GARA > Idatzia > Ikusmira

Etorkinen kontrako iruzurrak legean dute jatorria

Ehunetik gora etorkini ustez iruzurra egin zien Bilboko abokatuaren kontrako epaiketa atzo hasi zen. Ez da kasu bakan bat, etorkin ugari lan eta bizi baldintza negargarrietan baitaude bere egoera salatu ahal izan gabe. Eta egoera horretaz baliatuta edozein motatako etekina ateratzen saiatzea zinez salatzeko eta zigortzeko modukoa da. Bere lurretik urrun, behar gorrian -horregatik ateratzen baita sorterritik- dagoenari bere egoera legeztatzea aginduta 600 euro kentzea, edo «legez kanpo» egoteaz gupida gabe `esplotatzeko' baliatzea jarrera eskasak dira inondik ere, eta gizartearen arbuioa merezi dute. Hala ere, ez dirudi halako kasuek hedabide gehienen kezka pizten dutenik, horiek ez bide dira gizarte alarma esaten dioten hori pizteko nahiko motibo. Baina gobernuentzat ere ez dira alarma kausa, ezta hurrik eman ere. Azken batez, bigarren mailako lagunak dira, batez ere paperik gabe daudenak. Eta hori da, hain zuzen, gizalege gabeek beren iruzurrak egiteko baliatzen duten egoera, eta baliatzen segituko dute etorkinen kontrako lege murriztaileek indarrean dauden bitartean, lege horien ondorioz etorkinak babesgabetasun osoan bizi behar baitute. Izan ere, lege horiek egoera paradoxiko bezain gordina eragiten dute, etorkina deliturik egin gabe legez kanpo jartzen baitute eta, aldi berean, eskrupulurik gabekoei etorkinaren kontrako delitua egitea erraztu egiten baitiete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo