ZINEMALDIA
Nola bizi daiteke oinazearen oroimena duen pertsona batekin?
Nola bizi oinazearen oroimena duen pertsona batekin? Santutu egiten al dira anitz sufritu dutenak? Galdera horietatik abiatuta osatu du Paolo Barzmanek bere bigarren film luzea, Urrezko Maskorra ez ezik, Zuzendari Berrien Saria ere irabaz dezakeen lana. «Ez dago erantzun argirik».
Maider IANTZI | DONOSTIA
«Sufrimendurik gabeko gizona naiz, emaztearen mina nirea baino handiagoa da beti», kexatzen da David, Melanieren senarra, pelikulako pasarte batean. «Gerrako izugarrikerien zeharkako biktima zara», erantzuten dio Jakobek. 1945ean, oraindik haurra zenean, Parisko kanpoaldeko Drancy kontzentrazio eremuan egon zen Melanie preso. Bizirik irautea eta familia osatzea lortu bazuen ere, berrogei urte geroago jira eta bira ditu buruan iraganeko mamuak. Erotzeraino torturatzen dute.
Bi lagun handi egin zituen Drancyn: Jakob aita bezala izan zen beretzat eta Christopher mutiko irlandarrarekin ere maitasun harreman berezia izan zuen. Orain, hirurak elkartu dira Kanadako bere etxaldean. Hala, emozioek eztanda egin dute eta euren bizitzez gain ingurukoenak ere aldatu ziren.
Horixe da Emotional Arithmetic filmaren argumentua, eta Matt Cohenen liburu bat dauka oinarri. Estatu frantseseko kontzentrazio esparruan egon zen jendearen adierazpenak eta senitartekoen gutunak biltzen ditu lan horrek. «Kanadan bizi naiz, baina frantsesa ere banaiz -kontatu zuen atzo Paolo Barzman zuzendariak, telebistarako makina bat lanen egileak-. Chiracek aitortu zuen Estatu frantsesak gerran izan zuen eginkizuna, baina aurretik ez zuen beste inork egin. Nire ustez, eseri eta gai horiei aurre egin behar zaie. Drancy oraindik hor dago eta harrigarria da jendea bertan bizitzea. Batzuek ez dakite zer izan zen. Iraganbidea izan zen, juduak, juduak ez zirenak eta preso politiko bezala atzemandakoak beste kontzentrazio esparru batzuetara bidaltzen zituzten handik».
Robin Cass, Suzanne Girard eta Anna Stratton ekoizleekin batera eman zuen Barzmanek prentsaurrekoa. Christopher Plummer aktorea ez da hegazkinean ibiltzen eta Susan Sarandon «Middle of Nowhere» grabatzen ari da. Max von Sydow Jakobi bizia ematen diona eta iaz Donostia Saria eskuratu zuena ere ez zen etorri zinearen bestara. «Oso erraza izan da haiekin lan egitea, arduratsuak, sortzaileak eta hurbilekoak direlako. Horregatik dira handiak. Asko hitz egin dugu filmatu aurretik», adierazi zuen zuzendariak pozik.
Quebecen ekialdeko pasaia ederra beste pertsonaia bat da filmaren barrenean. Urrian aritu ziren bertan grabatzen eta hamasei egunetan ez zen euria gelditu. «Natura ahaztua mirari bihurtu zen» zuzendariaren hitzetan.
Oroitu edo ahantzi egin behar dira une latzak? Pintura eta arte grafikoa ikasi zituen Paolo Barzmanen arabera, ez dago ahaztura garbirik. Horretarako gure garunaren zati bat kendu beharko ligukete. «Nahiz eta esan zerbait ahaztu nahi duzula, badakizu zer ahazten ari zaren eta orduan gogoratu egiten duzu», argitu zuen. Jakobek koaderno bat eman zion Melanie haurrari kontzentrazio esparruan zeudela: «Idatzi datu guztiak, oroitu, lekukoak gara», erranez, baina «bizi» erran beharko lioke agian.
M. I.