GARA > Idatzia > Ikusmira

Kosovon bertako herritarrek erabaki behar dute

Pristinan izanako atentatuak, haren egiletza jakin gabe, beharbada ez du zerikusirik Kosovoren estatusaren etorkizunarekin, baina parteek horretaz hitz egiten jarraitzeko New Yorken izango den bileraren bezperan gertatu izana hipotesi askori zalbaldu die atea. Auzi horrekin zerikusia duen atentatua izanez gero, ikusteko legoke noren alde eragingo lukeen. Nolanahi ere, eta atentatuaren egileak eta helburua argitu bitartean, ezin da ahaztu Kosovoren eta Serbiaren arteko gatazka zer testuingurutan gertatzen den. Serbiak ez du inola ere herrialde haren independentzia onartu nahi, «independentzia» bitxia eskaini badio ere... Serbiaren barruan, eta Errusiaren sostengua du, NBEren Segurtasun Kontseiluan betoa jartzeko ahalmena duen herrialde baten sostengua, alegia. Bestetik, Europar Batasunak «zaintzapeko independentzia» proposatu zuen, eta AEBetako presidente Bush independentziaren alde agertu zen. Nazioarteko komunitateak, inguru horretan bere interes ekonomiko eta geoestrategikoak jokatu beharrean, Kosovoko herritarren nahia demokratikoki gailentzea bermatu beharko luke. Baina, ikusitakoak ikusita, ez dirudi auziak zuzen ukitzen dituenen iritzia axola handirik dienik; hartara, gatazka konpontzeko garrantzirik gehien duen elementua bigarren mailako kontua da nazioarteko komunitatearentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo