuten gazteek udaltzainak eta Iberdrolako langileak eraikinean sartzea eragotzi zuten. Igande goizean Donostiako auzo horretako Letaman gaztetxearen atarian garbiketa-enpresa baten izenean ohar bat aurkitu zuten joan den igandean, eta haren bidez jakin ahal izan zuten «husteko garbiketa lanak» atzo hastekoak zirela. Nabarmendu zutenez, inork ez ditu gazteak egitasmo horren inguruan ohartarazi. Hori dela-eta, gaur Udalarekin biltzekoak dira Intxaurrondoko Gazte Asanbladako kideak.
Atzo gazteek sarrera oztopatu zieten langileei bai eta udaltzainei ere, eta jakinarazi zutenez, «istilu handiegirik sortu gabe alde egin zuten». Hala ere, «desalojo eta eraispen mehatxua indartsua» dela ohartarazi zuten eta, beraz, «Letaman gaztetxearen desalojoa inoiz baino gertuago izan daiteke kontra egiten ez bazaio», gaineratu zuten. Hori dela-eta, «Gaztetxearen defentsan kalera ateratzera dei» egin zuten gazte asanbladako kideek.
Jazarpenak eta erasoak aurten
Joan den otsailean Letaman gaztetxeko kideak Intxaurrondoko hainbat bizilagunekin batera kalera atera ziren «gaztetxeak azken hilabeteetan izandako jazarpena salatzeko». Orduan bete berriak zituen 10 urte Donostiako auzo horretako Letaman gaztetxeak.
Orduan salatu zuten ekintzarik «larriena» Alberto Gonzalez gaztearen atxiloketa izan zen. Gonzalezek orduan kontatu zuenez, bera bakarrik zegoen gaztetxean, eta kartel bat prestatzen ari omen zen ertzainak agertu ziren unean. Ikusi zuten arren, arazorik ez zegoela jakinarazi omen zioten. Hala ere, eranskailu erakusketa bat zegoela ohartu zirenean, «gustuko ez zituztenak ikusi eta urduritzen hasi zirela», azaldu zuen Gonzalezek. Gaztetxea miatu ondoren, erakusketa eraman zuten. Une hartan, eta ageriko arrazoirik gabe, atxilotuta eraman zuten gaztea. Handik ordu batzuetara aske geratu bazen ere, «terrorismoa goraipatzea» leporatuta, bere kasua Auzitegi Nazionalean dago.
Gazte Asanbladatik «autogestionatutako lokalaren kontrako jazarpen poliziala» eta Gonzalezen atxiloketa salatu zituzten Letaman gaztetxeko kideek, eta argitu zutenez: «Ez dugu etsiko eta eraso guztien gainetik gurea eta librea den egitasmoa garatzen segituko dugu».