alpinismoA Karakorum
Shingu Charpa errusiarren agerraldi berezia
Klenov-ek, Davy-k eta Shabunin-ek igo gabe zegoen eki aurpegiko zailtasun handiko bidea (ABO, 1600 m, 7a, A3, M5) zabaldu dute. Hogeita bat eguneko lana izan da eta oso baldintza txarrak jasan dituzte mendizale errusiarrek.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Karakorum mendilerroak talde errusiar ugariren bisita jaso du amaitu berri den udan. Pasa den astean aipatu genuen legez, batzuek zortzimilakoak aukeratu dituzte, baina izan dira beste era bateko alpinismoaren alde egin dutenak ere. Horietako hiru Alexander Klenov, Mikhail Davy eta Alexander Shabunin ditugu. Hiruek ala hiruek Shingu Charpa-ren (5.600 m, Nangma Valley, Pakistan) aldeko apustua egin zuten, eta, inolako zalantzarik gabe, helburuan jo dute. Ipar ertz estetikoa alde batera utzi (bi igoera izan ditu, baina gailurrik gabe), eta hirukoteak ukitu gabe zegoen eki aurpegian jarduteko asmoa azaldu zuen.
Espedizioaren oinarri nagusi gisa honakoak aurreikusi zituzten: ahal zen guztia era askean eskalatzea, soka finkorik jarri gabe, eta paretan zehar kanpaleku mugikorrak ezartzea. Asmo horiekin ekin zioten paretari eta, aldaketa batzuk izan dituen arren, oro har, pozik dira lortutako emaitzarekin. Izan ere, igo gabe zegoen eki aurpegiko lehenengo bidea zabaldu dute 21 eguneko jardunean; kanpaleku nagusira jaisteko beste hiru egun behar izan zituzten. Irakurketa teknikoari dagokionez, zailtasuna ez da ez txantxetakoak izan: ABO, 1.600 m, 7a (6c halabeharrez), A3 eta M5.
Eta emaitza hori guztia biribiltzeko, errusiarrek beste marka garrantzitsu bat erdietsi dute. Bai, Shingu Charpak saio askotxo izan ditu, ia gehienak ipar ertzetik (sei hain zuzen ere), baina inor ez da gai izan gailurra jotzeko. Mendiaren igoera bakarra duela zazpi urtekoa da. Koreako espedizio batek, ipar ertzeko asmoa alboratuta, mendebaldeko aurpegitik eskalatu eta mendiaren lehenengo igoera lortu zuen. Horrela bada, Shingu Charpak jaso duen bigarren igoera izan da errusiarrarena.
Talde txikia baina indartsua dugu goi mailako jarduera hori egin duena. Irakurle askori ziur asko Davy eta Klenoven izenak ezagunak (mendebaldekoentzat Shabunin ez da hain ospetsua) egingo zaizkio. Bada, biek ala biek zerrenda osoa poltsikoratuta dute: Thalay Sagar mendiaren ipar isurialdean bide berria zabaldu zuten 1999an; urtebete geroago, berriz, Spantik mendiaren ipar-mendebaldeko pilarean («Urrezko Pilare» delakoan) marra berri bat sortu zuten...
Baldintza oso kaskarrak
Hasiera-hasieratik, mendizale errusiarrek jakin bazekiten zailtasun teknikoez gainera beste buruhauste batzuk izango zituztela; besteak beste, mendiaren zein eguraldiaren baldintza oso kaskarrak izango zirela. Hori esaten zuten, bederen, aurreko urteetako saialdietan parte hartu zutenek. Eta hirukotea ere, jakina, errealitate horren jabe izan da: «Ia ezinezkoa izan da pareta erraldoi horretan lasai jardutea. Isiltasunak ez zuen lekurik, goialdetik ia uneoro arrokak erortzen baitziren. Eta horren jabe lehenbiziko gauean izan ginen. Hamaka barruan ginela, bazirudien jenio biziko pareta baten kontra borrokatzen ari ginela. Mila tonako (eta ez dugu handizkatzen) arroka multzo bat ia-ia gure gainean erori zen. Gauez arroken bisita (Petit Drun izandako lubizien antzekoak) eta egunez izotz paretenak; komeria handiak pasa genituen! Egoera larri horiek direla eta, kontu handiz ibili behar izan genuen hamaka leku egoki batean jartzeko. Luze bat egin, hamaka lekuz aldatu, berriro eskalatzen jarraitu... Horixe izan zen gure patua».
Ipar ertzarekin alderatuta, mendizale hauek ziurtatu dute arrokaren kalitatea ez zela batere ona. Zati askotan granito oso higatuarekin egin zuten topo, eta horren arrazoia, errusiarren aburuz, tenperatura aldaketa itzelek eragin dute. Horrez gainera, askatzen ziren lauzak, zarakarrez betetako sekzioak, belarrez betetako artesiak (eta hezeak)... Horren ondorioz, aurrez ikusitako «era askean bakarrik» lemak ez zuen aurrera egiteko aukerarik izan. Haatik, librean asko eta gogor eskalatu zuten; 7a zailtasuneko luzeak izan zituzten. Artifiziala ere ez zuten samurra izan; guztiz kontrakoa esango genuke, A3 graduko zatiak gainditu behar izan baitzituzten.
Eta eguraldiariaz, zer esan? Klenovek baieztatu duen bezala, oso txarra izan dute: «Ekaitzak harrapatzen gintuenean, hotz ikaragarria sufritu genuen. Bazirudien neguan geundela, zero azpitik 30 graduko tenperaturak izan baikenituen. Katu-oinekin zein bota arinekin eskalatu dugunez, uneoro gure behatzak begiratzen ibili behar izan dugu».
Tontorra egitearen kontua dela eta, Errusiako alpinista hauek adierazi dute konprenitzen dutela iaz Ukrainia zein Ameriketako Estatu Batuetako eskalatzaileek (ipar ertzetik eskalatu zuten, baina gailurrera iritsi gabe) tontorrera ez joateko hartutako erabakia: «Arrokako eskalada amaitu eta oraindik tarte majo bat geratzen da puntu gorenera heltzeko. Hotza egiten du, misto zein izotzeko tarteak igo behar dira, buruak buelta ematea eskatzen dizu, leher eginda zaude... Amaiera zen, muga...».